'80 egunean' filmak hiru sari jaso ditu Tolosan

'80 egunean' filmak hiru sari jaso ditu Tolosan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/80-egunean-filmak-hiru-sari-jaso-ditu-tolosan/@@download/image/20111011523980hasera.jpg
2012/12/13
berria
'80 egunean' filmak hiru sari jaso ditu Tolosan
Nazioarteko sariketetan oso ibilbide polita ari da osatzen Garaño eta Goenagaren film.

Duela urte eta erdi, 2010eko maiatzaren 21ean, estreinatu zuten filma. Axun (Itziar Aizpuru) eta Maiteren (Mariasun Pagoagaren arteko maitasun istorioa kontatzen du. Eskola garaian laguntasunaren eta maitasunaren arteko mugan zegoen harreman berezia bizi izan ondoren, bakoitzak bere bizitza egingo du: batak baserrira gizon batekin ezkonduta, bestea hirira lesbiana bezala. 50 urte geroago topo egingo dute eta berriro berpiztuko dira sentimenduak eta euren muga lausoak.
Istorioak arrakasta polita izan zuen geurean, bi amonaren maitasun istorioa ezohiko gaia izanagatik istorioaren naturaltasunak eta samurtasunak erabat konbentzitu zuen ikuslegoa. Eta naturaltasun eta samurtasun horrek hainbat bide ireki dizkio guretik kanpora ere. Montrealgo eta Karlovy Vari zinemaldietako sail ofizialetan sartu ahal izan zuen, biak ala biak mundu mailan kategoria altuenekoak (A kategoria). Eta honen ondotik London, Cairo, Munbai, Clevelan, Reykjavik… Guztira 80 zinemalditan ikusi ahal izan da. Eta sariak jaso ere bai: Leccen (Italia) gidoi onena, Annonay-ko Festival Internacional du Premier Filmean (Frantzia) epaimahiaren sari berezia, Hamburgoko Queer Festival-ean ikusleen saria… 23 sari guztira.
Tolosako (Okzitania) zine jaialdian beste hiru gehitu zaizkio bildumari. Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoagak emakumezko interpretazio onenaren saria jaso dute. Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok zuzenduriko filmak, berriz, gidoi onenaren eta ikusleen sariak jaso ditu.
Filmak edozein txokotara eta edonorengana iristeko adinako maila duela erakutsi du. Zuzendarientzat eta aktore gehienentzat lehen film luzea izan arren eta euskarazkoa izanik ere. Torremolinoseko Gai zinenalmadia, Nazioarteko Rio de Janeiroko zinemaldia, eta San Juan de Puerto Ricoko zinemaldia dira hurrengo geltokiak.