900 nobedadetik gora izango dira Durangoko Azokan

900 nobedadetik gora izango dira Durangoko Azokan 733 liburu eta 143 disko izango dira aurtengo uztaren barruan. Gaurtik aurrera egin ahalko da azoka bisitatzeko erreserba. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/900-nobedadetik-gora-izango-dira-durangoko-azokan/@@download/image/prentsaurreko56DA.jpg
2021/11/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

733 liburu eta 143 disko izango dira aurtengo uztaren barruan. Gaurtik aurrera egin ahalko da azoka bisitatzeko erreserba.
900 nobedadetik gora izango dira Durangoko Azokan

Durangoko Azoka osasun neurrietara egokitu beharko da, baina erakusmahaiak kultur produktuz beteko dira aurtengoan ere. Hain zuzen ere, 990 nobedade bilduko dituzte Landako gunean abenduaren 4tik 8ra egongo diren 219 erakusmahaietan eta abenduaren 3tik 7ra Azokako online dendan. Nobedade horietatik 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak izango dira. Katalogo osoa kontsultagai jarri dute webgunean. Guztira, 165 parte-hartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizioak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur elkarteak, erakundeak, banatzaileak... Horietatik 17 autoekoizleak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dutenak.

Postuetako produktuez gain, abenduaren 4tik 8ra egitarau oparoa izango du Durangoko Azokak. Edizio honetan bueltan izango dira Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Azoka Telebista eta Talaia izeneko gune berria, Areto Nagusiaren lekukoa hartuko duena. Programazio osoa Durangoko Azokaren webgunean jaso dute. 

Szenatokia gunean arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero, doako sarrerarekin, San Agustin kulturgunean. Bost ikuskizun izango dira abenduaren 4tik 8ra, antzerkia, dantza eta poesia uztartuko dutenak: Jon Ander Urrestiren Tribiz baserri galdua, Formol Laborategiaren Album antzezlana, Galder Perezek zuzendutako Lurrun minez lana, Bagara konpainiaren Interakzioa, eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen Högeitavat emanaldia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film proiektatuko dituzte, Zugaza zinemetan: hamabi film labur, hamaika dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi, eta hiru film haur eta gazteentzat. Inoiz baino parekideagoa izango dela iragarri dute, gainera, zuzendaritza eta protagonistetan emakumeak izango direlako nagusi. Hainbat gai jorratuko dira bertan: memoria historikoa, pantailak euskaraz egoteko aldarria... Iaz Sormen Beka irabazi zuen Bañolet websaila ere aurkeztuko dute abenduaren 5ean.

Saguganbaran familientzako tailerrak, ipuin kontalariak, liburuen aurkezpenak, jolas tailerrak, ilustratzaileak, umeei egokitutako zeinu hizkuntza tailerrak, musika ikuskizunak  eta sormen tailerrak egongo dira, besteak beste. Saguganbara betiko gunean egongo da, Elkartegian, Landako parean, baina saio batzuk Landakoko Areto Nagusian ere antolatuko dira. Kabi@, berriz, Areto Nagusi barruan izango da, eta programazioa hiru ataletan banatuko dute: Geruza digitalak izeneko hitzaldi laburrak; sorkuntza digitalaren inguruko mahainguru bat; eta Txikientzako lantegia izeneko jarduera.

Ahotseneak, ohiko moduan, musika eta literatura izango ditu ardatz. Plateruena barruan antolatuko diren zuzeneko kontzertuetan sortu berri diren taldeak eta ibilbide luzeko musikariak tartekatuko dira, hala nola Eneritz Furyak, Anari, Bulego, Diabolo Kiwi, Madeleine, Anita Parker edo Hegazkin. Literatur lanen inguruko solasaldiak, berriz, Areto Nagusian eta Musika Eskolan izango dira. Bertan, eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak, komikiak, itzulpenak zein bestelako lanak aurkeztuko dituzte hainbat sortzailek, besteak beste, Eider Rodriguez, Leire Vargas, Itziar Ugarte, Alaine Agirre, Lander Garro, Amaiur Epher, Alberto Barandiaran eta Aritz Galarragak.

Euskarazko literaturaz aparte, bestelako argitalpenak ere izango dira: dibulgazio liburuak, ikerketa lanak, euskal gaia lantzen duten argitalpenak… Horiek guztiak Talaia guneko bi espaziotan bilduko dituzte, Landako guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Liburu aurkezpenak eta mahainguruak izango dira eta, besteak beste, musika elektronikoaz, ilustrazioaren munduaz, gazte sortzaileen ikuspegiaz arituko dira. 

Bestelako jarduerak
Azoka aurreko egunetan, abenduaren 1etik 4ra, DA! PRO egitasmoa antolatuko dute, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko topagunea. Aurkezpen, mahainguru eta hitzaldiak izango dira Durangoko hainbat espaziotan. Horretaz gain, aurtengoan Ikasle Goiza modu presentzialean egingo ez denez, portaDA! egitasmoa jarri dute martxan Euskal Herriko ikasleentzat. Erronka honen bitartez, ikasleek euren sormena landu beharko dute euskarazko disko eta liburu baten azala erabilita. Bertan parte hartzeko epea bihar, hilak 30, amaituko da.

Erreserbak gaurtik aurrera
Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko, Ahotseneako ekitaldietara, nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea eta gaur jarriko dute martxan erreserbatzeko sistema Azokaren webgunean. Landako Gunean 1.200 bisitariko bost txanda izango dira egunero, ordu eta erdiko bisita egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan musukoa erabili beharko da uneoro, eta ezin izango da jan eta edan.  

Streaming bidezko emanaldiak
Azoka TBk Azokaren jarraipen zabala egingo du urtero bezala. Azokako webgunean  bi streaming kanal egongo dira, Plateruenan eta Areto Nagusian gertatzen ari dena zuzenean jarraitzeko. Gainera, Azoka TB eta EITBren arteko elkarlana dela medio, Azoka TBk kulturaren plazaren bueltan gertatzen dena jasoko du eguneroko saio batean.