“Z belaunaldia”: Antsietate gehiagorekin eta deprimituagoak

“Z belaunaldia”: Antsietate gehiagorekin eta deprimituagoak 22 urtetik beherakoen belaunaldi honek interes gutxiago du haurdunaldi ez planifikatuak edota alkohola bezalako arazoetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cz-belaunaldia201d-antsietate-gehiagorekin-eta-deprimituagoak/@@download/image/1554304518_731069_1554305983_noticia_normal.jpg
2019/07/23

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

22 urtetik beherakoen belaunaldi honek interes gutxiago du haurdunaldi ez planifikatuak edota alkohola bezalako arazoetan.
“Z belaunaldia”: Antsietate gehiagorekin eta deprimituagoak

Z belaunaldiak, demografoen arabera, 1997a ondoren jaiotakoak definitzen ditu. Belaunaldi hau ez da horren hedonista, jokabide hobea du, baina inoiz baino bakardade handiagoa pairatzen dute The Economist-en argitaratutako txosten batek dioenez. Horretarako, 13-17 urte bitarteko 920 pertsonako lagina aztertu zen.

Ikertzaileen arabera, gazte hauek ez dira horrenbeste kezkatzen nerabezaroko arazoez, hala nola haurdunaldi ez planifikatuez edota alkohol gehiegi edateaz. Aldiz, kezkatsu agertzen dira osasun mentalaren gaiarekin. Hain da horrela, galdetegia pasa zitzaienen %70arentzat antsietatea eta depresioa arazo oso garrantzitsuak dira eta euren lagunartean askotan azaltzen diren gaiak direla adierazi dute.

Halaber, frogatu zen familia behartsuenetatik datoztenek jokabide arazo handiagoak azaltzen dituztela egoera ekonomiko hobean dauden familietako gazteekin alderatuz. Alta, emozioekiko dituzten kezkek bi egoeretako gazteei berdin eragiten die.

Iturburua
Ikerketaren egileek estres eta depresioaren iturburu moduan sare sozialak aipatu dituzte. Teknologia hauek belaunaldi honetako gazteak bere lagunetatik isolatzen dituzte eta aldi berean, sekulako presioa sentitzen dute momentu oro konektatuta egotera bultzatzen dituena.

Zentzu berean, galdetegia pasatu zitzaienen erdiak azaldu zuten sozialki kikilduak sentitzen direla eta hori arazo handia zela eurentzat. Ikasketen kezkak ere leku garrantzitsua du gazte hauen artean, gogo handiagoa baitute denbora aprobetxatu eta ahalik eta kalifikazio onenak eskuratzeko. Laburtuz: Beraien arteko lehiakortasuna hazi egin da.

Bestalde, hamarretik sei nerabek argi azaldu zuten ez zirela behartuak sentitzen alkohola kontsumitzera, eta hamarretik bederatzik adierazi zuten oso gaizki sentitzen zirela eskola barruan edaten bazuten.

Etorkizunerantz
Ikertzaileen ondorioen arabera, nahiz eta adin guztietan igo den antsietatea eta depresioa, arazo psikologiko hauek azpimarragarriagoak dira Z belaunaldian. Horregatik, beharrezkoa da arreta psikologiko eta psikiatrikoan gehiago inbertitzea nerabeen osasun mentalaren mesedetan; isolamendu soziala eta gaitasun emozional urriek ez ditzaten beldurti bilakatu eta horrek mugak ezarri euren etorkizuneko helburuetan.