‘Ilargi Guztiak’ filmaren errodajea berriro martxan!

Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Haizea Carneros dira Igor Legarretaren bigarren film luzearen protagonistak, baina Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute. Euskara hutsean filmatua, “argitasunera egindako bidaia epikoa” dela aipatu du zuzendariak eta kontakizuna fantasiaren generotik bidaiatuko duela.
Martxoan, errodajearen erdian zirela, ekoizleek filmaketa etetea erabaki zuten, osasun baldintzak onak zirenean berriro martxan jartzeko. Hori horrela, ekainaren 1ean grabaketa fasean murgildu ziren berriro eta dena ondo bidean datozen asteetan amaituko dute filmaketa. Gipuzkoan (Mutriku, Gaintza, Zizurkil), Bizkaian (Orozko) eta Nafarroan (Erratzu, Urbasa, Aldatz eta Leurtzako urtegiak) izango dira grabaketak.
Filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-ek ekoiztu dute, Noodles Production ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean. EiTBren eta RTVEren babesa du proiektuak, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Filmax etxea arduratuko da banaketaz.