Aho zabalka ibiltzen bazara, hona hemen zergatia
Berriki publikatutako ikerketa batek bestelako arrazoi bat jarri du mahai gainean.
Egunean zehar aharrausiren bat edo beste egitea ohikoa izaten da, batzuetan goizaldean, jaiki berritan, edo bazkalondoren gertatu ohi zaigu. Logurarekin eta asperdurarekin lotzen dugu sarri, baina beste arrazoi bat ere agertu da ikerketa baten ondoren.
Orain arte aipatu izan den hipotesietako bat izan da aharrausia alerta egoera pizteko modua dela. Lo hartu aurretik, esnatzean edo aspertuta gaudenean aharrausia egin, eta bihotz-taupadak bizkortu eta giharrak tenkatzen dira, gorputza erne egon dadin.
Belarriko presioa orekatzeko izan daitekeela ere esan izan da. Altuera aldaketa handiak daudenean, hegazkinean edo mendian goraka ari garenean esaterako, aharrausi egitean barruko belarriaren eta kanpoko airearen arteko presioa berdindu egiten da.
Aharrausia kutsatzeko joera ere izaten da gure artean, norbait aho zabalka ikusi eta jarraian norberak ere bide bera hartzea. Enpatiarekin eta ispilu-neuronekin lotu ohi da fenomeno hau. Talde baten barruan portaerak sinkronizatzeko eta koordinatzeko balio dezakeela ere uste dute, segurtasuna eta biziraupena babesten laguntzeko.
Garuna hozteko baliabidea
Gaur egun indar handiena duen teoria zientifikoaren arabera, termoerregulaziorako balio du. Garunak energia asko kontsumitzen du eta berotu egiten da. Aharrausi egitean masaileko giharrak luzatu eta aurpegiko odol-fluxua handitzen da, eta aire hotza sartzen da biriketara. Prozesu horrek garunaren tenperatura erregulatzen eta hozten laguntzen du.
Gaur egun indar handiena duen teoria zientifikoaren arabera, termoerregulaziorako balio du. Garunak energia asko kontsumitzen du eta berotu egiten da. Aharrausi egitean masaileko giharrak luzatu eta aurpegiko odol-fluxua handitzen da, eta aire hotza sartzen da biriketara. Prozesu horrek garunaren tenperatura erregulatzen eta hozten laguntzen du.
Horixe da Princeton unibertsitateko Gary Hack eta Andrew Gallupen ikerketak erakutsi duena. Hackek aurrez bildutako datuak Gallupek egindako ikerketa berriarekin bat eginez ateratu dute ondorioa. "Ordenagailuak bezala, giza-garuna oso sentikorra da tenperaturekiko, eta fresko egon behar du eraginkortasunez jarduteko", azaldu du Hackek.
Gallupek eta bere taldeak arratoien garunak aztertu zituzten, eta garuneko tenperatura aldaketak erregistratu zituzten arratoien aharrausien aurretik, bitartean eta ondoren. Aharrausiaren aurretik tenperaturak gora egiten du, eta irauten duen segundoetan, tenperatura egonkortu eta jaisten hasten da. Ondoren, tenperaturak behera egiten du aurrekoarekin alderatuta, eta garuna bere maila termiko optimora bueltatzen da. Horrek iradokitzen du aharrausiak garuneko tenperatura igotzearen ondorioz sortzen direla, eta garuna hozten laguntzen duela.
Aharrausi gehiegitan egiten zuten bi emakumeren kasu kronikoak ere aztertu zituzten. Pazienteetako bati gertaera aurretik eta ondoren tenperatura hartzeko eskatu zioten. Emaitzek erakutsi zutenez, bere gorputzeko tenperatura altua izaten zen aharrausi egin aurretik, eta jaitsi egiten zen ondoren.
Aharrausiaren funtzioa ulertzeak zenbait diagnostiko egiteko balio dezake, tartean epilepsia edota migraina, biak aho zabalka behar baino gehiago aritzeagatik aurreikusi omen baitaitezke. Insomnioa duten pazienteen tratamendurako ere baliagarria izango omen da; izan ere, insomnioa duten pertsonek bere gorputzeko tenperatura erregulatzeko arazoak izan ohi dituzte, eta lo hartzeko beharrezkoa da tenperatura jaistea. Garun-sinua hoztu eta loeza tratatzeko mekanismoak bilatzea izango litzateke hura tratatzeko bidea.
