Abian dira XXX. Euskal Antzerki Topaketak

Abian dira XXX. Euskal Antzerki Topaketak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-dira-xxx-euskal-antzerki-topaketak/@@download/image/20121165966topaketak_1.jpg
2012/12/13
berria
Joan den astean hasi eta hilaren 18ra bitarte, hamaika antzezlan ikusteko aukera izango da Azpeitian, XXX. Euskal Antzerki Topaketen baitan. Mota guztietako lanak eskainiko dituzte, heldu nahi gazteei zuzendurikoak, eta profesionalek nahiz amateurrek prestatuak. Herritarrak antzerkira hurbildu eta ikuskizun berriekin goza dezaten da helburua, eta horretarako ez dira estreinaldiak faltako; 'Publikoari gorroto' eta 'Su txikian' lanak aurkeztuko baitituzte.

Euskal Antzerki Topaketek ibilbide luzea eta sendoa egin dute azken hiru hamarkadatan. Jendeari arrotza egiten zitzaion hori, antzokietara euskarazko lanak ikustera joatea, pixkanaka lortu dute, eta herritar ugari hurbilduko dira datozen egunetan antzezlekuetara.

Soreasu antzokia eszenatoki nagusi bilakatu dute jada. Joan zen ostiralean Publikoari Gorroto obra aurkeztu zuten, larunbatean Goenkale Teatroa —telebistako saioan oinarritutako lana—, eta igandean Zapata gorriak antzezlanaren txanda izan zen.

Horietara joateko aukerarik izan ez bazenuen, gaur galdu ezinezko zita duzu udaletxeko ganbaran: Su Txikian lanaren estreinaldia. Galder Perezek idatzitako "antzerki dokumentala" edo "kronika teatrala" da, Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik abiatu, Loiolako hiru aldeko elkarrizketetatik pasa, eta Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetaraino.

Amateurrak, eta gazteak
Baina lan profesionaletatik haratago, talde amateurrek ere izango dute beren lekua topaketetan. Besteak beste, Azkoitiko Koldarrak antzerki taldearen Izan bedi emakumea eta Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerraren Bai, nahi dut lanak taularatuko dituzte hilaren 15ean eta 17an, hurrenez hurren.

Halaber, azaroaren 12tik 14ra eskola antzerkiari egingo diote tartea, eta Urola eskualdeko haur eta gazteentzako emanaldiak eskaniko dituzte.

Antzerkizale Saria


Azaroaren 10ean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak III. Antzerkizale Saria banatuko du, eta horren ostean Lingua Nabajorum antzezlana aurkeztuko dute.
Gainera, egun horretan bertan Antzerkizale Eguna ospatuko dute Usurbilen.