37. Euskal Zine Bilera

37. Euskal Zine Bilera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/37-euskal-zine-bilera/@@download/image/euskal_zine_bil_1398842227.jpg
2014/04/30
berria
37. Euskal Zine Bilera
Urtero Lekeition antolatzen duten Euskal Zine Bilerak 37. edizioa izango du aurtengoa. Azaroaren 23tik 29ra egingo dute jaialdia, baina horren aurretik, lehiaketan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Irailaren 12an amaituko da lanak bidaltzeko epea.


Euskal zinegile amateurrei laguntza eta oihartzuna ematea, eta euskarazko zinegintzaren bilgune bilakatzea du helburu urtero Lekeition antolatzen duten Euskal Zine Bilerak. Iaz 50 lan baino gehiago aurkeztu zituzten lehiaketara, eta aurten ere erantzun berbera jasotzeko asmoz zabaldu dute deialdia antolatzaileek. Gehienez ere 30 minutuko lanak bidali ahal izango dira irailaren 12a baino lehen, eta euskaraz errodatuak beharko dute izan.

Profesionalen eta amateurren kategorietan bereizita, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia sarituko ditu epaimahaiak, 1.600 euro eta 1.000 euro kategoria bakoitzeko profesional eta amateurrentzat. Film Onenaren saria ere emango dute, 1.900 eta 1.300 euro hurrenez hurren. Eta iaz lehen aldiz banatu zuten Gazte 22 saria (600 euro) eta aurten aurrenekoz emango duten Antzar Morea izendapena (500 euro) ere sarien zerrendan izango dira; 22 urtez azpiko lagunek zuzendutako lan onenak eta genero ikuspegia hoberen txertatzen duen filmak jasoko dituzte izendapenok.

Hartu parte!
Lehiaketan parte hartzeko bidea egokitu egin dute aurten: filmak online aurkeztu beharko dira UpToFest plataformaren bidez. Euskal Zine Bilera aukera sakatu eta izen-emate orria, filmeko bi fotograma, trailerra ikusteko lotura, pelikularen kartela eta egilearen nortasun agiriaren kopia txertatu behar dira eskaeran. Jasotako lanen kopurua 50 baino altuagoa bada, epaimahaiak lehen aukeraketa bat egingo du.

Lanak, noski, muntatuta aurkeztu beharko dira, eta pelikularen hasiera eta amaiera ondo adieraztea ezinbestekoa izango da. Kontsultatu oinarriak alboko eskuorrian, eta has zaitezte lanean!