3.367 lanek hartuko dute parte Zinebiren 55. edizioan

3.367 lanek hartuko dute parte Zinebiren 55. edizioan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/3367-lanek-hartuko-dute-parte-zinebiren-55-edizioan/@@download/image/zinebi_55_1379927408.jpg
2013/09/24
berria
3.367 lanek hartuko dute parte Zinebiren 55. edizioan
Azaroaren 15etik 22ra egingo dute Bilboko Udalak eta Arriaga Antzokiak antolatzen duten Zinebi Nazioarteko Zine Dokumental eta Laburmetraia Zinemaldiaren 55. edizioa. Nazioarteko filmen artean, Frantzia, Espainia, Alemania eta AEBetan ekoitzitakoak dira gehienak.


55. edizioa izango du aurten Zinebi Nazioarteko Zine Dokumental eta Labrumetraia Zinemaldiak, eta urtero legez, nazioartetik nahiz bertatik heldutako filmak proiektatuko dituzte astebeteko epean. Atzerritarrei dagokienez, Espainia, Frantzia, Alemania eta AEBetako lanak izango dira nagusi, nahiz eta Brasildik, Erresuma Batutik, Kanadatik, Irandik, Italiatik, Errusiatik, Argentinatik, Mexikotik, Kamerundik, Moldaviatik, Angolatik eta Nepaletik ere hainbat film jaso dituzten antolatzaileek. Oro har, dena den, edizio honetako protagonista euskal zinema izango da; iaz 78 lan izan ziren, aurten, aldiz, 115 jaso dituzte.

Orotara 3.367 proposamen iritsi dira, eta horien artean hainbat aukeratu ditu epaimahaiak Sail Ofizialen parte hartzeko. Fikziozko lanak, dokumentalak eta animaziozkoak dira guztiak, eta Sari Nagusia nahiz Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzea izango dute jomuga guztiek.

Jaialdia azaroaren 15ean, ostirala, hasiko da, eta aste betez luzatuko, hilaren 22ra bitarte. Edizio honen antolaketan hiriko hainbat elkarte, profesional eta zine eskolek hartu dute parte, eta filmak Teatro Campos Eliseosen proiektatuko dituzte. Gainera, Zinebi Express lehiaketaren 6. edizioa egingo dute, eta proiekzioez gain hitzaldi, zuzeneko emanaldi eta jai bereziek osatuko dute egitaraua. Adi egon, agenda osoa laster argitaratuko baitute hemen!

Edizio honetako kartela


55. edizioko kartela Oscar Marine ilustratzaileak egin du. 2010ean Diseinu Sari Nazionala jaso zuen Espainian, eta besteak beste, Bruce Springsteen, Andrés Calamaro, Tomatito, Siniestro Total eta The Psychedelic Furs artisten diskoen azalak egin ditu, baita Pedro Alvodovar, Alex de la Iglesia eta Julio Medem zinegileen film batzuetako kartelak ere.

Zinebiren irudian bere burua irudikatu du, urtero urtero, hutsik egin gabe, jaialdira joaten diren gazteak islatu asmoz. Modu autoparodiko eta dibertigarrian, pastadun betaurrekoak soinean, zinezaleei eginiko keinua da.