82 urteren ondoren, Gernika
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte bonbardaketa gogoratzeko; gaur, Mikel Ayestaran kazetaria sarituko dute.
Gaur, apirilak 26, 82 urte bete dira Kondor Legioko hegazkin alemaniarrek eta beste hainbat abioi italiarrek Gernika bonbardatu zutenetik. Azoka egunez hiru erasoaldi egin zituzten airetik; 120 lagun baino gehiago hil zituzten, eta ehunka zauritu. Urteurrenaren harira, aste osoan zehar hainbat ekitaldi prestatu dituzte herrian.
Ostiral honetan urteurrena bereziki gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Nabarmenetako bat Mikel Ayestaran kazetariari eskainiko dioten George Steer/Gernika saria izango da; Beasaingo kazetariak urteak eman ditu nazioarteko gatazkak lehen eskutik transmititzen eta gerren inguruko informazioa eskaintzen. Egun, Jerusalem hirian finkaturik dago, eta bertatik ematen du inguruko egunerokotasunaren berri, gehienbat EITB telebista katean. Urtetan egindako lana aitortzeko, Gernika-Lumoko Udalak saria eskainiko dio, bakearen aldeko kazetaritza lantzeagatik. Sari hau ematen duten lehen aldia da.
Bestalde, gaur ere Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko XV. Gernika Sariak eskainiko dituzte Lizeo antzokian. Hauek dira aurtengo saridunak:
- CHRISTOS STYLIANIDES (Laguntza humanitarioko eta krisi-kudeaketako Europako komisarioa)
- PAUL PRESTON (Historiagilea)
- ÁNGEL VIÑAS (Historiagilea)
- XABIER IRUJO (Historiagilea)
Gernika bakearen eta berradiskidetzearen aldeko sariak 2005 urtean sortu zituzten Gernika-Lumo eta Pforzheimgo Udalen eta Gernika Gogoratuz, Gernika Bakearen Museoaren eta Kultur Etxearen Fundazioen eskutik. Sariek, euren lanarekin bakea eraikitzen eta adiskidetzea sustatzen lagundu duten pertsona fisiko zein juridikoen, erakundeen edo bestelako pertsonataldeen aintzatespena jendaurrean azaltzea dute helburu.
Jarraian, gaur, hilak 26, Gernikan egingo diren ekitaldien inguruko informazioa topatuko duzue. Asteburuan antolatu dutena ezagutzeko, ikusi egitaraua osorik.
HILAK 26, OSTIRALA:
11.00 h. – “Talleres de Gernika” babeslekua zabaltzea.
12.00 h. – BAKEAREN ETA BERRADISKIDETZEAREN ALDEKO XV. GERNIKA SARIAK 2019ko Sari bananketaren ekitaldia. Lizeo Antzokia.
15.45 h. – “4 minutu”. Ekintza herrikoa, sirena eta kanpai hotsak.
16.30 h. – Baonbardaketan hildakoen aldeko elizkizuna eta lora eskaintza. Zallo H0ilerrian. Gaudeamus koralaren parte-hartzea.
18.00 h. – GEORGE L. STEER / GERNIKA BAKEAREN ALDEKO KAZETARITZA I. SARIA , Mikel Ayestaran kazetariari.
Segidan George Steer-i eta Gerrako korrespontsaleei omenaldia. Lora eskaintza kazetariari eskainitako eskulturan.
21.00 h. – Ibilbide isila kandelekin. Hasiera Foru Plazatik.