Ainara LeGardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak musikarien emanaldia izango da gaur Donostian

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Donostia Kulturak Gure ahotsak emanaldia antolatu du laugarren urtez, emakumezko musikari gazteen lana nabarmentzeko asmoz. Ainara LeGardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak ariko dira aurtengo edizioan.
Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) musikaria eta artista autogestionatua da, eta 25 urte baino gehiago daramatza lanean. Lan emankorra egin du rockaren, inprobisazioaren eta musika esperimentalaren arloetan, bai bakarka eta bai taldean. Ikertzaile eta dibulgatzaile lanetan ere aritu izan da Kultura Kudeaketaren eta Jabetza Intelektualaren arloan. Gaur egun, zenbait konpainiarekin batera ari da lanean, zuzenean interpretatuz pieza eszenikoen soinu-banda. Res-cue. The archive in the mouth-en aurkezpenen ondotik, Ainara LeGardonek zuzenean emango du gogoeta eta berrinterpretatze lan haren bilakaera naturala.
Prestakuntza autodidakta izan du Bartzelonan bizi den Miren donostiarrak. Kanta-sorta bat besterik ez badu ere, dagoeneko milioi eta erdi erreprodukziotik gora bildu ditu Spotify-n. Mirenen musika hip-hop melodien unibertso bat da, lo-fi eraginpeko erritmo leunak dituena. Lehenengo diskoa izango den aurrerapen kantuan kaleratzen ditu tarteka, eta orain arte hauek aurkeztu ditu: Aparte, En su momento, Cosas de mí en tu corazón, Lejos de aquí eta Arriba ya no vuelo.
Ana Arsuagak Verde Prato du musikari izena, eta euskal ahozko-tradizioa berreskuratzen du bere kantetan, iragana etorkizunera eramanez. Herri-kantak eta kanta liturgikoak, ahotsa eta elektronika lagun, Mazzy Star-en edo Nicoren eta Mikel Laboaren arteko nahasketak egiten ditu. 2021ean kaleratu zuen lehen diskoa, Kondaira eder hura, Jon Agirrezabalagak (We Are Standard) grabatu eta ekoitzia eta Plan B rec-ek editatua. Disko horretan, herritik hirira doan mutil batez hitz egiten du. Herri-hizkeraren moldeetan, maitasunaz, familiaz eta adiskidantzaz dihardu, eta baita beldurrez, absentziez eta desiraz ere. Bertako abestien artean dira honako hauek: Mutilaren kanta, Lagunen kanta, Neskaren kanta, Haurraren kanta, eta Aitaren kanta.
Eneritz Furyak irundarrak euskal musikako ahots berrien artean bere lekua topatu duela diote askok, eta Euskal Herrian ez ezik, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Suitzan, Italian, Katalunia nahiz Galizian jo du. 2021ean Emadan diskoa plazaratu zuen, estilo aldaketa eginda. Estilo aldaketa honek elektronika industrialera edo R&B-ra gerturatzen gaitu, beste lanetan ageri ziren slowcore edo post folk aztarnak alde batera utzi gabe. Disko horretako kantuetako batzuk dira Emadan, Suhartzea, Beltzaile eta Panoptikoa.
Emanaldia 19:30ean hasiko da, Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak hemen eros daitezke.