Sei urteko neska txinatar batek munduko errekorra lortu du Rubiken kuboa segundo gutxian ebatzita
Sei urte dituen Lian Yunzhi txinatarra emakumezko speedcuber azkarrena bihurtu da segundo gutxian Rubiken kuboa behar bezala osatuta. World Cube Association (WCA) elkarteak ziurtatu duenez, hilabete berean jokatutako lehiaketetan bi aldiz hautsi zuen diziplina horretako emakumezkoen munduko errekorra.
4,27 eta 4,52 segundoko batez bestekoak lortu zituen 3x3x3 Rubikeko kuboa ebazten, proba bakoitzean bost aldiz kuboa alde bakoitzean kolore berekin osatzen aritu eta gero. Hori dela eta, 4.5 segundo baino gutxiagoan egitea lortu duen lehen speedcuber emakumezkoa da Chengdu hiriko neskatoa.
Speedcubing- a Rubiken kuboa ahalik eta denbora laburrenean ebaztea datzan diziplina lehiakorra da. WCA elkarteak zehazten ditu arauak: kuboa bost aldiz ebatzi behar da, eta saiakerarik onena eta txarrena baztertzen dira azken batez bestekoa kalkulatzeko. Sistema horren bidez, ezohiko emaitza bakar batek edo emaitza kaskar batek lehiakidearen benetako puntuazioa desitxuratzea saihestu nahi dute.
Lian Yunzhi, Zhizhi ezizena duena, eskolaz kanpoko jardueretan hasi zen Rubiken kuboarekin. Dantza eta musika klaseez gain, bestelako klase batzuetan eman zuen izena eta han ezagutu zuen kuboa, Lin Yangxi amak kontatu duenez.
Ama pixkanaka konturatu omen zen "haurraren gaitasun integralak sustatzeko jarduera bikaina" zela, eta horretan jarri omen zuen arreta. "Rubiken kuboa ebazteak arreta, memoria, pentsamendu logikoa eta kontzientzia espaziala hobetzen ditu, eta irabazteko eta galtzeko mentalitate osasuntsua garatzen laguntzen du. Kontua ez da formulak itsu-itsuan gogoratzea, baizik eta arrazoiketa logikoa erabiltzea irtenbide onenak aurkitzeko", azaldu du.
