23. Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du
23. Korrikak baxoa eta brebeta euskaraz egiteko hiru hamarkada baino gehiagoan borrokan aritu eta ari diren ikasleei egin die aitortza. Izan ere, azterketak ikaskeketan erabili ez duten hizkuntzan, frantsesez, egitera behartzen dituzte, baina, hala ere, euren hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten jarraitzen dute, "beren notetan kaltea onarturik".
Omenaldiak haien egoera ezagutarazteko bozgorailu izan nahi du. Korrikaren arduraduna den Ane Elordik aipatu duenez, "Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela”.
Elorri Falxak, Manex Erdozaintzi-Etxart ikastolako irakasleak, adierazi du "frantses administrazioak irakasleria konplize nahi duela hizkuntza zapalketan. Brebeta euskaraz egitearen aldeko borroka irabazi genuen, baina orain Baxoaren tenorea da. Ikastolak, hautetsiak, jendartea… herri oso baten sustengua beharko dugu borroka hau ere irabazteko”.

AEK-k oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, eta Bernat Etxepare lizeokoei. “Egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta izaten ari da. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza; AEKren partetik, gure esker ona, euskaldunon eskubideen alde lehiatzeagatik”.
Testigantzak biltzen dituen dokumentala
Lander Garrok zuzendutako Oihaletxea ikus-entzunezkoa ere aurkeztu dute. Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Ordu erdi pasatxoko iraupena du eta otsailaren 8an estreinatuko da EITBn. “Korrikak eta Azterketak Euskaraz taldeak badute zerbait komunean, guztiontzat begi-bistakoa denaz aparte: biak jaio ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi ekimenak maite ditugu, baina ez dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko”, esan du Garrok.
Dokumentalaren izenaren atzeko metafora ere azaldu du zuzendariak: "Euskara irudikatzen duen metafora da. Gu oihaletxe edo oihal-etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen (haizea, hotza, ekaitza) mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu, desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik; izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez, eskuartean duguna atxikitzen dugu. Aurrera egingo dugu, harrotasunez, harik eta oihaletxe hauskor eta arin hauek, eguraldi apetatsuaren aurka, harrizko etxe sendo eta atsegin bihurtu arte".
