Abian da Galtzakomik komiki lehiaketaren V. edizioa

Abian da Galtzakomik komiki lehiaketaren V. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-galtzakomik-komiki-lehiaketaren-v-edizioa/@@download/image/2012101445galtzakomik_2.jpg
2012/12/13
berria
Abian da Galtzakomik komiki lehiaketaren V. edizioa
Galtzaundi Euskara Taldeak Galtzakomik komiki lehiaketa antolatu du aurten bosgarren urtez. Euskarazko ilustrazio lanak saritzen ditu, eta gaian interesa duen edonork har dezake parte, ez duzu zertan aditua izan behar! Epea azaroaren 23ra bitarte duzu zabalik, eta abenduaren 14tik 21era aurkeztutako komiki guztiak ikusgai jarriko dituzte Ibarrako kultur etxean. Erakutsi marrazteko duzun gaitasun hori, lagun!

Ibarrako Galtzaundi Euskara Taldeak, herriko udalaren laguntzarekin eta Tamayo paper dendaren, Saure argitaletxearen eta Mahala baserriko produktuen babesarekin antolatutako lehiaketa da Galtzakomik.

Urtez urte, parte hartzaile kopuruak gora egin du, eta aurten ere 600 euroko eta 400 euroko sarien bila hainbat lagunek bidali dituzte beren lanak. Zuk ere parte hartu nahi baduzu, honako baldintzak bete behar dituzu.

Euskaraz, eta kalitatez
Jatorrizko euskarazko lanak aurkeztu behar dira, eta ordenagailuz eginak edo tratatuak izan daitezke. A-4 tamainako orrietan, gehienez ere lau orri alde; kalitate aldetik, 300 ppp-koak izan behar dute. Halaber, istorio bakar bat edota istorio anitz bildu ditzakezu lan berberean, hori zure kontu, lagun!

Lana azaroaren 23a baino lehen bidali behar dituzu postaz Ibarrako Galtzaundi Euskara Taldera. Abenduaren 14an egingo dute sari banaketa 19:30etan herriko kultur etxean, eta hurrengo astean zehar parte hartzaile guztiek eginikoak ikusgai jarriko dituzte bertan.

Marraztea gustatzen bazaizu, eta lan txukun bat egiteko gai zarela uste baduzu, animatu parte hartzera!

Lanak nora bidali


Galtzaundi Euskara Elkartea
“Ibarra Galtzakomik” komiki lehiaketa
Nafarroa etorbidea, 6. Behea
20,400 Tolosa (Gipuzkoa)

Oharra


Komikia bidaltzeko erabilitako gutun-azalean ez da autorearen izenik jarri behar, lanaren izenburua baizik, eta komikian ere, beste horrenbeste. Barruan, aldiz, beste gutun azal bat sartu behar da, eta bertan autorearen datuak jarri, lanaren izenburua ere kanpoan duelarik.