Abenduaren 13tik 22ra egingo dute Bilbao Mendi Film Festibal

Abenduaren 13tik 22ra egingo dute Bilbao Mendi Film Festibal https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abenduaren-13tik-22ra-egingo-dute-bilbao-mendi-film-festibal/@@download/image/mendi_film_fest_1385975203.jpg
2013/12/02
berria
Zinema genero zirraragarri eta ikusgarrienetakoaren jaialdiak seigarren edizioa izango du aurtengoa. Hamar egunez, 27 herrialdetako 40 film lehiatuko dira Eguzkilore saria eskuratzeko, eta filmez gain, ikastaroak, master classak eta Slackline Open ekimena ere egingo dituzte Bilbora hurbiltzen diren mendizale eta ikusleei zuzenduta.


Euskalduna Jauregia, Alhondegia, BBK aretoa eta Rekalde aretoa Mendi Film Festival jaialdiaren seigarren edizioko egoitza bilakatuko dira datozen egunetan, abenduaren 13tik 22ra, ostiraletik hurrengo asteko igandea. Filmaketa ekipo berriak eta teknologia aurreratuak baliatuz, gaur egun arriskuzko kirolen eta mendiko espedizioen filmak asko ugaritu dira, eta kalitate handiko ekoizpenak aurkezten dituzte urte osoan zehar. Horien artean 27 herrialdetatik iritsitako 40 lan aurkeztuko dituzte Bilboko jaialdian, eta zenbait 3 dimentsiotan ikusteko parada izango da.

Abenduaren 13an egingo dute aurkezpen ekitaldia, 19:30ean Euskalduna Jauregian. Eta horren ostean Messner: der film film alemaniarra proiektatuko dute; Andreas Nickelek zuzendu du Reinhold Messner abenturazalearen bizitza kontatzen duen lana, 104 minutuko iraupena duena.

Ondorengo egunetan bost filmetik gora eskainiko dituzte egunero; snowboarda, eskalada, alpinismoa, mountain bikea, piraguismoa eta beste hainbat kirol biltzen dituzten lanak izango dira, eta kirolari nahiz zuzendari ospetsuak erakarriko ditu jaialdiak.

Egitarau osoa hemen.

Irabazleak
Azkenik, hilaren 20an, ostirala, sari banaketa ekitaldia egingo dute BBK aretoan, 19:30ean. Hainbat sari banatuko dituzte, hala nola, film onenaren saria, zuzendari onenarena, gidoi onenarena, argazki onenena… Eta horien artean preziatuena Eguzkilore saria izango da. Ondorengo egunean San Tomas jaia ospatuko denez, atsedenaldia hartuko dute antolatzaileek; baina igandean, abenduak 22, lan sarituen non-stop saioak eskainiko dituzte 12:00etan, 16:00etan eta 19:00etan hasita, BBK aretoan.

Eta gehiago!



Filmetatik haratago, jaialdiari etekina atera nahi izanez gero, hainbat master klass eta ikastarotan parte hartzeko aukera ere izango da egunotan. Besteak beste, argazkigintza eta mendiko lasterketen inguruko saioak izango dira, eta haurrentzako ikastaroak ere prestatu dituzte.

Aurten lehen aldiz, gainera, Flow Balance elkartearen eskutik, Nazioarteko Slackline Open 2013 jaialdia egingo dute abenduaren 13tik 15era. Bi modalitate landuko dituzte: highline edo altura handiko slicklinea, eta waterline edota ur gaineko slicklinea. Lehena Bilboko eraikin esanguratsu batean egingo dute, eta bigarrena Bilboko ibaiaren gainean. Informazio gehiago hemen.