Adopta Navarra elkartea: “Gure elkartean noizbait erosiak izan ziren arrazako animaliak ere baditugu, abandonatuak, jada ez direlako kapritxo bat.”

Adopta Navarra elkartea: “Gure elkartean noizbait erosiak izan ziren arrazako animaliak ere baditugu, abandonatuak, jada ez direlako kapritxo bat.” Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko. Oraingo honetan Adopta Navarra-ko lagunekin hitz egin dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adopta-navarra-elkartea-201cgure-elkartean-noizbait-erosiak-izan-ziren-arrazako-animaliak-ere-baditugu-abandonatuak-jada-ez-direlako-kapritxo-bat.201d/@@download/image/animaliak_home.jpg
2019/07/23

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Ez dezagun ahaztu, animaliak gara. Hori ahaztean azaldu ohi dira gizakiaren alderik basati eta zitalenak. Balio beza atal honek gure animalia izaera goraipatu eta beharrean dauden beste animalien berri emateko. Oraingo honetan Adopta Navarra-ko lagunekin hitz egin dugu.
Adopta Navarra elkartea: “Gure elkartean noizbait erosiak izan ziren arrazako animaliak ere baditugu, abandonatuak, jada ez direlako kapritxo bat.”

Noiz sortu zen elkartea eta zergatik?
Adopta Navarra 2015ean sortu zen. Inguruko elkarteak eta tuterako txakurtegia gainezka zeudela ohartu ginen eta zerbait egin beharra geneukala erabaki genuen. Lagun talde bat partikularren txakurrak erreskatatzen hasi ginen eta txakurtegietatik ateratzen adopzioa bilatzeko. Egun gauza berbera egiten jarraitzen du, abandonatze kasuak ez baitira ordutik gutxitu...

Zein dira zuen helburuak?
Gure helburu nagusia behar duten animaliei etxe bat bilatzea da, abandonatze kopurua jaistea eta pertsonen artean hezkuntza eta ardura sustatzea animalia batekin bizitzak partekatu ditzaten.

Nola funtzionatzen duzue?
Hasieran txakurrak zaintzen zituzten lokal batera eraman genituen. Bertan elikatzen genituen, paseatzera atera, albaitariarengana eraman... Egun lur sail bat dugu zenbait kaiolekin eta txakurrak erreskatatzen ditugun heinean bertara eramaten ditugu, lekua baldin badugu bederen. Harrera etxeak ere baditugu, hau baita katuak erreskatatzeko dugun modu bakarra. Katuari etxeren bat bilatu arte boluntario batzuk euren etxean bertan zaintzen dituzte. Diruari dagokionez, elkarteko bazkide bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du, ongintzako ekitaldietatik ere zerbait ateratzen dugu, partikularren donazioetatik...

Erreskatatzen ditugun txakur eta katu guztiak lehendabizi albaitariarengana eramaten ditugu aztertu ditzaten eta parasitoak ezabatzeko. Ondoren, txertaketa eta esterilizazio pautak zehazten dira albaitariarekin. Gastu guztiak guk ordaintzen ditugu, albaitaria, eguneroko zaintza... eskerrak laguntzen gaituen jendea baden! Adoptatuak ateratzen direnean, animaliaren egoeraren arabera, eskatzen ditugun tasak aldatu daitezke, baina hala ere beti da guri kostatu zaiguna baino gutxiago. Tasak eskatuko ez bagenitu ordea, ezingo genuke animaliak salbatzen jarraitu.

Instituzioen aldetik laguntzarik jaso al duzue?
Txakur elkarte ezberdinon ekitaldiak antolatzen laguntzen digute instituzioek, baina ekonomikoki ez.

Zenbat animalia jasotzen dituzue urte guztian zehar?
Katuei dagokionez, eskura ditugun harrera etxeen araberakoa da, baina gutxi gora behera 5-10 urtean zehar. Txakurren kasuan, lehen urtean 50 inguru erreskatatu genituen, hurrengo urtean 70... Gure muga handiena dugun lekua da eta dirua... diru gehiago izango bagenu hartu dezakegun kopurua handituko genuke.

Zein izan da aurre egin behar izan diezuen egoerarik zailena?
Zenbait txakur erreskatatu ditugu beldur arazoekin. Apurka arazo horiek konpontzen joan gara eta adopzioa aurkitzerako jada gaindituak zituzten erabat. Egun txakur zoriontsuak dira. Orain dugun kasurik zailean Coco deitzen den txakurrarena da. Pitbull kume bat da partikular batzuengandik erreskatatu genuena orain dela hilabete batzuk. Cocok lau hilabete zituen hartu genuenen eta guztiari sekulako beldurra zion. Baliabide urriengatik guk ezin dugu bere kargu egin eta lagun diezaiokeen profesional bat bilatu genuen. Madrileko txakurtegi batean, guk ordainduta, hilabeteak daramatza eta bertan bere beldurrak gainditzen laguntzen ari zaie, aurretik, beldur horiengatik garatu zuen agresibitatea baretzeko. Penagarria da horrelako kasuak egotea, elkarteek erreskatatuak ez badira edo txakur zaintzaile onek, txakurtegietan amaitu ohi dute. Espero dugu norbaitek nahi izatea eta laguntzea merezi duen bizitza edukitzen.

Gure instalazioetan oraintxe bertan badugu beste kasu bat ere. Banaketagatiko antsietatea duen txakur eme bat. Tiana Noe sindrome batetik erreskatatua izan zen Vaiana bere ahizparekin batera. Pertsonekiko beldurrarekin iritsi ziren biak, bizi izan ziren lekua besterik ez baitzuten ezagutzen eta hori beste txakur askorekin partekatzen baitzuten soilik. Tianak bereziki sekulako antsietatea pairatzen du, orduak eman ditzake zaunkaka, lurrari atzaparka, kaiolan gora igotzen... kaiolako hesi bat hausteraino iritsi da bakarrik gelditu nahi ez duelako. Asko kostatzen zaio norbaitekin konfiantza hartzea, baina hartzen duenean ez da pertsona horrengandik banatzen sekulako dependentzia adieraziz. Berriz ere, baliabide urriengatik eta horrelako kasuetarako pertsona espezializatuak ez ditugunez txakurtegira eraman beharko ditugu. Penagarria da inor ez aurkitu ahal izatea animali hauei bizitza ematen diezaiekeena eta gainera ahal duena. Zeren beldur guzti hauen atzean bizitzeko eta zoriontsu izateko gogoz dagoen txakur bat dago.

Zer egin behar du animali bat adoptatzeko interesa daukanak?
Izan txakur ala katu, adopzio galdetegi bat pasatzen dugu beti. Adoptatu nahi duenak bere buruari egin beharko lizkiokeen galdera gutxienekoak dira galdetegian agertzen direnak. Animalia adoptatzeko gai dela ikusten badugu, galdetegia gainditu duelako, interesatua dagoen familiaren etxera bisita bat egiten saiatzen gara, gure begiz ikusteko animalia biziko den lekua nolakoa den eta ziurtatzeko berau dela animali jakin horrentzat lekurik egokiena. Honen ondoren, aurre-adopzio fasean, animalia emango litzaieke harrera moduan. Hau da, animalia noizean behin joango da familiaren etxera, maiztasuna apurka-apurka handituz animaliak ingurura ohitzeko aukera izan dezan. Batzuetan ez du funtzionatzen eta animalia gurekin bueltatzen da berriz ere. Dena ongi badoa adopzio kontratu bat sinatzen da, familiak tokatzen zaion tasa ordaintzen du eta kontratuko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko jarraipen bat egiteaz arduratzen gara.

Zein dira etorkizunera begira zuen helburuak?
Txakur gehiago aterpetzeko espazio gehiago eraikitzen saiatuko gara. Animalien adopzioaren aldeko ekitaldiak sustatu nahi ditugu gaiarekin jendea sentsibilizatzeko, hau da, erosi beharrean animaliak adoptatzeko. Ez baitu zentzurik erosteak txakurtegiak txakurrez topera daudenean. Gure elkartean noizbait erosiak izan ziren arrazako animaliak ere baditugu, abandonatuak jada ez direlako kapritxo bat. Zoritxarrez beti egongo dira abandonatzeak, halere, borrokan dihardugu eta jarraituko dugu autoritateek euren aldetik gehiago jar dezaten arazo honi aurre egiteko.

Adopatu nahi?
Orain elkartean adopzioan dituzten animaliak guztiak txakurrak dira, momentu hauetan katuentzako harrera etxeak ez baitituzte. Ezagutu nahi?

Ni Tiana naiz, galgo mestizo bat. Urtebeteko eme ederra, ikusi beterik ez dago. 15 kilo inguru naiz pisuz baina hori baino maitasun kilo gehiago emateko gai naiz. Banatzeagatiko antsietatea gainditzen nabil, baina ziur zurekin elkartuko banintz azkar sendatuko nintzatekeela.


Ni Lola naiz, itxuraz handia badirudit ere, eme lasai ederra naiz. Elkartera iritsi aurreko nire garaiaz ez naiz asko oroitzen, baina hemengo txakurrekin eta gizakiekin oso maitakorra naiz.


Ni Roman naiz, husky nahasketa bat. Urtebeteko ar dotorea. Zintzoa naiz, baina oso mugitua naiz, energiaz beterik nago eta zurekin jolasteko gogoz.


Ni Golfo naiz, izen hau jarri zidaten oso lagunkoia naizelako beste txakurrekin, baina baita oso esanekoa ere gizakiekin. Uretako arraza batekoa naiz, beraz, euri egunetan oso pozik jartzen naiz.


Ni Tommy naiz Spagneul bretoi arrazakoa eta 2015ean jaioa. Albaitaritik erreskatatu ninduten elkartekoek. Leishmania gaixotasuna dut eta horregatik nire jabeak sakrifikatu egin nahi ninduen, hamaika ikusteko jaioak gara! Nik hainbeste maitasun eman eta gero horrela eskertzea ere... Zorionez Adopta Navarrakoei esker dudan gaixotasuna tratatzen ari naiz eta organoetara iritsi ez denez apurka apurka hobetzen noa.