2021eko Europako pizzarik onenak

50. Top Pizza rankingaren bosgarren edizioa egin dute aurten eta Italia eta inguruko herrialdeetako 50 pizzeria onenak zeintzuk diren erakusten duen sailkapena egin dute. Europako 28 herrialde agertzen dira zerrendan eta irabazlea Frantziako Peppe Pizzeria izan da. Peppe Cutraro maisua da Parisko pizzeria honen jabea. Urteko errendimendu onenaren saria ere eman diote.
Bigarren postuan Francesco Calòren Vienako Via Toledo Enopizzeria ageri da. Austriako pizzeriarik onena izateaz gain, garagardo hautaketa eta zerbitzuagatik ere eman diote saria. Hirugarrena, berriz, Riccardo eta Vittorio Figuratok zuzendutako Fratelli Figurato da, Madrilen kokatua.
Podiumaren atarian eta 10 onenen artean geratu dira Ingalaterrako pizzeriarik onena, Londresko 50 Kalò di Ciro Salvo Pizzeria; Kopenhageko Bæst; Amsterdameko nNea; Suediako Falkenberg hiriko Lilla Napoli; Bruselako La Piola Pizza; Alemaniako Fürth hiriko Naples Authentic neapolitan Pizza; eta Suitzako Geneva hirian kokatutako Kytaly.
Aurtengo pizzeria gehienak Frantzia eta Espainiako Estatukoak dira, bi herrialdetako bosna agertzen baitira zerrendan. Launa dituzte sailkapenean Alemaniak eta Ingalaterrak, hiruna Danimarka eta Errusiak, eta bina Belgika, Finlandia eta Suitzak.
Aipatzekoa da Finlandiako 450°C jatetxeko Filomena Tursi-ri egindako aitortza, pizzeria 36.postuan egon arren, berak lortu baitu urteko pizzagilearen saria.
50 Top Pizzako ikuskatzaileek Europa zeharkatu dute jatetxe bakoitza hainbat irizpideren arabera epaitzeko: pizzaren lehengaien kalitatea, zaporea eta digerigarritasuna; zerbitzuaren kalitatea; lokalaren diseinua eta garbitasuna; itxaronaldi-denbora eta jatetxearen kudeaketa; ardoen karta; garagardo eskaintza; eta gainerako edariak.
Ingurumena errespetatzeagatik aitortza
Aurtengo nobedadea Labe Berdea izeneko aitortza izan da. Honen bidez pizzeriaren praktika jasangarria baloratu nahi dute. Ikuskatzaile talde batek hartu du erabakia honako irizpide hauek kontuan izanda: ingurumenarekiko errespetua, hondakinen aurkako borroka, inpakturik gabeko energiaren erabilera, edota negozioak martxan jarritako beste edozein ingurumen-politika. Europan hiru pizzeriek baino ez dute lortu aitortza: Kopenhageko Bæst, Bartzelonako Sartoria Panatieri eta Falkenbergeko Lilla Napoli.
50 Top Pizza proiektuko Barbara Guerra, Luciano Pignataro y Albert Sapere komisarioek adierazi dutenez, "oraindik joera txikia dago baina nabarmendu egin nahi dugu ahalegina. Etorkizunean joera areagotzea espero dugu eta ingurumenarekiko praktika onak ohikoagoak izatea pizzaren munduko komunitate erraldoi honetan".