Aholku eske

Aholku eske https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aholku-eske/@@download/image/81p54sexua.jpg
2008/01/04
erreportajea
Nerea Sancho psikologoa eta sexologoa
Sexuaz zalantzak izatea gauza arrunta izaten da. Horrelakoetan, zuzenena eta eraginkorrena adituengana jotzea izaten da. Gaztezulo.com-en bertan ere badago aukera. 

Euskal Herrian hainbat zerbitzu dago sexualitatearen inguruko kezkak argitzeko, arlo horretako gatazkak konpontzeko eta herritarren jakinmina asetzeko. Aurrez-aurre hitz egin daiteke zerbitzu horietako langileekin, edo bestela, telefonoz edo e-posta bidez kontakta dezakegu haiekin.

Galderak era askotakoak izan daitezke.
•Tanpoiak erabiltzen hasi nahi dut, baina ez dut asmatzen, ez dut zuloa topatzen.
•
Viagra pilulak lortu ditut, baina ez dute nik espero nuen efekturik sortzen.
•
Ez dakit ligatzen. Urduri jartzen naiz, eta hanka sartzen dut. Zer egin dezaket?
•
Nire gorputzak lotsa ematen dit, eta horrek sexu harremanak oztopatzen dizkit. Badago konponbiderik operatu beharrik gabe?
•
Ez dut nire bikotekidearen jokabidea batere ulertzen. Maite nau, baina ez du adierazten nik nahi nukeen moduan. Zer egin dezaket bera aldatzeko?
•
Antisorgailuen artean ez dakit zein aukeratu. Zer izan behar dut kontuan erabakitzeko orduan?
•
Emakumeak gustatzen zaizkit; bereziki bular handiak dituztenak. Normala naiz?
•
Bikotekideak eta biok gero eta gehiagotan eztabaidatzen dugu. Banatzea erabaki dugu. Laguntza behar dugu banaketa ahal bezain ongi egiteko?
•
Gure seme txikienak pitilina erakusten die gelakideei. Zer egin beharko nuke?
•
Zakil txikia dudanez, ez dut kondoirik erabiltzen. Beraz, "atzerako martxa" egiten dut. Baina, horrela, infekzioetatik ez naiz babesten eta gainera, ez dut guztiz disfrutatzen.
•
Azkarregi eiakulatzen dut. Denetarik probatu dut, baina ez dut lortzen eiakulazioa kontrolatzea.
•
Bortxatu nindutenetik nire buruari “bortxatutako neska bat naiz” etiketa jarri izan banio bezala bizi naiz. Hau aldatu nahi dut behingoz.
•
Sex-shopetako produkturen batek lagunduko dit azkarrago eiakulatzen?
•
Bikotekidearekin larrutan egiteko gogo osoa kendu zait. Kezkatuta nago. Ni ez naiz horietakoa.
•
Bikotekideari sexu bidezko infekzioren bat transmititzen ari natzaio?
•
Bizitza sexuala aberasteko ideiak biltzen dituen libururen bat aholkatzea nahi nuke.

Galdera hauetako batzuk e-posta bidez erraz erantzun daitezke. Edo telefonoz, bestela. Baina beste batzuek sexologoarekin aurrez-aurreko elkarrizketaren beharra izaten dute. Hori bai, e-posta erabilita egin nahi baduzu, gogoan izan zenbait datu ematea funtsezkoa izaten dela, erantzuna norberari ahalik eta ondoen egokitzeko: sexua, adina, herria eta galderaren jatorria edo zergatia.  

Kasu askotan gaiak kezkatu egiten gaitu, eta buruan bueltaka izaten dugu. Denbora pasatzen uzteak edo begiak ixteak ez du batere laguntzen; arazoa handitu egin ohi du, ostera. Beste batzuetan, arazoari irtenbidea gure kabuz bilatzen saiatzen gara, eta arazoak, hala ere, ez du hobera egiten. Beraz, aukera guztiak agortu aurretik, profesionalengana jotzeak denbora eta ezinegon ugari aurreztea ekar dezake.

Gogoan izan GAZTEZULOn ere e-posta bidezko zerbitzua dugula martxan. Kontsultak zuzenean erantzun ditzakegu kasu askotan. Beste batzuetan, nora jo jakiteko informazioa ematen dugu. Horregatik, zalantzarik baduzu edo informazio bila bazabiltza, bidal iezaguzu zure mezua: www.gaztezulo.com.

SEXESALDIA


Tallulah Bankheaden esaldia: “Bostetan iritsi eta maitasuna egingo dizut. Berandu banator, hasi neu gabe”.  

SEXIDEIA



Bat baino gehiago garenerako: Gorputza margotzeko margoak lortu. Denda erotikoetan edo interneten salgai izaten dituzte, besteak beste. Txokolatezko margoak ere badaude. Elkarri gorputzak margotu. Argazkiak egin edo bideoa grabatu. Margoa kentzeko elkarrekin dutxatu edo bainatu.

Bakarka ala konpainian: Lubrifikatzaileak erabiltzea proba dezakezu/zue. Farmazietan, denda erotikoetan eta supermerkatuetan eros daitezke. 

SEXESKUBIDEA


Sexu askatasun eskubidea: Gizakiok geure sexualitatea adierazteko eskubidea dugula dio, eta baztertu egiten ditu bizitzako edozein garaitan edo egoeratan gerta daitezkeen jazarpen sexualak, esplotazioak edo abusuak.

SEXEGUNA


Otsailak 14: Sexu Osasunaren Europako Eguna.