Adarretatik musika jaialdi berria ezagutzen?

Udan planak ez daude soberan, eta horregatik, Adarretatik musika jaialdi berria egingo dute uztailaren 20tik 22ra Zarautzen ospatuko dutena. Oier Aranzabal eta Mikel Unzurrunzaga dira egitasmo berriaren bultzatzaileak.
Hamabi talde taularatuko dira hiru espaziotan; antolatzaileen esanetan jaialdi ibiltaria izango da. Besteak beste, Elkano Browning Cream eta Jean Marie Ecay, Akatz, Buffalo eta Rafa Rueda ariko dira zuzenean. Hala, kontzertuak izango dira eguerdian Berdura plazan -bermutaren orduan eta hurbileko formatuan-, iluntzean Musika plazan -izenak izana berreskuratu dezan- eta, behin ilunduta, afal ostean, itsas ertzeko Malekoian -espaziorik handiena, makro izatera iritsi gabe beti ere-. Hiru gune, hiru ordutegi eta, beraz, hiru giro ezberdinetan.
Zarautz Kulturaren babesaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta programarekin kolaboratuko dute, eta haien bitartez, Merkatu Plazan ariko diren hiru artistak ekarriko dituzte: uztailaren 20an, Sara Mansilla; uztailaren 21ean, Juan Valls; eta uztailaren 22an, Oso Fan. Musika Plazan, berriz, Rafa Rueda ariko da uztailaren 20an, eta hurrengo egunekoa ez dute argitu.
Borghettoko agertokian, berriz, bina talde eta DJ bana ariko dira lehen bi egunetan. Ostiralean, Zarauzko Buffalo taldea eta nazioarteko talde bat, eta bi emanaldien artean DJ Tahira brasildarrak jarriko du musika. Larunbatean, batetik, Elkano Browning Cream taldea ariko da Itoiz taldeko gitarrista izandako Jean Marie Ecayrekin batera, eta, bestetik, 25 urteko biran dabilen Akatz ska taldea; disko jartzaile lanetan, berriz, DJ Budin nafarra izango da. Igande arratsaldean Musika Plazan beharrean itsas pasealekuan izango da emanaldia, Gasteiz Big Banden eskutik.
Jaialdia gauzatzeko, Enbor elkartea sortu dute, “epe luzera begira kultur ekimenak antolatzeko asmoz”. Adarretatik jaialdiarekin ere, aurtengoa primerakoa izatea nahiko lukete udako musika jaialdien artean tokitxoa egin eta urtero egin ahal izateko. Zorte on!