“Herri kiroletan taldean funtzionatzen dugu eta oso garrantzitsua da elkarri jakintzak transmititzea”

“Herri kiroletan taldean funtzionatzen dugu eta oso garrantzitsua da elkarri jakintzak transmititzea” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cherri-kiroletan-taldean-funtzionatzen-dugu-eta-oso-garrantzitsua-da-elkarri-jakintzak-transmititzea201d/@@download/image/hutsartea01.jpg
2023/10/06

Testua: Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso

“Herri kiroletan taldean funtzionatzen dugu eta oso garrantzitsua da elkarri  jakintzak transmititzea”
  • Herri kiroletan parte hartzen duzu, nola hasi zinen horretan?
    Duela hamar urte inguru, auzoan nesken sokatira taldea sortzeko beharra suertatu zitzaigun. Garai hartan mutilen taldea bakarrik zegoen, jende faltagatik neskena desagertuta zegoen. Orduan, lauzpabost neska bildu eta entrenatzen hasi ginen. Hori izan zen herri kirolekin izan nuen lehendabiziko harremana.
  • Zu trontzan ibiltzen zara bereziki. Zergatik aukeratu zenuen proba hau?
    Betidanik deigarria iruditu zait trontza, bereziki egurra erabiltzen delako eta bikote lana delako. Probatzea erabaki nuen eta katigatuta geratu nintzen. Gogorra da, baina, aldi berean, badu asko erakartzen nauen zerbait.
  • Ze behar da trontzan ona izateko? Zer hartu behar da kontuan?
    Esango nuke garrantzitsuena, eta lortzeko zailena, teknika dela. Fisikoki ondo egoteak asko laguntzen du, baina ezinbestekoa da teknika menperatzea: mozteko gorputz osoaren indarra erabiltzea, zuzen moztea, bikotekidearekin bat egitea… Teknika menperatu eta gero, indartsu baldin bazaude, bada, hobe! –barreak– Eta azkenik, erresistentzia apur bat, txapelketetan hamar-hamabi mozketa egiten ditugu eta.
  • Nolakoa da zure entrenamendua?
    Asko inprobisatzen dugu, nahikoa aldrebesak gara zentzu horretan, ez dugu metodologia zehatzik. Normalean materiala prestatu ondoren, berotzeko mozketa bat egiten dugu eta gero erabakitzen dugu zer egin: bi, hiru, lau, bost mozketa edo mozten X denbora aritu, edo moztu ahal dugun azkarren (serieak) eta gero atseden hartu eta errepikatu… baina esandakoa, ez daukagu planifikaziorik.
    Trontzarekin entrenatzeaz gain, beste egun batzuetan korrika egiteko edo mendira joateko geratzen gara. Beste batzuk gimnasioan ere aritzen dira. Denetarik dago taldean.
  • Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
    Trontzarekin dugun erronkarik handiena, hobetzea da. Maila handia dago, baina ez da ahaztu behar gozatzeko praktikatzen dugula trontza. Txapelketei dagokienez, gure aurtengo erronkak Mungian ekaina bukaeran ospatu zen Euskadiko Emakumeen Arpana Txapelketa eta Sanferminetan, uztailaren 8an, ospatuko den Nafarroako Emakumeen Arpana Txapelketak dira. Eta urteko azkena irailean izango da, Arpana Txapelketa Mistoa. Honetan ongi legoke, behintzat, podiumera iristea.
  • Nolakoa da herri kirolen egoera gaur egun?
    Hobetzen ari dela esango nuke. Herri askotan sortu dira taldeak eta gazteen talde asko daude. Adibidez, aurtengo herriz herriko txapelketan Nafarroako talde askok eman dugu izena. Pasa den urtean berreskuratu zen txapelketa hau eta indarra hartzen ari da. Beste kirolekin alderatuta, minoritarioa da noski.
  • Zer behar da gero eta emakume gehiago egoteko?
    Herri kiroletan emakumeak ere aritzen garela ikusaraztea eta erreferentziak sortzea. Aurten, Berriozarren, Berriozar Herria Saria egin da, emakumezkoen trontza, txinga eta harri txapelketa, eta ederra izan da adin eta maila ezberdineko hogeita hamar emakume inguru herri kiroletan aritzen ikustea. Horretaz gain, ezinbestekoa da herri kirolek duten iruditeria aldatzea eta gaur egungo egoerara moldatzea. Bestalde, aipatu komunikabideek ere badutela zeregina. Gertatu izan zaigu txapelketa batean parte hartzea, eta irratian bakarrik gizonezkoen txapelketa aipatzea.



*Oharra: elkarrizketa osorik GAZTEZULOren KONTRAKANTXA blogean.