Adinak badu abantailarik!

Adinak badu abantailarik! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/adinak-badu-abantailarik/@@download/image/2010639772adinak_badu_abantailarik.jpg
2010/06/04
erreportajea
TESTUA: nerea sancho psikologoa eta Sexologoa. Bitxigorria.
Adinak badu abantailarik!
Gazteok inguruan ditugun helduagoei begiratzean, zer ikusten dugu? Gure aiton-amonen sexualitateaz zer espero dugu? Eta zahartzen ari diren gure gurasoenaz? Ikus ditzagun adinean aurrera egiteak arlo erotikoan dakartzan abantailetako batzuk.

Gizon eta emakume helduek eta zaharrek ere jokabide erotikoak dituzte, noski; askotarikoak gainera: batzuetan bakarka, bikotekide edo lagunarekin bestetan. Maitatzeko eta maitatuak izateko nahia eta gaitasuna ez baitira agortzen adinarekin. Ez horixe!

Askok pentsatzen dute menopausia osteko bizitza erotikoak eskaini ditzakeen goxokiak urriak direla eta gizonen zakila tente jartzeko gaitasuna gutxituta sexu jokabideek ez dutela zentzurik… ba, ez du zertan. Adin tarte bakoitzak bere abantailak eta mugak ditu, eta helduaroa ez da salbuespena.

Eiakulazioaren kontrol handiagoa

Gizon helduek isurtzeko premia txikiagoa dute eta, beraz, eiakulazioaren gaineko kontrola handiagoa da hauen kasuan. Kitzikatuta denbora gehiago eman dezakete, sarketa eginez ala gabe, eta azken hau bikote heterosexualetako emakumeek bereziki eskertzen duten zerbait da, arreta handiagoa jasotzen dutela sentitzen baitute.

Haurdunaldiaren beldurrik ez

Zaharrek nahi dutenean eta nahi dutena egin dezakete haurdunaldiaren inongo beldurrik gabe. Ez dute pilulen beharrik, ez dute koito osteko pilula hartzera joateko deserosotasun edo urduritasuna biziko, ez dute haurdunaldi test gehiagorik erosiko. Bizitza osoan bikotekide bakarrarekin ibili direla ondo dakiten horiek ez diote euren sexukideari kondoirik eskainiko. Imaginatzen al duzu? Zer nolako lasaitua!

Sexu-rol malguagoak

Gizon helduek maiz diote euren gaztaroan gizontasuna modu batean edo bestean erakutsi beharra sentitu izan dutela: autoritario izaten, negarrik ez egiten, afektuak ez azaleratuz, oldarkorrak izaten… Adinean aurrera egin ahala, ordea, rol hau albo batera utzi eta lasaiago bizitzen dute gizon izatea. Emakume helduen kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da: eder sentitzea eta desiragarri izatea ez daude, jada, hainbeste itsura fisikoaren menpe, baizik eta eskain ditzaketen ditzaketen harremanen baitan. Gizon zaharrak emakume zaharrekin maitemintzen dira, edo jarraitzen dute maiteminduta!

Kontaktu sakonago eta lasaiagoa

Kitzikapena motelago ematen denez, harremanak lasaiagoak izaten dira, gozamena luzatu egiten da eta ez da urgentzia sentipenarekin bizitzen. Horrez gain, organo genitalak ez diren gainerako gorputz atalek garrantzia handiagoa hartzen dute, plazera bikoiztuz eta zabalduz. Jokabide erotikoak ez dira sarketara mugatzen eta komunikazioan sakontzen da, harremanak hobetuz.

Denbora gehiago

Helduek, salbuespenak salbuespen, gazteok baino denbora libre gehiago izaten dute eta, hortaz, sexuan aritzeko aukera zabalagoa dute. Horregatik esaten dugu zaharren sexualitatea oso aberatsa izan daitekeela. Askotan, ez dakigulako, atzerakoiak garelako edota ez dugulako ulertzen, gazteok ez diegu zaharrei libreki sentitzen dutena adierazten uzten… baina gogoan izan gure konplizitateak asko lagun diezaiekeela! Argi eduki, horrenbestez, sexu kontuetan, adinean aurrera egiteak ez duela zertan txarra izan behar, eta sexuaz gozatzeko garaian adinak ez duela hainbesteko garrantziarik.