12 eta 20 urte arteko gazteentzako 'Beldur Barik' ikus-entzunezko lehiaketaren edizio berria martxan da

Emakundek Beldur Barik programaren hamalaugarren ediziorako deialdia egin du. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexistari aurre hartzea eta gogoeta bultzatzea da programaren xedea. Horretarako, EAEn bizi edo ikasten duten gazteentzako ikus-entzuneko lehiaketa antolatu du. Hiru kategoria izango dira adinaren arabera sailkatuta: 12-13 urte artekoak, 14-18 urte bitartekoak, eta 19-20 urte artekoak.
Gazteek indarkeria matxista eta sexistaren aurkako Beldur Barik jarrera erakusten duen hiru minutuko bideoa aurkeztu behar dute, azaroaren 10a baino lehen. Lanak bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) aurkeztu ahal izango dira.
Kategoria bakoitzak bi sari jasoko ditu: 400 euro saridun nagusientzat eta 200 euro aipamen bereziarentzat. Gainera, beste 300 euroko bi sari egongo dira: ikus-entzunezko lan onenarentzat eta parte-hartzearen saria.
Lehiaketan aurkezten diren ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako portaerak eta jarrerak islatu behar dituzte. Mezua baloratuko da kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik.