70eko eta 80ko hamarkadan jaiotako bertako emakume zinemagileen lanak emango dituzte Donostian eta Gasteizen

70eko eta 80ko hamarkadan jaiotako bertako emakume zinemagileen lanak emango dituzte Donostian eta Gasteizen Maider Oleaga, Arantza Santesteban, Alauda Ruiz de Azua, eta Clara Bilbaoren filmak proiektatuko dituzte, besteak beste, urritik abendura. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/70eko-eta-80ko-hamarkadan-jaiotako-bertako-emakume-zinemagileen-lanak-emango-dituzte-donostian-eta-gasteizen/@@download/image/muga_deitzen_da_pausoa.jpg
2024/10/01
Maider Oleaga, Arantza Santesteban, Alauda Ruiz de Azua, eta Clara Bilbaoren filmak proiektatuko dituzte, besteak beste, urritik abendura.
70eko eta 80ko hamarkadan jaiotako bertako emakume zinemagileen lanak emango dituzte Donostian eta Gasteizen

Euskadiko Filmategiak Euskal emakume zinemagileak zikloaren laugarren edizioa antolatu du eta 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien hamaika film emango dituzte, urritik abendura, Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Artium Museoan. Egile gehienek euren lanak aurkeztuko dituzte.

Euskal Herriko hiru pertsona nabarmenen inguruko pelikulak ikusi ahal izango dira. Nestor Basterretxea eskultore bermeotarraren bizitza eta obra erakusten ditu Señales de vida: Néstor Basterretxea (Gentzane Martinez de Osaba eta Alejandro Garcia de Vicuña, 2014) lanak. Maider Oleagak Elbira Zipritia andereñoaren eta ikastolen bultzatzailearen inguruko Muga deitzen da pausoa (2018) aurkeztuko du. Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk, berriz, Eulalia Abaitua argazkilari aitzindariari buruzko Norberaren gela (2021) filma ekarriko dute.

Galiziako kartzela batean preso dagoen aita bat emaztearengandik eta semearengandik bereizita nola bizi den kontatzen duen Bost minutu (Amaia Nerekan, 2021) pelikula emango dute. Arantza Santestebanek, 918 gau (2021) obran, bi urte eta erdi kartzelan emateak eragin zizkionak kontatu ditu. Zarata (2023) lanean, aldiz, Tamara Garcia Iglesiasek bi lagunen harremanak erakusten ditu, eta Alauda Ruiz de Azuak amatasunaren erretratua egin du Cinco lobitos (2022) pelikulan.

Bestetik, Nosotras, mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016), Euskalduna ontziolaren itxiera saihesteko borrokari buruzko filma, eta Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea, 2021), gurpil-aulkian dabiltzan emakumeen Espainiako saskibaloi-ekipoari eta 2020ko Joko Paralinpikoetarako lortu zuten sailkapenari buruzko dokumentala ere ikusi ahal izango dira.

Azkenik, La ama (Arantza Ibarra eta Luisje Moyano, 2016) eta Clara BilbaorenTratamos demasiado bien a las mujeres (2024) ere proiektatuko dituzte. Azken honek Carmen Machi, Antonio de la Torre eta Luis Tosar aktoreak ditu protagonista.