15 urtez ikasle eta abertzale

15 urtez ikasle eta abertzale https://www.gaztezulo.eus/albisteak/15-urtez-ikasle-eta-abertzale/@@download/image/35p24-1.jpg
2003/11/07
erreportajea
Asier Coloma
15 urtez ikasle eta abertzale
Ikasle Abertzaleak (IA) Euskal Herriko ikasleen erakundeak 15 urte bete ditu. Urtemugaren harira, jaialdi erraldoia antolatu du, hilaren 15ean.

80ko hamarkada aldarrikapen garaia izan zen: soldaduskaren aurkako manifestazioak, nazioarteko elkartasuna sustatzeko ekintzak, etxe hutsen okupazioak… Eztabaida eta mobilizazioak etengabeak ziren garai horretan.

Testuinguru horretan sortu zen Ikasle Abertzaleak erakundea, 1988an, Iruñean, eta pixkanaka IAko taldeak sortu ziren Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitateetan. Zein helbururekin? Pil-pilean zeuden auzien inguruan lanean jardutea: Golkoko guda, intsumisioa, euskara… Baina apurka-apurka iparra finkatu zuen IAk eta hezkuntza arloko arazoak hartu zituen oinarri. Bi izan ziren bereziki zabaldutako bideak: euskaraz ikasteko eskubidearen aldekoa eta autoritarismoaren aurkakoa.

Euskal Eskola Nazionala ardatz

Urte hauetan guztietan, batzarretan finkatu da IAren lan ildoa. Hiru batzar egin dituzte orain arte, eta hirugarrenean eskola ereduaz eztabaidatu zuten. IAren helburua Euskal Eskola Nazionala lortzea da, hau da, eskola euskalduna (hizkuntzaz zein edukiz), herritarra, nazionala eta pedagogikoki berritzailea. Gainera, Ertamerikako zenbait herrialdetako herri eskoletako filosofiarekin bat egin dute: bertako hizkuntza eta kultura bultzatu eta herri eskola inposatutako hezkuntzaren aldernatiba bilakatu.

Euskal Eskola Nazionala lortzeko asmoz, ikasleak mobilizatzeko dinamika sortu du IAk. Taldea sortu zenetik makina bat ekimen abiatu dituzte. Horietatik jendetsuena 2000. urtean "Ekin Euskalduntzeari" kanpainaren harira egindako greba izan zen. 117.000 ikaslek jarraitu zuten deialdia, IAren arabera. 2002ko apirilaren 20an, bestalde, mugarri bat ipini zuen erakundeak: IAk Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherera jauzi egin baizuen.  

Laugarren batzarra abian

Une honetan, erakundearen laugarren batzarrean murgilduta daude IAko kideak. Urrian hasi zen gogoeta prozesua, eta abenduan amaituko da. Laugarren batzarrak badu berezitasunik: "Lehen batzar nazionala da, izan ere, Lapurdi eta Nafarroa Behereko hainbat ikaslek parte hartuko dute bertan, lehenengo aldiz" esan digu IAko kide batek.

Batzarraren helburu nagusia euskalduntzearen borrokari bultzada ematea da, eta hainbat urtetan ereindakoaren uzta jasotzea. Bestelako gaiak ere eztabaidatuko dituzte. "Taldearen lana sustatu nahi dugu. Gainera, sexuen arteko berdintasuna, pedagogia berritzailea eta euskal ikasle kolektiboaren izaera izango ditugu hizpide". Gogoeta prozesua abenduaren 13an amaituko dute Iruñean.

Ikasle Eguna 2003



Ikasle Abertzaleak erakundeak, 15. urteurrena ospatzeko, ekimenez betetako eguna antolatu du azaroaren 15ean, Alegin: “Ikasle Eguna 03”. Habeas Corpus taldeak egin du aurtengo Ikasle Egunaren kantua, eta hitzak Fredi Paia bertsolariarenak dira. Festa 12.00etan hasiko da, eta egun osoan ez da aspertzeko aukerarik izango: bazkaria, erakusketa, kontzertuak… Ekitaldiak, bertan jarriko duten karpa erraldoian izango dira eta kontzertuak amaitutakoan jaiak segida izango du herriko pilotalekuan. Beraz, martxa eta jai giroa ziurtatuta daude goizaldera arte. Sarrerak salgai daude Euskal Herriko ohiko salmenta lekuetan: 12 eurotan aurrez erosita. 15 egunean bertan.

Egitaraua
12.00 Harrera ekitaldia. Ondoren, mahai-ingurua.
14.00 Bazkaria eta ostean, trikipoteoa.
17.30 Bertso saioa punta-puntako bertsolariekin: Amets Arzallus, Jon Maia…
18.30 Animazioa Alegiko kaleetan.
19.30 Manifestazioa karpa erraldoiraino eta informazio ekitaldia.
21.00 Kontzertua karpan: Su Ta Gar, Berri Txarrak, O´Funk´illo, Banda Bassotti, Hamlet eta Habeas Corpus.