930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira Durangoko Azokan

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira Durangoko Azokan 248 standetako musika-produktu, liburu eta aldizkariez gain, gazteei zuzendutako egitaraua ere izango da abenduaren 9an. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/930-nobedade-eta-250-kultur-ekitaldi-baino-gehiago-izango-dira-durangoko-azokan/@@download/image/AZK22 guneen aurkezpena_0717 copia2.jpg
2022/11/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

248 standetako musika-produktu, liburu eta aldizkariez gain, gazteei zuzendutako egitaraua ere izango da abenduaren 9an.
930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira Durangoko Azokan

Durangoko Azokak 57. edizioa abenduaren 7tik 11ra izango da, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar). Aurrez aurre ez ezik, online ere eskuratu ahal izango dira nobedade guztiak, abenduaren 7tik 10era.

Landakon izango diren parte-hartzaileei dagokienez, 176 argitaletxe, diskoetxe,musikari eta abar elkartuko dira bertan, eta horietatik 34 lehenengo aldiz. Autoekoizleen plazan, berriz, 15 autoekoizlek hartuko dute parte.

Abenduaren 7an, azokaren ateak irekiko diren goizean, milaka ikasle bertaratuko dira. Ikasle Goizaren baitan, 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu dituzte eta hezitzaileentzako eskaintza ere izango da. Gazteei begirako egitaraua ere antolatu dute abenduaren 9rako, Gazte eztanDA! egunerako. Azokako ohiko ekintzez gain, 14:00etan gazte-bazkaria egongo da, norberak eramandako janariarekin; 17:00etan, EuskarAbenturak antolatutako ginkana izango da; eta 19:00etan, elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetan, ElektroPottotte eta OstiKda taldeekin.

250 kultur ekitaldi baino gehiago
Saguganbaran familientzako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak egingo dira, besteak beste, Etxepare saria irabazi duen Kiratsa liburuaren aurkezpena; Potx eta Lotx aireportuan pailazoen ikuskizuna; Eider Eibarren Maeiour euskaraz marrazten dugu! web-jokoaren aurkezpena edota Ene Kantak dantzan ikuskizuna.

Irudienean24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Paul Urkijoren Irati filmaren emanaldi berezia ere izango da, abenduaren 10ean. Szenatokian, San Agustin Kulturgunean, arte eszenikoko pieza laburrak erakutsiko dituzte, guztira 29 saio. 

Ahotsenea sortzaileen gunea Plateruenan kokatuko dute, eta 47 talde arituko dira bertan,tartean Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein, Willis Drummond, Xsakara, Bengo, eta Odei. Disko aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean. Solasaldien gunea, berriz, Musika Eskolan egongo da, eta bertan aurkeztuko dira eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak... Sortzaileen artean, Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Miren Azkarate edota Andoni Urzelai izango dira.

Landako guneko Areto Nagusian Kabi@k eta Talaiak guneak izango dira. Lehenengoan, mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egingo dira. Abenduaren 9an, Gamer Gela antolatuko da Game Erauntsia taldeko kideekin eta Rolariak taldeak ere hainbat mahai-jolas eramango ditu.Talaian, berriz, zabalkunde lanen aurkezpenak eta kultur arloko hainbat gairen inguruko hausnarketak izango dira.

Bestalde, Durangoko Arte eta Historia Museoan (H)AMAR erakusketa ipiniko dute, kanal anitzeko soinu instalazioa, eta apirilean zendu zen Iñaki Segurolari omenaldia egingo diote Alberdania argitaletxekoek. 

Azokaren aurretik eta ondoren ere izango dira ekitaldiak. Abenduaren 5ean, DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dira San Agustin Kulturgunean eta Bizenta Mogel bibliotekan. Bertan, musikariek eta familia-ikuskizunetako sortzaileek euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte teknikari eta profesionalen aurrean. Abenduaren 12tik aurrera, aldiz, Zu non, han DA! proiektua hasiko da, eta Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade Euskal Herriko liburu-dendatan eskuratu ahal izango dira. Guztira, 132 saltokik parte hartuko dute. Gainera, aurten lehenengo aldiz, sortzaileek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte liburu-dendetan. Euskal Herriko 45 liburu-dendatan egingo dira aurkezpenak, eta, bertan, hainbat sortzailek parte hartuko dute: Jon Arretxe, Goiatz Labandibar, Jakoba Errekondo, Lizar Begoña, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Aritz Galarraga, Nerea Ibarzabal...

Azokaren egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.