Agur diligentzia

Agur diligentzia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/agur-diligentzia/@@download/image/40p38-1.jpg
2004/04/02
erreportajea
Ainhoa Irazu
1914an, hau da, duela 90 urte, zaldi diligentzia baztertu eta autobusak erabiltzen hasi zen La Roncalesa S.A. garraio enpresa.

Erronkariko diligentzia zerbitzua 1883an hasi zen, Erronkari bailarako errepidea egin eta urtebetera. Bailarako lehen garraio publiko zerbitzua izan zen. Hasieran, Erronkariko herriak baino ez zituen lotzen, baina ondoren bailarako mugak gainditu zituen. Batetik, Aragoiko errepidea ireki zutenean, Salvatierra de Esca eta Sigues herrietaraino zabaldu zuten ibilbidea. Bestetik, Zangozarainoko zerbitzua lehendabizi eta, gerora, Iruñerainokoa ere abiatu zituzten. Egun, Iruñea eta Donostia arteko bidea egiten dute La Roncalesa-ko autobusek.

Garai hartan, Iruñean, Gazteluko plazan zegoen diligentziaren geltokia, Cisne hotelaren parean. Ia 30 urtez jardun zuen zaldi diligentziak, harik eta 1914an enpresaburuek diligentzia baztertu eta hiru autobus erosi zituzten arte. Zergatik? El Progreso Roncales enpresaren autobusekin lehiatu behar zutelako; ibilbide bera egiten zuen enpresa hark, antzeko salneurriekin, baina… autobusez! Alde ederra.

Erosotasuna urrun
"Deabrua, deabrua", esan omen zuen Erronkariko zahar batek lehen autobusa bailarara heldu zenean. Hala ere, harridura alde batera utzita, erronkariar denek harrera ona egin zieten autobusei.

La Roncalesa-ko lehen autobusei dagokienez, erosotasuna urrun samar zegoen oraindik. Antza, gidariek indar handia izan behar zuten besoetan. Autobusak ez ziren batere erosoak eta maletak goialdean eraman ohi zituzten. Danbatekoak ere eguneroko kontua ziren. Autobus haiek, beraz, zerikusi gutxi zuten egun ezagutzen ditugunekin.

Hala ere, zailtasun handienak 1936ko gerra amaitu ondoren heldu ziren: zerbitzua garestitu egin zen, militarrek hankaz gora utzi zituzten konfiskatutako ibilgailuak, ordezko piezak falta ziren… Enpresak, hala ere, aurrera egin zuen.
Lehen esan bezala, La Roncalesa Iruñea eta Donostia arteko bidea egiten duelako da gaur egun ezaguna; 1926an hasi ziren enpresako autobusak ibilbide hau egiten.