Zuriñe Hidalgo: "Nahiago dut plaza dantzan baino sentimenduz beterik kantatzen ikusi"

Zuriñe Hidalgo: "Nahiago dut plaza dantzan baino sentimenduz beterik kantatzen ikusi" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/11/10
erreportajea
Zuriñe Hidalgo: "Nahiago dut plaza dantzan baino sentimenduz beterik kantatzen ikusi"
Hesian taldearen ‘Hegalak astinduz’ disko berria alde batetik, ETB1-eko ‘A ze banda!’ saioa bestetik; egunari gainontzekook baino ordu gehiago ateratzen dizkion irakaslea dugu Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990).


Zizur Nagusian genuen egina hitzordua, baina azkenean EITBren Miramongo egoitzan batu gara Zuriñerekin. Disko berria aurkeztera joan dira Fran Urias taldekidea eta biak Zuek hor eta gu hemen saiora, eta nola ez, Alkain eta konpainiak sorpresa bat zuten prest: Betizuren garaietan Zuriñeren kide izan zen Telmoren bisita.

Fran agurtu eta telebistako adrenalina alde batera uzteko, Aiete aldera egin dugu lasaitasun bila. Lankide Nagorek aipatu digu badela paseorako txoko aproposez inguratutako baserri bat, eraberritu ostean kultur etxe lanak egiten dituena. Halaxe heldu gara Katxola etxera. Argazkiak egiten hasi eta denbora gutxira, lehen euri tantak erori dira, eta atarian babestu gara. Orduan, gazte bat agertu da. Baserriko sotoan entseatzen du; bateria-jotzailea da. Bere baimenarekin sartu gara barrura, eta bonbo eta platillo doinuak lagun, azken argazkiak atera eta elkarrizketari ekin diogu.

Lanbidez, haur hezkuntzako eta musikako irakaslea zara. Bokazioz?
Guztiz. Alde batetik, haurrak asko maite ditut eta haiekin lan egitea ikaragarria da. Egunero daukate zerbait berria zuri erakusteko. Bestetik, etorkizuneko pertsonak ongi heztea erronka handia, gure gaurko haurrak etorkizuneko helduak izango baitira, gizartearen isla, eta ondorioz, lan hori ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz beti. Eta lan horretan, musikak beti du bere lekutxoa, musikarekin guztiak hartzen duelako zentzu gehiago.

Zu zeu haurra zinela hasi zinen abesten...
Amonarekin pila bat abesten nuen, eta betidanik izan dut gogoko, nahiz eta oso kontziente ez nintzen. Begira, ezagutzen ez nituen txikitako grabazio batzuk oparitu zizkidan amak, eta horietan ikus naiteke mikrofonoa zuen irratikaseterekin, zinta sartu, play sakatu eta kantak grabatzen. Bospasei urte izango nituen, orduan oraindik Gasteizen bizi bainintzen.

Eta etxeko kamera aurretik, telebistako platora.
Urte batzuk geroago, lehen karaokeak-eta egindakoan, konturatu nintzen gustuko nuela mikroa hartu eta jendeaurrean abestea. Baina oso-oso lotsatia nintzen, autoestimu baxuko neska. Hala ere, ikusi nuenean telebistan casting bat egin behar zutela, apuntatzea erabaki nuen. Ez galdetu nola, ez dakit-eta indar hori nondik atera nuen, baina nahiak beldurra eta lotsa gainditu zituen. Amari esan gabe deitu nuen gainera, eta aipatu nionean... "Zer egin duzula?!" Oso argi gogoratzen dut telefonoa hartu nuen momentua. Gaur da eguna, ez dakidana nola atera nuen lotsa gainditzeko indarra. Agian horri aurre egiteko modua izan zen.

Dei hori egin izan ez bazenu...
Batek daki. Baina deitu nuen, eta castinga egin eta hartu nindutela jakitea nire autoestimuarentzako energia positibo txute bat izan zen. "Ongi egiten dut", pentsatu nuen. Kantatzea gustuko nuen, baina ez nekien ondo egiten nuen edo ez. Nire buruarengan konfidantza izateko balio izan zidan, eta nahi nuen horrengatik  borroka egiteko.

Oso gaztea zinen, hamaika urte, telebistan... frustrazioak barra-barra izaten dira halakoetan.
Amak beti esaten zidan: "Ados, mobida honetan hasiko zara, baina ikusten badugu notak jaisten direla edo zure eginbeharrak alde batera uzten dituzula, akabo". Hori, beraz, oso argi neukan; are gehiago, notek gora egin zuten. Bestetik, errepikatzen zidaten umea nintzela, oinak lurrean izateko eta lagunak zaintzeko. Eta nik lagunei esaten nien: "Aizue, ikusten baduzue egunen baten aldatu egiten naizela, esaidazue, ez dut aldatu nahi eta!"

Nolakoa zen asteko jarduna?
Astean zehar klasera normaltasunez joaten ginen, baina ostiral arratsaldeak eta larunbatak grabatzen pasatzen genituen. Hala ibili nintzen tarteka, saio ezberdinak egiten denboraldi batez. Laburbilduz, hamaika urterekin Betizu karabanan abestu nuen lehen aldiz, Zizurren, gero BT 2.0 saioan hasi nintzen, eta pare bat urtez edo Betizu Taldearekin biran aritu nintzen. Baina hamabost urterekin, badakizu, lagunekin lehenengo parrandak... beste bizipen batzuk izaten hasten zara, eta horiek guztiak alde batera utzi eta uda guztia grabatzen aritzeak ez zidan grazia handirik egiten. Beraz, "nahikoa da" esan, eta ibilbide hori amaitutzat eman nuen.

Ez zinen baina denbora luzez egon mikroa hartu gabe. Jende askok agian ez daki, baina zure lehen musika taldea Jeimon Turk Band* izan zen.
Hala da, 16-17 urte nituela osatu genuen Iruñerriko bederatzi lagunek; hortxe konposatu nituen nire lehenengo kantak. Abesteaz gain, garai hartan ekin nion musika sorkuntzari. Iruñerrian eta inguruko auzo eta herrietan kontzertuak jotzen hasi ginen, batez ere Nafarroan. Baina Arabatakadako Maketa Lehiaketara aurkeztu, irabazi eta bertan ere jo genuen. Gauzatxoak ateratzen ziren. Nahiko musika estilo gabekoa zen, hippie samarrak ginen, eta denetarik egiten genuen. Hala ere, gaur egun ere oraindik bada jenderik esaten didana Hesianen egiten duguna baino gustukoago zuela Jeimonen egiten genuena.

Kanta dantzagarriak ere bazenituzten, ‘Funky’ adibidez.
Bai. Dena dela, nik ez dut batere gustuko kanta dantzagarriak egitea. Nire asmoa justu kontrakoa da. Baina bere garaian denetarik egin genuen.

2011ko ekainaren 21ean, Auritzeko jaietan: Hesian eta Jeimon Turk Band. Nola da posible?
Ez dakit nola gertatu zen, baina pasada bat izan zen. Ez dut gogoan zein talderi idatzi zioten lehenengo, baina esan zidatenean bi taldeetako kideek Auritzen jo behar genuela... Ez dakit kasualitatea izan zen ala ez.

Garai batez, beraz, bi taldeetan batera aritu zinen.
Bai. Hesianekoek proposatu zidatenean eurekin hastea, baldintza bakarra jarri nuen: Jeimon alde batera ez uztea. Arriskatu egin nintzen, baina ez nuen nire taldea utzi nahi. Eta urtebetez edo, bi taldeak konbinatu nituen. Eta Auritzen bi kontzertuak egin nituen; jendeak flipatuko zuen. Hori bai, oso urduri egon nintzen, bi taldeak afaltzeko elkartu baikinen, eta tentsio puntu bat bazegoen...

Jeimon noiz utzi zenuen?
Hesianen 2010eko urrian sartu nintzen, eta Jeimon utzi 2011ko... Gabonetan! Gogoan dut, negar asko egin bainuen; oso gaizki pasatu nuen.

Hesianen buru-belarri hasi zinen orduan, baina tartean telebistara bueltatzeko beta ere izan zenuen, ETB1-eko ‘Kantuan’ saioan.
Saio berri bat egin behar zutela esanez deitu zidaten, eta nire buruari galdetu nion berriz telebistan hasteak merezi ote zuen. Uste dut harra neukala barruan, telebistako zirrara berriz bizitzeko. Jende gaztea zein heldua zegoen, eta froga egitea erabaki nuen, askorik pentsatu gabe egia esan; nahiko zoroa naiz horrelakoetan. Hala ere, orain bai paratzen naiz pentsatzen horrelakoek zein eragin izan dezaketen taldean. Baina aldi berean, argi dut ni ere hor nagoela, eta nik zer egin nahi dudan ere garrantzitsua dela.

Eta saioan garaile atera zinen.
Berez ez zen lehiaketa, eta hori nuen gustuko; estilo ezberdinetako kantak abestea zen kontua. Baina gerora, egia da publikoak abeslaririk gustukoena aukeratzeko bozketa bat jarri zutela martxan, eta garaile atera nintzen. Saria-edo EITBren 30. urteurreneko kanta abestea izan zen, eta bideoklipa ere grabatu genuen. Milaka aldiz bota zuten, eta aldi bakoitzean amak abisatu egiten zidan, baina ez nintzen ikustera jaisten. Bi aldiz baino ez nuen ikusi.

Jendaurrean beste erregistro batzuk erakusteko aukera zen.
Bai, eta niretzako ohore bat izan zen, oso pozik aritu nintzen. Hala ere, jende askok esaten zidan nolatan Hesian bezalako talde batean egonik halako saio batean parte hartu nuen, edo galdetzen zidaten ea jendeak zer uste zuen... Baina niri jendeak uste duena berdin zaidanez, eta txikitatik nahi izan dudana egin dudanez, orduan ere halaxe egin nuen.

Taldekideek inoiz adierazi dizute halako saioetan aritzea taldearentzat desegokia izan daitekeela?

Hasieran izan genuen beldur pixka bat, ez baitugu inondik inora nahi ‘pertsona bat eta bere banda’ izatea. Zortzi lagun gara eta denok gaude maila berean. Jakitun gara talde batean abeslariak direla nolabait taldeko irudi, baina ez dugu irudi hori elikatu nahi. Horregatik, beste gauza batzuetan hasi nintzenean, beldur ginen taldearengan nola eragin zezakeen, esan bezala, ez baitugu nahi irratia piztu eta ‘Zuriñe Hidalgo eta bere banda’ entzuterik. Zaila da, baina gure esku dagoen guztia egiten dugu hori ekiditeko.

Taldean bertan joan-etorri asko egon da. Zu neska ahotsa jartzen duen hirugarren abeslaria zara.
Aldaketa asko egon dira, eta pertsona bakoitzak bere ukitua ematen dio taldeari; ondorioz beti dago garapen bat. Adibidez, ni taldean sartu nintzenean, Hitzetik diskoko hitzak idatzi nituen baina melodietan-eta ez nintzen askorik sartu. Disko berrian, aldiz, bai. Ondorioz, Hegalak astinduz disko berriak nire estilotik ere gehiago du. Hara, lehen esan dizut musika dantzagarria egitea ez dudala gustuko; kanta bat osatzen ari ginela taldekideei esan nien: "ez, hemen haize instrumenturik ezin dugu sartu; sentitzen dut".

Taulagainean asko mugitzekoa zara, ordea.
Bai, baina esango nuke dantza baino gehiago dela jarrera, aurpegiak... Dantza egitea ondo dago, eta baditugu kanta batzuk dantzagarriak. Baina nahiago dut plaza dantzan baino sentimenduz beterik kantatzen ikusi, zure ahotsa baino gehiago eurena entzuten duzun arte. Niretzat hori da gorena.

Hitzei berebiziko garrantzia ematen diozue. Musika mezuak zabaltzeko tresna bezala ulertzen duzue beste ezeren gainetik?

Bai. Ez dakit guztiaren gainetik, baina nik ezingo nuke idatzi hitz zentzugaberik edo ezer esaten ez duenik. Ezta hitz sinplerik ere. Niri metaforak, kontraesanak, sartzea gustatzen zait, kantua sorgintzea. Entzule batek kanta batean bikote harreman bat ikustea eta beste batek gure lurrari idatzitako hitzak. Hor dago letraren xarma.

Jarraitzaile fin andana duzue.
Gure publikoaren %75a oso-oso gaztea da, eta era berean oso fidela. Baina badaude kontzertuetan atzean daudelako ikusten ez ditugun jarraitzaile helduagoak ere. Uste dut disko berriarekin publiko zabalago batera irekiko garela. Momentuz, jende helduagoaren iritzi onak jaso ditugu. Noski, diskoa entzuleek epaitu behar dute, eta ikusiko dugu zer dioten. Hala ere, gu oso pozik gaude.

Jarraitzaileekin oso harreman hurbilekoa duzue.
Bai, oso hurbilak gara. Adibidez, kontzertuak amaitzen ditugunean badakigu beste zeregin bat dugula: zain dagoen jendearekin egotea. Batzutan, egun txarra duzunean, agian ez duzu gogorik, baina aurpegi ona jarri eta zor diezun arreta eskaini behar diezu. Edota emailak eta mezuak beti erantzuten ditugu. Gauden lekuan publikoari esker gaude; plazara inor ez balitz etorriko, ez ginateke Hesian izango.

Egiten duzuen musika euskal panoraman klasiko bat da; eta zuei ere arrakastatsu suertatu zaizue. Horrek bide berriak jorratzeko aukerak albo batera uztea eragin dezake? 

Nik uste ezin duzula bizi guztia eman musika mota bera egiten. Eboluzioa eta aldaketak beharrezkoak dira. Guk azken disko honekin dexente arriskatu dugu, estilo aldaketa nabaria eman delako. Ezin zara ataskatuta gelditu, beti gauza bera egiten, bestela, hor mantenduko zara, ongi, eroso... baina ez duzu aurrera egingo. Bide berriei dagokionez, nire pentsakera betidanik izan da bide berriak jorratzeko beldurrik ez dela izan behar, ezta aurkezten zaizkizun aukera berriei ateak itxi ere.

Emarock proiektuan ere parte hartu duzu. Neskak ari zarete euskal rockean lekua egiten?
Ari gara, baina egia da emakume gehiago behar ditugula, aurpegi berriak, talde berrietan. Nik uste poliki-poliki bagoazela. Askotan gertatzen da emakumeak bagaudela, baina abeslari lanetan. Emakume bateria-, baxu- edo gitarra-jotzaileak oso gutxi dira. Prozesu mantsoa da, eta Euskal Herrian ateak irekitzea zaila da. Euskal taldeak hainbat poltsatan gaude, eta talde berriak poltsa horietan sartzea oso zaila da. Talde pilo bat dago, eta badakit emateko asko duten kristoren taldeak direla, baina jendeak ez ditu ezagutzen. Amorrua ematen dit askotan talde horiek aukerarik ez izateak.

Hainbeste talde izanik, posible da guztiei zuzenean aritzeko aukera ematea?
Bai. Kontua da, adibidez, Udalek beti zerrenda berera jotzen dutela. Nola sartu talde berri bat zerrenda horretan? Konplikatua da. Aukera bat izan daiteke talde handiek talde berriak telonero bezala hartzea. Eta irratiek ere badute erantzukizunik, irratian entzuten diren kantuekin geratzen baita jendea.

Bestalde, hirugarren aldiz, telebistan zaitugu bueltan ‘A ze banda!’ saioan.
Deitu nindutenean flipatu egin nuen, batez ere, beste aldean egoteko proposamena zelako, epaile lanetan aritzeko. Oso baloratuta sentitu nintzen, ezin nuen sinetsi. Alex Sardui eta biok gara epaile finkoak, eta Alexek badu esperientzia, niri aldiz, nahiz eta gazte hasi nintzen, zaila egiten zait besteak baloratzea. Saioan gazte zein helduak daude, eta egia da gaztetxoekin agian hobeto moldatzen naizela gomendioak-eta ematen, baina 40-50 urtekoekin egoera bestelakoa da, bizitza osoa baitaramate kantatazen eta neskato gazte bat eurak epaitzen aritzea... Hala ere, Alexek esaten dit: "Zuriñe, zu zaude hemen, ezta? Bada esan pentsatzen duzuna!" Egoerak errespetua ematen zidan, baina oro har, esperientzia oso ona izan da.

Horrelako saioetan epaileek paper bat antzeztu ohi dute...
Nire kasuan, bai eta ez. Begira, nik Tú si que vales saioa beti ikusten nuen, eta Mertxe gorroto nuen; ez zen batere bustitzen! "Neska, gauzak argi esan!" pentsatzen nuen. Eta orain konturatzen naiz ni berdin ari naizela. Parte hartzaileak hor aurrean dituzunean... Guri saioko arduradunek hasieratik esan baligute paper bat jokatzeko, adibidez epaile gogorrarena egiteko, errazagoa litzateke, baina gu geu izateko esaten digute. Lehen saioan, adibidez, gaztetxoetako bat negarrez hasi zen, eta nik ezin izan nuen sofan geratu; altxatu eta besarkatzera joan nintzen. Sarritan gaizkiago pasatzen dut nik lehiakideek baino.

Saioak sare sozialetan izan du oihartzuna. Batzuk gustuko izan dute, beste batzuk gogor kritikatu. Nola hartzen dituzu kritika horiek?
Kritika edo iritziak, onak zein txarrak, guztiak jaso behar dira. Baina kritika konstruktiboak bakarrik hartzen ditut kontutan, ez destruktiboak. Hitz politak idaztea oso erraza den moduan, hitz destruktibo hutsak ere askotan idazten dira. Egia esan, kritikak ongi eramaten ditut, beti dagoelako zerbait ikasteko edo zuzentzeko. Garrantzitsuena egiten duzunarekin ase eta pozik egotea da, eta ingurukoen babesa baduzu, egunero milaka kritika gogor jaso arren, ez duzu aurrera egiteko inolako zalantzarik izan behar.

Oro har, txutxumutxu saioak bezala, kritikatuak dira talent showak, baina kritikatzen dituztenetako askok ere ikusten dituzte...
Bai, hala da. Egia esan, inoiz ulertu ez dudan gauza da. Ez baduzu saio bat, kontzertu bat edo dena delakoa gustuko, zergatik ikusten duzu? Zergatik elikatu?  Lehen ikustaldi bat egin dezakezu, nolakoa den ikusteko, gustoko duzun edo ez jakiteko, baloratzeko... baina zure gustukoa ez bada, zergatik ikusten jarraitu? Hala ere, bakoitza nahi duena esateko eta egiteko libre da, eta A ze banda!-ren kasuan, gustuko ez duenak ikusten jarraitzen badu, saioarentzat hobeto, audientzia handiagoa izango da eta!

Gazte askorentzako euren lana erakusteko bide bakanetakoa izan daiteke?
Modu dexente daude zure lana besteei erakusteko, eta horrelako saioak aukera bat dira. Begira, nik antzeko batean hasi nuen abeslari ibilbidea, eta momentuz, zorionez, primeran joan zait!

Zuriñeren kuttunak:


Musika talde bat: Hesian (Nire proiektua, nire dena delako).
Kanta bat: Amodioaren eza (Sorotan bele).
Abeslari bat: Juan Sangre (Governors).
Liburu bat: La sombra del viento (Carlos Ruiz Zafón, 2001).
Film bat: Titanic (James Cameron, 1997).
Kolorea: Morea.
Miresten duzu... zintzotasuna.
Zoriontsu zara... maite dudana egiten.
Ez duzu inoiz ahaztuko... begirada hura.
Amets bat: Amets guztiak egi bihurtzea!