22. Korrikaren ibilbidea ezagutu nahi al duzu?

22. Korrikaren ibilbidea ezagutu nahi al duzu? AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n irtengo da Amurriotik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Ibilbidearen xehetasunak Korrikaren aplikazioan kontsulta daitezke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/22-korrikaren-ibilbidea-ezagutu-nahi-al-duzu/@@download/image/245effadf41c6129f4fe7accc564ef86_XL.jpg
2022/01/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

AEK-k antolatutako euskararen aldeko ekimen erraldoia martxoaren 31n irtengo da Amurriotik eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Donostian amaituko da, apirilaren 10ean. Ibilbidearen xehetasunak Korrikaren aplikazioan kontsulta daitezke.
22. Korrikaren ibilbidea ezagutu nahi al duzu?

Ohiturari eutsiz, aurreko Korrika Gasteizen amaitu zenez, herrialde berean hasiko da 22.edizioa ere: Araban. Amurriotik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa martxoaren 31n, arratsaldeko 16:30ean. Lehenengo arratsalde/iluntze horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena.

Apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du Korrikak, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, eta Gipuzkoara sartuko da ondoren, Eibarretik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta, buelta Arabara, Legution barrena, arratsaldeko 17:00etan edizio honetako lehen hiriburua zeharkatuko du: Gasteiz.

Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko goizaldean. Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñea hiriburutik Elortzibarrera. Hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, eguna amaitzeko (igandea izango da dagoeneko), Erriberara.

Apirilaren 3ko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioetako orena izango da. Mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko arratsaldeko 17:00etan hirugarren hiriburuan sartuko da: Donibane-Garazi. Ez da bakarra izango; izan ere, iluntzeko 21:30ean Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k. Lasterketa erdia eginda egongo da ordurako.

Apirilaren 5eko lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.

Apirilaren 6arekin batera helduko da Arabako hurrengo etapa. Mugatik Kanpezurako bidean barrena, eta Mendialdean ibiliko da lekukoa, eskuz esku. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizio honetan bigarren aldiz. Ondoren, bi egun emango ditu Bizkaian KORRIKAk: Arratiatik Usansolora, eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6aren iluntzeko 19:30 izango dira dagoeneko. Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan, eta goizaldea Uribe Kostan pasako dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira, eguna azkenik Mutrikun amaitzen ikusteko.

Apirilaren 8 osoa Gipuzkoan emango du Korrikak: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko. Larunbatarekin batera ekingo diote korrikalariek Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinen barrena. Apirilaren 9a Lapurdiren txanda izango da, eta lekukoa arratsaldeko 17:30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu KORRIKAk ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean utzita, Oarsoaldea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko da KORRIKA Donostia Gipuzkoako hiriburura, goizeko 7:30ak aldera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago, Donostiako Boulevardean.

Gailu adimendunetarako aplikazioa
AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak, esaterako) eta ekimenaren beraren unean-uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako Korrika aplikazioaren bidez. Programak hainbat berrikuntza izango ditu: bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria, kasu. Aplikazioa eskuragarri dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai Korrikaren webgunean.

KORRIKAren 22. edizioa egingo da aurten, HitzEkin lelopean. Honela azaldu dute leloa: “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Interesdunek Korrika bulegoekin jarri behar dute harremanetan, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko.