Abian da Iruñea Molde Femeninoan 2014 argazki lehiaketa

Abian da Iruñea Molde Femeninoan 2014 argazki lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-irunea-molde-femeninoan-2014-argazki-lehiaketa/@@download/image/irunea_emakumea_1391095873.jpg
2014/01/31
berria
Abian da Iruñea Molde Femeninoan 2014 argazki lehiaketa
Emakumeen jarduna islatzen duten Iruñeako argazkiak biltzeko asmoz, beste urte batez, abian da Iruñea Molde Femeninoan argazki lehiaketa. Lanak bidaltzeko epea otsailaren 26ra bitarte izango da zabalik, eta irudiak Civivox zentroan aurkeztu behar dira, paperean.


Historia, artea, arkitektura, tradizioa, modernitatea, abangoardia, kultura, hezkuntza, gizarte-lana, familia… Esparru anitzetan diharduten emakumeen irudiak bildu eta aukeraketa bat ikusgai jarriko dute martxoan Iruñeako Civivox San Jorge zentroan, martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira. Argazkiok, baina, pertsona anonimoek ateratakoak izango dira, kalean, etxean, lantokian… egindakoak, beti ere, emakumea ardatz dutenak, eta berauek biltzeko Iruñea Molde Femeninoan argazki lehiaketa antolatu dute.

Irudiak paperean aurkeztu behar dira derrigorrez, eta 30 x 40 zentimetroko taimaina izan behar dute. Antolatzaileek ez dituzte kartoi mehe, passe-partout edo tankerako euskarrietan dauden argazkiak onartuko, eta deskribapen labur bat gaineratu beharko zaie. Gutun-azal batean sartu, eta egilearen datuekin batera, Civivox San Jorge zentroan entregatu beharko da otsailaren 26a baino lehen.

Egile bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere, eta hiru argazki onenek 500, 300 eta 200 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Sari banaketa martxoan egingo da, erakusketarekin batera.