Abenduaren 14an egingo dute Antzerkizale Eguna

Abenduaren 14an egingo dute Antzerkizale Eguna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abenduaren-14an-egingo-dute-antzerkizale-eguna/@@download/image/antzerkizale_eg_1385377667.jpg
2013/11/25
berria
Abenduaren 14an egingo dute Antzerkizale Eguna
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen ekimenez, aurten lehen aldiz Nafarroara eramango dute euskal antzerkizaleen egun handia, eta abenduaren 14an, larunbata, Berriozarren bilduko dira, bertako udalaren, elkarteen eta jendartearen laguntzaz. Gonbidatuta zaudete!


Euskarazko antzerkigintzaren zailtasunei aurre egiteko lanetan dihardu urte osoan zehar EHAZEk, eta horretarako hainbat ekimen antolatzen ditu: Esperientzixak, Durangoko Azokako Szenatokia gunea, EHAZEren Antzerki Sarea, Azpeitiko Antzerki Topaketak, Donostiako Poltsikoko Antzerki Saria, eta beste hainbat. Baina zailtasun horiek are nabarmenagoak dira Nafarroan, eta horregatik, aurtengoan, Berriozarren egingo dute Antzerkizale Eguna. Orain arte Billbonan, Mungian eta Usurbilen egin dituzte jaialdiak.

Jarduerak abenduaren 13an, ostirala, hasiko dira, 17:30ean Zer da EHAZE? gaia oinarri izango duen mahai-ingurua egingo baitute Berriozarko kulturgunean. Hurrengo egunean, larunbata, musikaren laguntzaz hasiko dute egun osoa hartuko duen jaia, eta 11:30etatik bazkalordura arte, heldu, gazte nahiz haurrentzako sormen eta maskara tailerrak izango dira, baita irakurketa dramatizatuak ere.

Zulo-alai elkartean egingo dute bazkari herrikoia (sarrerak 8 eurotan eskura daitezke antzerkizale@hotmail.com helbidera idatzita), eta arratsalderako bakarrizketak, mikor-antzerkia, haurrentzako ipuin kontaketak eta manifestuaren irakurketa dituzte programatuta. Halaber, jaialdiari amaiera emateko, Kabia konpainiak Itzalak antzezlana aurkeztuko du 20:00etan kulturguneko areto nagusian. Sarrerak 10 eurotan.

Oztopoak oztopo, elkarlanean eta hausnartuz, Antzerkigintza eta Euskaragintza bateragarriak direla erakutsiko dute bertan biltzen diren antzerkizale amorratuek. Animatu eta hartu parte!