A ze espezimenak!

A ze espezimenak! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2006/09/01
elkarrizketa
Arbela aurrean ikusten zenituen beti, euren bizitzan, kokaleku naturalena horixe balitz bezala. Batzuk miretsi egiten zenituen, eta beste batzuk gorrotatu. Bai, halaxe da: modu batera edo bestera, denok ditugu gogoan ume-moko batzuk gineneko irakasleak. Gaur egun ere, oso antzeko espezimenak dabiltza ikastetxeetan. 

Irakasleak. Gorrotatutako eta mirestutako espezie hori. Txikiak ginenean, gure mundutik aparte zeuden. Ia jainkoak ziren, jainko ahalguztidunak. Arbelaren aurrean keinu zorrotzez mozorrotzen ziren. Matematika ariketa guzti-guztiak zekizkiten. Munduko herrialdeetako hiriburu guztiak. Hizkuntzetan ere inor baino trebeagoak ziren. Besapean zekartzaten liburuak, beraiek idatziak behar zuten, halabeharrez; hain jakitunak ziren.

Hala, inork gutxik suma zezakeen, beraiek ere gizakiak zirela, humanoak zentzu txarrean, zentzu ahulean. Inork gutxik suma zezakeen, errieta bortitz horien atzean, beldurra ezkutatzen zela; hanka sartu, eta betiko irrigarri gelditzeko beldur ezkutua.

Guztiok izan dugu irakasleren bat. Gehienok hamaika izan ditugu. Gehiegi, beti ere. Espezie bakarra izan arren, ordea, tamaina eta mota askotakoak aurki ditzakegu. Horra zerrenda txiki-txiki bat.

Irakasle txikia



Irakasleak haurren aurrean handi azaldu behar du, derrigorrez. Ikaslea haurra da, edo, asko jota, nerabea. Haurrak ez du, inola ere, eskolak jasotzeko premiarik; ez du, egia esateko, eskolak jasotzeko gogorik txikiena ere. Esaldi batean esateko, ikasleak nahiago du zuhaitz batetik zintzilikatu, eskola aspergarri eta amaiezin horietan sartzea baino. Ikasleak, ordea, han egon behar du, isilik eta otzan; jo eta hanka egiteko, edota garrasi egiteko, edota mahaia hankaz gora jartzeko gogo ia kontrolaezinarekin. Hori guztiagatik, irakasleak autoritatea behar du, eta, nola ez, autoritatearen lehen ezaugarria beldurra da.

Irakasle txikiak badaki txikitasuna eta beldurra eragiteko ahalmena gaizki ezkontzen diren ezaugarriak direla. Oso gaizki. Egin kontu, gaurko ikasleak, zazpi urterekin, hainbat irakasle baino handixeagoak izan daitezkeela. Horregatik, irakasle txikiaren ezaugarria, makila da. Irakasle txikia ikasgelan sartu or-duko, isiltzeko aginduko du, eta, handik hiru segundura, norbait kaleratzeko mehatxua egingo du. Norbait horrek, tentuz jokatzea ahaztuz aginduari muzin egiten badio, zuzendariaren bulegoan amaituko du, eta, beranduago, gurasoentzako gutuntxo batekin joko du etxera. Eta ez da maitasun gutuna izango.

Irakasle txikia sinpatikoa izango da ikasturte hasieran, baina, ikasturtea amaitu orduko, ikasleek ez dute ikusi nahi ere egingo. Berrogei urte beranduago, ikasleak ez du ahaztuko: "Banuen irakasle deabru bat, txikia zen...".

Irakasle kirolaria



Irakasle hau da ikasleen laguna, eta irakasle txikien arerio nagusia. Kirolariak berez sortzen du errespetua, indar fisikoa, berez, erakargarria delako haurrentzako. Urte osoan txandala jantziko du, eta udan, besoak agerian eramango ditu. Ikasleek txundituta begiratuko diote, eta merituak egingo dituzte bere laguntasuna lotzeko. Urte amaieran, irakasle txikiarekin batera, ikasturte amaierako ikas-bidaiara joango da, Calellara, eta irakasle txikiak, gau luze baten ondoren, inbidia diola aitortuko dio. Nahigabea sortuko da kirolariaren bihotz xalo eta sinplean: "Zu oso listoa zara", ohartaraziko dio.

Irakasle emeek ere kirolaria nahiago dute; adinean sartutako neskazarren bat kenduta, zeinak, ederki jakingo baituen, irakasle kirolariak ez duela denborarik berekin hitz erdia ere gurutzatzeko. Orduan, irakasle txikiarekin hasiko da eskola arteko kafeak hartzen, eta irakasle txikiaren purrustak entzuten.

Gure kirolariak, ostera, bi urteko eszedentzia hartuko du, Nepal osoa bizikletaz zeharkatzeko, bere ikasle ohiekin batera. Bere lagunekin.

Irakasle super-andereñoa



Ehun eta berrogeita hamar urte daramatza ikastolan, eta beti izan da zaharra. Zaharra izan arren, ordea, ez da gehiago zahartzen. Haserretu behar denean, haserretu egiten da, eta, normalean, irakasle tonuari eusten dio, ia maitagarria, baina distantea. Zu, munduaren zentroa zarela sentitzen duen ikasle hori, bere milagarren ikaslea zara. Hala ere, tarteka, gurasoengatik galdetuko dizu, eskola amaitu eta jolas-garaira ateratzeko orduan, atzean geratu zarela aprobetxatuz.

Ikastola sortu zenetik dabil klaustroan, eta baita ikastolan dauden gainerako talde zein ekimenetan ere. Ez da politikan sartzen. Ez da inongo futbol taldekoa. Mundua ikastolan hasi, eta ikastolan amaitzen da. Urtean, lau hitzordu daude beretzat: Kilometroak, Ibilaldia, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez. "Izugarri" gozatzen du festa hauetan, baina ez du edaten, "gaizki egiten" baitio. Lasaitzeko, Oskarbiren diskoak jartzen ditu, eta Antton Valverderenak (sekretuan, berataz maiteminduta jarraitzen du).

Irakasle neskazarra



Zalantzan bizi da. Emakume ona da, sakonean; baina ez du nahi duen kimika lortzen. Ez gainerako irakasleekin, ez ikasleekin, ez gurasoekin. Maitasunetik gorrotora bidaiatzen bizi da. Haurren artean ikasle kuttunak ditu, eta ikasle gorrotatuak. Gorrotatuei, sistematikoki, eskas jarriko die hiruhilabeteko notetan, gainditu arren. Eta kuttunekin ez du arazorik izango; kuttunek, ez baitute inoiz bikaina baino maila apalagoa ematen. Gauetan ondo ari ote den galdetuko dio bere buruari, eta, zalantzaren zalantzaz, aldian behin, baja hartu beharko du, "ideiak ordenatzeko".