65 urtetik gorako bost adinekoetatik batek bakarrik pasako ditu Eguberriak

Familiari lotuta egon ohi dira Eguberriak, etxera bueltatzen direnen elkartzeak, plater goxo ugariren inguruan pertsona zoriontsuak biltzea... Hori izan ohi da irudia bederen. Errealitatea ez da beti horrela ordea. Mundu guztiak ez ditu mahaia elkarbanatzeko maite dituen pertsonak alboan, edo baldin baditu ere, beharbada beste pertsona horien aldetik ez dago berarekin mahaia partekatzeko elkarrekikotasuna.
Salvaescaleras Thyssenkrupp-homesolutions enpresak inkesta bat burutu du 65 urtetik gorako bere bezeroen artean jakiteko Eguberriak zeinekin ospatuko dituzten. Bostetik batek bakardade erabatekoan iragango dituztela aitortu dute. Arrazoien inguruan galdetuta honakoak izan dira erantzunik ohikoenak:
Ez dute harremanik beren familiartekoekin (%32).
Bere familia bidaian doa (%21).
Ez dira hemen bizi (%15).
Ez dute familiarteko zuzenik (%12).
Familiartekoek Eguberriak familia politikoarekin igaroko dituzte (%9).
Bakarrik egon nahi dute (%6).
Harrigarriena ordea da, nahiz eta adinekoen %60ak aitortu triste sentitzen direla egun seinalatu hauetako bakardadeagatik, %40ak adierazi du gozatzen dutela bakarrik egoten, ez baitute gogorik ongi eramaten ez diren familia ikusteko, gehiegi jateko eta gaueko loa galtzeko.