Adin txikiko neskak sexualizatzen dituen Netflixen film polemikoak sareak astindu ditu

Etengabe eduki berriak jaurtitzen ditu Netflix plataformak, eta ez du beti asmatzen. Hala, hautsak harrotu ditu irailean estreinatu behar duen film berria: Cuties (Mignonnes). Telesaileko protagonista 11 urteko neska bat da, familia musulmanekoa, eta twerking dantzatzen duten adin bereko neska talde batekin elkartuko da, sinopsiak berak dioen moduan, "sensualki dantzatuz bere feminitatea deskubrituz eta familia erlijiosoari aurre eginez".
Twitter astindu du film honen trailerrak, eta #NetflixPedofilia traola sortu dute protesta moduan. Zehazki, adin txikiko nesken hipersexualizazioa kritikatzen dute, eta horrekin batera, pedofiloei eskainitako edukia dela salatu dute. Change.org plataforman telesaila kentzeko eskaera jarri dute martxan, eta dagoeneko 75.000 sinadura bildu dituzte.
Baina, justifikatuta ote daude protestak? Filma Frantzian ekoiztu dute, eta Maïmouna Doucuré da zuzendaria. 2020ko Sundance Zinema Jaialdian epaimahaiaren saria irabazi zuen. Baina trailerrak eta sinopsiak oker adierazten dute filmaren zentzua; hain zuzen, filmak adin txikiko nesken hipersexualizazioa kritikatzea du helburu, pentsamendu erlijiosoa ezbaian jartzeaz gain. Zuzendariak berak Paris Match-en adierazi zuenez, bere filma "alarma oihua" da: "Filma egitea erabaki nuen nire auzoan 11 urte neskak twerking dantzatzen topatu nituenean festa batean. Pentsatu nuen; ze astakeri ote da hau? Nik neuk 12 urte nituenean ere dantzatzen nuen lagunekin, baina egun, sare sozialekin, nerabeek ez dute intimitaterik, eta 11 urterekin ezin duzu ulertu egiten ari zarenaren benetako esanahia".
Beraz, gaizki ulertu da filmaren benetako helburua; zuzendariak marketing kanpainari bota dio errua: "Interesgarria da nola aldatu diren posterrak Frantziatik AEBetara. Ez dute mezua inolaz ere ez ulertu".

