25. mugarria

25. mugarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/25-mugarria/@@download/image/ia_03_1380719958.jpg
2013/10/07
erreportajea
Argazkiak: Ikasle Abertzaleak
25. mugarria
Ikasle Abertzaleak antolakundeak 25 urte bete ditu aurten, eta azaroaren 16an Azken Ikasle Dantza jaialdia egingo dute Donostian urteurrena ospatzeko.


Ikasleen eskubideak defendatu eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propioa garatzeko ideiak bultzatuta hainbat gazte bildu ziren 1998an Iruñeko Txantrea auzoan. Euskararen alde eta jasaten zuten errepresioaren aurka borroka egiteko prest ziren, eta lehen une hartan helburu jakinik definitu ez bazuten ere, urteak aurrera, Euskal Eskola Nazionala izenaz ezaguna den proiektu politikoa bilakatu zen Ikasle Abertzaleak antolakundearen iparra. 2002an urrats bat gehiago eman eta nazio mailako izaera eskuratu zuten Ezpeletan eginiko ekitaldian, eta Euskal Curriculuma osatzeko eta eskolak euskalduntzeko ahaleginetan jardun zuten, beste hainbat lanen artean. 2009 eta 2010. urteak ere esanguratsuak izan ziren antolakundearen ibilbidean, Euskal Herriko hainbat sektore, eragile eta alderdirekin batera elkarlanean jarduteko hautua egin baitzuten.

Proiektu arrotzen aurrean ikasleen ahotsa izatea lortu du IAk azken bi hamarkada eta erdian. Bologna Prozesuaren hastapenetan, esaterako, egitasmo pribatizatzaile eta homogeneizatzailea zela salatu zuten, eta euskal unibertsitatea sortzeko nahia zapuzten zuela. 2006. urtea zen. Egun, baina, asko dira iritzi horrekin bat egin dutenak. Gauza bera gertatu da selektibitateko azterketetan izandako aldaketekin, Espainiako eta Frantziako Historia ikasgaien inposizioarekin, hizkuntza ereduen gaineko politikekin, Espainiako LOMCE (Ley Organica para la Mejora de la Calidad Educativa gaztelaniaz) legearekin, tasen igoerarekin eta hezkuntzaren gaineko murrizketekin.

"Nazio eta askapen borroka ez da erraza, ikasleok zapalkuntza hirukoitza pairatzen baitugu, klase, genero eta herri zapalkuntza, eta horri aurre egiteko modua proiektu ezkertiar, feminista eta euskalduna eratzea izan da", azpimarratu du Ikoitz Arrese IAko kideak. Lurralde zatiketak, eta Espainia eta Frantziaren erasoek, halaber, Euskal Herriko hezkuntza sistema arrailtzen dutela gaineratu du, baina era berean, herritarren artean hezkuntzarekiko konpromisoa piztu dutela, eta hainbat eragile, hala nola Sortzen Ikasbatuaz Elkartea, Ikastolen Elkartea, Hik Hasi egitasmoa, Udako Euskal Unibertsitatea edota euskal sindikatuak, sistema propio bat eratzeko prest jarri dituela.

2013 honetan 25 urte beteko ditu antolakundeak, eta azaroaren 16an Donostian bilduko dira urteurren bereziaren harira. Orain arteko formatua baliatuz eginiko azken jaialdia izango da, eta horregatik jarri diote Azken Ikasle Dantza izena ekitaldiari. Aurtengo kanta eta bideoklipa Gose taldearen eskutik joan dira, eta aurreko urteetako kantuen bertsioak biltzen dituen diskoa kaleratu dute, antolakundearen ibilbidea doinuz janzteko. Gonbidatuta zaudete!