Abel Barriola: "Pilotariei gero eta gehiago eskatzen zaie"

Abel Barriola: "Pilotariei gero eta gehiago eskatzen zaie" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/abel-barriola-quotpilotariei-gero-eta-gehiago-eskatzen-zaiequot/@@download/image/57p37-1_1366322432.jpg
2005/11/04
elkarrizketa
Unai Brea
Abel Barriola Leitzan jaio zen duela 27 urte, eta hantxe bizi da. Pilotari profesionalak gero eta ezagunagoak dira telebistari esker, baina itxuraz, horrek ez die bizimodua gehiegi aldatzen. "Gauza bakoitzak badu bere lekua" —diosku—: "Nik neuk garrantzi handia ematen diot pilotari, eta batzuetan sufritu ere egiten dut pilotagatik, baina askoz gauza garrantzitsuagoak daude bizitzan". Pilotari baino lehenago, pertsona. Eta zinez, pertsona atsegina dugu Abel Barriola. 

2002 urtea oso ona izan zen zuretzat, baina harrezkeroztik asko idatzi da zutaz. Krisialdia dela, ez dela…
Egia da, garai hartan eman nuen maila, orduz geroztik ez dudala eman, eta pilotazaleek gehiago espero dutela niregandik. Baina tira, hori horrela izanik, puska bat dago idatzi diren zenbait gauza ikusita; bi urte hauetan oso momentu onak izan ditut, eta txarrak ere bai. 2002tik hona txapelak irabaztea eskatzen zait, eta txapelik ez dudanez irabazi, badirudi beti krisian naizela.

Hala ere, ez du ematen urte askoan gailendu daitekeen pilotaririk datorrenik. Denak daude Retegi baten zain, baina parekotasun handia dago gaur egun…

Hala da, pilota aldatu baita. Datu bat: duela 15 urte, txapela irabazten zuen pilotariak, hurrengo urtean finala jokatzeko aukera zuen. Ni txapeldun atera eta hurrengo urtean, adibidez, bost partidu jokatu behar nituen finala jokatu aurretik. Lehia handiagoa da egunetik egunera, eta pilotariarei gehiago eskatzen zaie… Udaran ere torneoak jokatzen dira, eta urte guztian egon nahi baduzu %100, gorputza eta burua hautsi egiten dira. Uste dut hori ari dela gertatzen. Etorkizunean, zaila izango da txapeldun bat ikustea urte askotan segidan.

Bizitzaren arlo guztietan bezala, pilotan ere, zaharrek garai batekoa hobea zela esaten dute. Lehengo pilotariekin berba egiten duzuenean, zer esaten dizuete?

Lehengo pilotarien artean ere, era askotako iritziak daude. Dena dela, uste dut konparaketa egitea ezinezkoa dela. Iruditzen zait, lehen ona zen pilotaria, gaur ere ona izango litzatekeela, eta alderantziz.

Ez da hainbeste aldatu, orduan…

Hara, dena aldatu da, jokoa bera ere bai: baina azkenean kalitatea duenak aurrera egiten du, eta ez duenak, ez.

Eta zertan aldatu da jokoa, bada?

Lehenik eta behin, agian, gauza asko aldatu dira jokoaren inguruan. Frontoiak berdeak dira, publizitate asko daukate, telebistan partidu asko ematen dira, pilotarien aurpegiak askoz ezagunagoak dira… Jokoari begira, aldaketarik handiena pilota izan da, pilota bera. Zergatik? Futbolean ere gertatzen da, jendeak joko azkarra ikusi nahi du, fisikoki kirol gogorragoa.  Pilotari dagokionez, nik uste, azkarrak izan direla eta asmatu dutela garai berrietara moldatzen. Material biziagoa erabiltzen da, jokoa bera ere azkarragoa da, eta kirolzaleari hori gustatzen zaio.

Nork, noiz, eta zelan erabakitzen du jokalari bat atzelaria edo aurrelaria izan behar den?

Hori? Norberak, alde batetik. Bestetik, pilota inguruan beti, txikitatik, entrenatzailea izaten duzu, familiakoaren bat, lagunen bat… Zure erabakia izateaz aparte, horiei ere entzuten diezu. 12-13 urtetan, ikusten da pilotari batek zer gorputz eduki behar duen, eta zein dohain dauzkan kantxan, eta horien arabera, aurrean edo atzean jokatuko du. Ustez behintzat, pilotaria teknikoki oso abila baldin bada, eta azkarra, aurrelaria izango da. Alderantziz, mutikoari ikusten bazaio altura handia eduki behar duela, indar handia izan behar duela, eta batik bat, pilota jotzeko postura behetik daukana, atzelaria.

Futbolean bezala, ume guztiek aurrelari izan gura dute?

Gehienetan, bai. Azkenean, aurreko jokoa ikusgarriagoa delako. Esker onekoagoa. Tantoak, normalean, aurrelariek egiten dituzte, eta txaloak ere haiek eramaten dituzte, orduan…

Zu atzelaria zara. Ez dakit, buruz burukoan, asko igartzen den aurrelari ala atzelari baten kontra jokatzea... zer diozu?

Nabaritu egiten da. Gaur egungo pilotariekin, Irujo eta Aimar Olaizola… Irujok eskuz banaka jokatzeko moldeak hautsi ditu, pixka bat. Askotan errestoan airez sartu eta… Hori, lehen, oso gutxitan ikusten zen.

Azken urteetan telebista sartu da pilotan, buru-belarri. Zertan eragiten dizue? Ordutegiak bururatzen zaizkit, lehenik eta behin. Batzuetan oso berandu arte egoten zarete…

Bai. Hala ere, ni pilotan sartu nintzenean, telebista bazegoen sartua, eta ezin dut konparatu, ez dudalako lehengoa ezagutu profesional modura. Egia da ordutegiak bestelakoak direla, baina egia da ere, kirol batek hor goian egon nahi badu, telebista beharrezkoa dela, publizitatea behar-beharrezkoa dela… Pilotaren onerako da hori.  

Bestetik, eta lehen esan duzun bezala, pertsona da lehendabiziko gauza.bliko bihurtu zaituz

Hala da. Baina hori anekdota besterik ez da.

Askotan egin dizuete galdera hau Olaizola anaiei, zuri, eta beste mordo bati… Zer dauka nafar mendialde inguru horrek hainbeste pilotari on emateko?

Afizioa. Kirola bizitzen du jendeak, eta gainera, Nafarroa iparraldean batez ere, lehehengo kirola beti futbola da, baina bigarrena, pilota. Beste toki askotan, aldiz, futbolaren ondoren, pilota ez den beste kirolen bat izango da nagusi.

Futbol gehiago, esaterako…

Bai, kar, kar; hala da, edo saskibaloia, edo… Hemen, berriz, futbola edo pilota da. Horrek ere zerbait esan nahi du. Mutiko gazteek, beste tokietan baino gehiago aukeratzen dute pilota.

Orduan, zu umea zinenean ere futbola zen lehenengo aukera?

Bai, niri asko gustatzen zitzaidan, eta pilota ere bai. 13 urte bete arte jokatu nuen futbolean.

Pena da, bitan ona denak, beti futbola aukeratzen duela. Burura datozkigu Joxemari Bakero, Asier del Horno…

Bai, eta Mikel Aranburu eta beste batzuk ere badira. Dirua da, azkenean. Etorkizun oparoagoa du futbolari izateak.

Zein etorkizun dauka pilota aukeratzen duenak? Bigarren mailako pilotari batek behin esan zigun, berak soldata duina zeukala, eta kitto.

Lehenengo mailakook bizitzeko adina ateratzen dugu, dudarik gabe. Esku pilotan soldata onak ordaintzen dira, baina horretarako, lehenengo mailan egon beharra dago, goian egon beharra dago. Bestalde, egia da norberaren kirol karrera bukatzen denean, normalean behintzat, bizimodua ez dagoela ziurtatuta. Baina dudarik gabe, gaur egun, diru polita irabazten da esku pilota profesionalean.

Enpresen arteko lehia nabaritzen duzue?

Bai, baina ez da horrenbesterako ere. Pilotariok elkarrekin egoten gara aldageletan urte osoan zehar, eta ez dago horrenbesteko pikerik. Bestalde, egia da txapelketa dagoenean, enpresen dirua eta ospea daudela jokoan, eta bakoitzak berea defendatzen duela.

Azken boladan, finaletan zaleak futbolean bezala ari gara ikusten, edo hala esaten da behintzat. Pankartak, oihuak… giro beroa, azken batean. 

Bai, agian ikusleak ere aldatu egin dira. Jende gaztea da, pilota ikusteaz aparte, festa giroan joaten da. Polemika pixka bat izan da horrekin, baina ni ez nago oso ados. Egia da buila asko egiten dela, eta txapelketetara, eta batez ere finaletara joaten den jendea, ez dela askotan frontoietara joaten denetakoa. Baina pilotaria iraintzen dela esaten da, eta hori ez da egia: uste dut pilotazale eta futbolzaleen artean aldea dagoela oraindik. Kantxara joaten den gaztea, bere pilotaria txalotzera besterik ez da joaten. Alde ona ikusi behar zaio, eta nire ustez, pozgarria da jende gaztea frontoietara joatea: horrek esan nahi du, etorkizuna ere hor dagoela.