Ostiralean estreinatuko dute ‘ERREMENTARI’

Ostiralean estreinatuko dute ‘ERREMENTARI’ Martxoak 2 Euskal Herriko zinematan ikusgai izango da Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarraren lan arrakastatsua. ‘Patxi Errementaria’ herri-ipuineko beldurrezko bertsioa ezagutzeko prest? Ez galdu duela urtebete LABEAN atalerako egin genuen erreportajea! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018errementari2019/@@download/image/gaztezulo_errementari_02.jpg
2017/02/17
erreportajea

Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Martxoak 2 Euskal Herriko zinematan ikusgai izango da Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarraren lan arrakastatsua. ‘Patxi Errementaria’ herri-ipuineko beldurrezko bertsioa ezagutzeko prest? Ez galdu duela urtebete LABEAN atalerako egin genuen erreportajea!
Ostiralean estreinatuko dute ‘ERREMENTARI’

Euskal Herrira eta nazioartera begira jarri duen opera prima errodatzen ibili da Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarra azken hilabeteetan. Abendu amaieran hasi eta orain arte, Euskal Herriko txoko ilun eta misteriotsuen bila ibili dira, Joxe Miguel Barandiaranek garaian bildutako ‘Patxi Errementaria’ herri-ipuinean oinarritutako fantasiazko filma errodatzen. Arabako euskara zaharra errekuperatu dute, eta Kandido Urangak bizar dotorea utzi du deabruak baino gaiztoagoa den errementariaren papera gorpuzteko.

 

Labean irakiten dabil Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren Errementari filma. Muskizen, Pobal errementerian errodatzen harrapatu dugu ekipo guztia, filmaketen seigarren astean. Eguraldi zakarra eta lainoa lagun, misterioz betetako fantasiazko filma grabatzen dabiltza. Bazkal ondoren eskaini digu tartetxo bat zuzendariak; asko ezin dute gelditu, hauek baitira lan gehien eskatzen duten egunak.


Txikitatik ezagutzen du Urkijok Joxe Miguel Barandairanek jasotako ipuina, eta aspalditik zuen istorio horretan oinarritutako filma egiteko ideia buruan bueltaka. Filma iluna eta abenturaz josita egongo da; 1833ko Gerra Karlistatik hamar urte igarotako Araban kokatu du Urkijok. Herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen hasiko da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementari beldurgarri batera eramango dute. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Egun batean, Usue izeneko neskatxa batek errementeria misteriotsuan sartzea lortu, eta agerian utziko du Patxi errementariak ezkutatzen duen egia izugarria.


Abenduaren 12an hasi ziren grabaketa lanetan, eta Euskal Herriko hainbat tokitan filmatu dute, hala nola, Muskiz eta Ubidea (Bizkaia), Aizpurutxo, Itsaso eta Agorregi (Gipuzkoa), Antoñana, Korres eta Miñanoko Parke Teknologikoan (Araba). Kandido Urangak Patxi gorpuztuko du, eta harekin izango dira, besteak beste, Eneko Sagardoy, Joxean Bengoetxea eta Ramon Agirre.

Istorioa garaiko Araban girotuta dagoenez, zuzendariak Arabako euskararen trazak errekuperatu nahi izan ditu, eta Koldo Zuazo hizkuntzalariaren laguntzaz, berpiztu egin dituzte orduko hainbat esamolde: “Araban beti egon da euskara, eta ahanzturan eroritako hitz eta esamoldeak berreskuratu nahi izan ditugu, filma ulergarria izan dadila zainduz, betiere. Ziur gaude arabar askok esamolde horiek identifikatuko dituztela”.


Zuzendari gasteiztarraren lehen film luzea izango da Errementari eta aurretik Monsters do not exist, El Bosque Negro edota Jugando con la muerte film laburrei esker ezagun egin da. “Oso proiektu berezia da niretzat; txikitan ikusi nahiko nukeen filma da, denetarik daukalako; misterioa, beldurra, abentura, umorea… Istorio dramatikoa da, baina umore beltzez jantzia. Argiztapenak ere giro hori sortzen laguntzen du, errementeriaren suaz argiztatu baititugu eszena asko. Gainontzekoetan, egunetako eguraldi txarrak asko lagundu digu; errodajearen bigarren egunean esaterako, sekulako lainoa agertu zitzaigun; meteorologiaren opari eder bat!”.


Filmaketak hilabete eta erdi iraungo du, eta ondoren muntaketaren efektu bereziei helduko diete. “Elementu fantastikoak txertatzeko lanean hasiko gara laster. Filma XIX. mendean girotuta dago, Londresko garai viktoriarrean (Drakula edo Frankenstein bezalako mitoen garaian) eta giro hori bera sortu nahi dugu istoriorako”. Filmaren estreinaldia 2017ko udazkenerako aurreikusten da, zinema jaialdietan lehenik, eta aretoetan ondorengo hilabeteetan. Euskal Herriko ekoiztetxeekin batera, koprodukzio frantsesa izango du filmak, The Project enpresaren parte-hartzeari esker. Zuzendariaren esanetan, Errementari nazioartean aurkeztuko dute: “Dagoeneko erakutsi dugu proiektua Berlin eta Belgikan, eta izugarri gustatu zaie euskaraz film fantastiko bat errodatzearen ideia”. Udazkenera itxaron beharko dugu Patxiren gaiztakeriekin gozatzeko!

'Errementari'

 

Filmaren izena: Errementari
Zuzendaria: Paul Urkijo
Aktoreak: Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy, Jose Ramon Argoitia, Josean Bengoetxea, Ramon Aguirre, Itziar Ituño…
Film mota: Fantasia, beldurra, abentura
Ekoizleak: Kinoskopik, Gariza Films, Ikusgarri Films
Estreinaldia: 2017ko udazkeneko zinema jaialdietan