Adio, Mikel Aranburu

Adio, Mikel Aranburu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adio-mikel-aranburu/@@download/image/2012545697aranburu_agur.jpg
2012/12/13
berria
"Gauzak bere garaian uzteak balio handia du, eta hau zen unea" hitzekin esan dio agur futbol profesionalari Mikel Aranburu Realeko kapitainak. Hamabost urtez aritu da lehen taldean, eta zaletu zein taldekideen errespetu eta begirunea irabazi du.

1997an egin zuen debuta, Javier Irureta entrenatzaile irundarrak taldea zuzentzen zuenean. Geroztik 424 partida jokatu ditu, eta 32 gol sartu. Ibilbide osoa talde txuri-urdinean egin du, hamalau denboralditan, eta kapitain ukaezina izan da.

GAZTEZULOn ere aspaldi izan genuen Mikel, 23 urtetxo zituenean. Orduko hartan Zubietako Perlilla goitizena jarri ziotela kontatu zigun, eta Igor Jauregi eta Zuhaitz Gurrutxagarekin batera, taldean primeran moldatzen zirela erakutsi ziguten.

Ondo pentsatutako erabakia hartu duela aditzera eman du. Izan ere, klubak berak eta ingurukoek ere beste urte batez jarraitzeko eskatu diote, baina azpeitiarrak momentua heldu dela azaldu du. Arrazoi fisikoengatik baino, buruarekin hartutako erabakia da; Aranburuk azken uneraino jokatzen jarraitu nahi zuen, eta halaxe izan da.

Lehen mailan horrenbeste urte aritzeak neke fisiko zein mentala eragin diola aitortu du, eta baita futbola Reala bigarren mailan zegoenean uzteak beldurra ematen ziola ere. Horregatik, datorren asteko jardunaldian zelairatuko da azken aldiz, Valentziaren aurkako partiduan. Jokin Aperribay Realeko presidenteak urrezko eta brillantezko intsignia jarriko dio, eta agur berezia egingo diote zaletuek zein taldekideek.

Denbora batez futbolaren mundua albo batera utziko duela argitu du, eta Anoetara hamabostean behin joango dela, zaletu huts moduan, partidak ikustera. Realzaleek jokalari handi bati adio esango diote; baina ez haiek soilik, futbolak orokorrean, baizik. Eskerrik asko, Aranburu!