7Katu gaztetxearen aurkako erasoa

7Katu gaztetxearen aurkako erasoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/7katu-gaztetxearen-aurkako-erasoa/@@download/image/200822262607katu1.jpg
2012/12/13
berria
Bilboko 7Katu gaztetxeko kideek salatu dutenez, udaltzainek eta ertzainek joan den astelehenean, otsailak 18, gaztetxea hustu egin zuten eta bortizki oldartu ziren bertaratutako jendearen aurka. Gaztetxeko lagunak baina, berriro sartu ziren lokalera, eta bertan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Guztia salatzeko larunbatean, otsailaren 23an, manifestazioa egingo dute 20:00tan plaza biribiletik abiatuta

Zazpi katuko asanbladak otsailaren 18an gertatutakoa azaldu du eta balorazioa plazaratu du:
"Astelehenean goizeko 9:00tan Ertzaintza eta Udaltzaingoa Gaztetxe ingurura joan ziren. Atera irekitzeko asmoz hurbildu zirenean, barruan zegoen gazteak alarma jarri zuen, eta auzoko jendea gaztetxera hurbiltzen saiatu zen. Ertzaintzak bidea itxi zuen jendea bertara iritsi ez zitezen.
Udaltzainek atea ireki ezin zutenez, suhiltzaileei deitu ziten eta hauek atea suntsitu zuten. Lokala goitik behera begiratu ondoren, barruan zegoen mutila kanporatu eta identifikatu zuten, eta orduan Ertzaintzak neurririk gabe kargatu zuen momentu horretan zegoen jende ororen kontra. Emaitza: 6 identifikatu eta 10 zauritu.
Gaztetxeko jendeak gertatutakoa salatzeko arratsaldean manifestazioa egitea erabaki zuen, eta bertan 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Gero, auzoari lapurtutako lokal autogestionatua berriz okupatu zuten.
Gertaera hauek guztiak Udalak Gaztetxeen kontra daraman estrategiaren barruan ikusten dugu. Gero eta legitimitatea handiagoa duen eta gero eta beharrezkoagoa den mugimendu bat kriminalizatu nahian.
Guk bizitza eta alaitasuna eman nahi diogu auzoari, eta horregatik ireki dugu berriro 7Katu gaztetxea. Udalari argi eta garbi esan nahi diola gure egoera bere ardurapean dagoela.
Bukatzeko, gertatutako guztia salatzeko manifestazioa egingo dugu otsailaren 23an Plaza Biribiletik abiatuta 20:00etan."

7Katu gaztetxekoek Bilboko Okupazio Mugimenduaren babesa jaso dute, eta hauek ere manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.