Abian da Euspot lehiaketaren 2. edizioa

Abian da Euspot lehiaketaren 2. edizioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abian-da-euspot-lehiaketaren-2-edizioa/@@download/image/euspot_2013_1363251004.jpg
2013/03/14
berria
Ikus-entzunezkoen eta euskararen alorrak bateratzeko asmoz, eta bide batez, gure hizkuntzak esparru guztietan duen erabilpena ikusarazteko, Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa jarri zuten abian iaz, eta aurten bigarren edizioa egingo dute. Lanak bidaltzeko epea apirilaren 10era bitarte izango da zabalik.


HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) Komunikazio Departamenduak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa elkarte kooperatiboak antolatutako lehiaketa da Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa. Euskarazko sormena bultzatzeko asmoz abiatu zuten iaz, eta aurten bigarren edizioa egingo dute.

Aurtengoan, sare sozialak eta euskara izango da gaia, eta hamasei urtetik gorako parte hartzaileek horren inguruko 30-40 segundoko spot bat osatu beharko dute. Bete beharreko baldintza nagusiena euskararen erabilera da, alegia, azken mezuak euskarazkoa behar du izan.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 10a bitarte izango da zabalik. Horretarako, Avi edo Quicktime formatuetan egindako bideoak YouTubera igo behar dira lehenik, eta ondoren Euspoten webgunera URLa bidali. Gainera, Creative Commons lizentziapean aurkeztu behar dira, eta erabilitako musikak lizentzia librekoa edo bereziki spotarentzat sortutakoa izan behar du.

Lau sari
Epaimahaiak hainbat sari banatuko ditu, eta ikus-entzuleek ere beren iritzia emateko aukera izango dute Sareko botoaren bidez. Apirilaren 11tik 16ra zabalduko dute horretarako tartea, eta arratsalde horretan bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan. Epaimahaiak, halaber, Spotik Onenaren Saria (1.000 euro), MUko Ikasleen Spotik Onenaren Saria (500 euro) eta Gazteen Saria (500 euro) emango ditu.