100 mila euro platano batengatik

100 mila euro platano batengatik Arteak ba ote du muga (ekonomiko)rik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/100-mila-euro-platano-batengatik/@@download/image/_110049970_gettyimages-1186761459.jpg
2019/12/11
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Arteak ba ote du muga (ekonomiko)rik?
100 mila euro platano batengatik

Arteak mugak baditu, ez dira ekonomikoak. Arte Garaikidearen azken iskanbila platano batek eragin du; paretan zinta itsasgarriaz pegatutako platano batek. Eskandalua? Obra honengatik 108.000 euro ordaindu dituztela. Ah, eta platanoa jan egin dutela.

Obrak Comediante izena du, eta Maurizio Cattelan artista italiarrak jarri du ikusgai Miamiko Art Basel arte garaikideko ferian. 108.000 euro obraren lehen bi bertsioen prezioa zen, eta hirugarrena 150.000etara iristekoa zen, baina bat-batean, norbaitek platanoa paretatik kendu eta jan egin du. 

Noski, platanoa jateko ekintza arte performance bat izan da; hain zuzen, David Datuna artistak jan du 108.000 euroko platanoa. "Instalazio hau benetan gustatu zait, oso gozoa dago" adierazi du Datunak Instagramen. Ondoren, pareta zuria hutsik gelditu da, eta performancea amaitua zegoela uste zenean, letra gorriz margotuta honako mezua agertu da: "Epsteinek ez zuen bere burua hil". Azken mezu honen egilea ez dago argi, eta feriako segurtasun langileek segituan tapatu dute. Dakizuenez, Epstein kartzelan hilik agertu zen abuztuan; bere kasuak eskandalu handia eragin du mundu osoan, adin txikikoak esklabu hartu eta prostituitzen baitzituen magnateak. Besteak beste, Erresuma Batuko erreginaren seme Andres printzea ere traman inplikatuta omen dago.