Abian da Izarrak Plazara, gazteentzako talentu lehiaketa berria

Abian da Izarrak Plazara, gazteentzako talentu lehiaketa berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-izarrak-plazara-gazteentzako-talentu-lehiaketa-berria/@@download/image/2012679855Izarrak_Pazara_1.jpg
2012/12/13
berria
Abian da Izarrak Plazara, gazteentzako talentu lehiaketa berria
Intxaurrondo auzoko Plazara Goaz Euskara Batzordeak eta Donostia Kulturak antolatu dute Izarrak Plazara talentu lehiaketa, eta aurten lehen edizioa egingo dute. Ekainaren 28an izango da zita, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Lehiaketa hemezortzi urtez azpiko lagunei zuzendurik dago, eta helburu nagusia ongi pasatzea da, euskarazko sormen artistikoa bultzatuz. Izena emateko epea zabalik da ekainaren 22ra bitarte.

Bakarka edo taldean, zuen abileziak erakusteko aukera izango duzue Izarrak Plazaran. Edozerk balio du, baldin eta euskarazko sormen artistikoa bada: musika jo, kantatu, dantzatu, antzerkia egin, txisteak kontatu, bakarrizketak egin, magia ikuskizunak… Hori bai, saioek gehienez ere bost minutuko luzera izan behar dute.

Izena emateko epea ekainaren 4an zabaldu zuten, eta hilaren 22ra bitarte duzue zabalik. Horretarako, plazaragoaz@gmail.com edota intxaurrondo@donostia.org helbideetako batera idatzi behar duzue, taldekide guztien datuak emanaz: izen-abizenak, adina, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa eta ikuskizunaren azalpena. Eskuinean atxikituta dituzuen oinarrietan azken bi orriak bete behar dituzue, azken batean.

Izena eman duzuen guztion artean epaimahaiak aukeraketa bat egingo du ekainaren 26an, lehiaketa baino bi egun lehenago, eta hauta-probak gainditzen dituzuenok azken fasera igaroko zarete.

Irabazleen artean sari potoloak banatuko dituzte, gainera: epaimahaiak izendatutako irabazle nagusiak 500 euroko saria jasoko du, eta baita urte beteko GAZTEZULO aldizkaria etxean jasotzeko harpidetza ere. Ikusleek hautatuko irabazleak, aldiz, 300 euroko saria izango du. Bi kasuetan, teknologia berrietan eta kultur bonoen bidez emango dituzte sariak.

Zeren zain zaudete? Eman izena eta erakutsi egiten dakizuen hori!

Beste xehetasun batzuk


Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean

Noiz: Arratsaldeko 18:00etan hasiko da

Sarrera: Ikusleentzako sarrera doakoa izango da.

Epaimahaia:
Ainhoa Aierbe aktore eta abeslaria, Barry Manley bakarrizketalaria, Edu Muruamendiaraz dantzaria eta Itsaso Gutierrez abeslaria

Aurkezlea: Fernando Ruiz aktorea

Ikuskizunak: Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, ikuskizunak izango dira
  • 2011ko Durangaldeko Izarren Distira talentu lehiaketako irabazleen antzerki emanaldia, Elorriko Mesie taldearena, hain zuzen.
  • Lain musika taldearen kontzertu akustikoa

Eta gainera: Ikusleen artea zozketak eta opari banaketak egingo dituzte.