"Gizarte baten osasunarentzat ez dago gauza kaltegarriagorik jende akritiko eta esanekoa baino"

"Gizarte baten osasunarentzat ez dago gauza kaltegarriagorik jende akritiko eta esanekoa baino" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gizarte-baten-osasunarentzat-ez-dago-gauza-kaltegarriagorik-jende-akritiko-eta-esanekoa-bainoquot/@@download/image/aritz_galarra05_1460120699.jpg
2016/04/13
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena @SaioB Argazkiak: Jordi Borràs
"Gizarte baten osasunarentzat ez dago gauza kaltegarriagorik jende akritiko eta esanekoa baino"
Galarragak hamarkada bat betetzen du aurten Katalunian. Baina, argi du hanka bat Bartzelonan duela eta bestea Euskal Herrian. Izan ere, 2007az geroztik Bartzelonako Unibertsitate Autonoman (UAB) euskal ikasketen lektorea den arren, Euskal Herriko hainbat hedabidetako iritzi kritikari gisa aritzen da.

Nola gogoratzen dituzu Bartzelonara iritsi zineneko urteak?
Niretzat aurkikuntza bat izan zen Bartzelonara etortzea eta ikustea zeinen desberdina den hemengo bizimodua Euskal Herrikoarekin alderatuta. Hain gertu egonik, bi gizarteen arteko desberdintasunak harritu ninduen. Hemen harri bati ostiko bat jotzen diozu eta dozenaka pentsalari ateratzen dira. Agian izango da Euskal Herrian urte askotan beste gauzetara dedikatu izan garelako, baina alde ederra dago.

Nola suertatu zitzaizun gero, UABn irakasle izateko aukera?

Kointziditu zuen han hasi nintzela ikasten 2006ko irailean, eta ikasten nengoela, 2007ko udaberrian atera zela lanpostu hori. Neure burua aurkeztu nuen eta zorionez hartu ninduten. Gaur arte.

Zer irakasten duzu zehazki?

Graduen barruan egin daitezkeen mínorreko lektorea naiz, mínorrak espezializazioak dira eta, nire kasuan, euskal ikasketen espezializazioa irakasten dut, UABk Etxepare Institutuarekin duen hitzarmenaren bitartez.

Antza, euskal ikasketak gauzatzeko interes handia egon da tradizionalki Bartzelonan. Zein izan da bilakaera?
Unibertsitatea bera aldaketa garai batean dago, eta Boloniaren harira asko aldatu dira ikasketa unibertsitarioak azken urteotan. Hasieran, arrakasta zuen euskarak berak, eta urtero 150 ikasle inguru biltzen genituen. Ondoren, aldiz, Boloniako sistemara egokitu behar izan genuen programa, eta orduan sortu zen orain ezagutzen dugun mínorra.

Nola baloratzen duzu aldaketa?
Alde batetik ondo, egonkortasuna eman baitie euskara ikasketei, baina bestetik, ikasketa espezializatuagoak direnez, ikasle gutxiago daude prest espezializazio pakete osoa hartzeko. Horregatik, kopurua dezente txikiagoa da orain, baina eskaintza akademikoa askoz garrantzitsuagoa ere bada.



Aurten sortu duzue Bartzelonan euskal irakurleen kluba. Nola doa?
Egia esan, erantzuna oso ona izaten ari da. 25 plaza eskaini genituen hasieran eta denak betetzeaz harago, jendea kanpoan gelditu behar izan zen. Beraz, izan ditugun zailtasunak gora-behera, esperientzia oso ona izaten ari da. Adibidez, hilaren 26an Harkaitz Cano izango dugu hemen.

Zein da aurrerantzean irakurle klubaren erronka nagusia?

Momentuz, datorren urterako lotuta dugu bigarren edizio bat egitea. Berez, kolokan zegoen, baina erantzuna ikusita, lortu dugu hurrengo urterako konpromisoa. Borobilagoa izango da!

Literaturaz ari garela. Zuk idazten duzu?

– Irriak – Noski! Ez literatura ulertzen dugun horretaz, baina prentsa idatzia da nire jarduna, gehien bat, eta saiatzen naiz behintzat idazketa zaintzen, kazetari hizkera zurrun eta sarri hotz hori saihestu eta epeltasuna emanez idazkerari. Nik neuk ere erregistro diferente asko erabiltzen ditut, eta pasa izan zait goiz berean prestatu behar izatea galdetegi bat CUPeko Antonio Bañosek erantzuteko, jarraian zutabe bat idaztea reality baten inguruan, eta amaitzea literatur kritika bat idazten. 

Eroso sentitzen zara erregistro desberdinak uztartzen?

Bai, ibili izan naiz deserosoago sentitu naizen eremuetan. Kronika politikoan, adibidez, ez delako hainbeste nire terrenoa. Eta askoz ere erosoago sentitzen naiz liburuen edo telebistaren gaineko iritzia ematen. Baina, tira, gogoz kontra ere ez naiz ibili sekula. Plazerez egiten dut. Plazer sadomasokista, agian...

Erabat aitortu ez duzuen arren, Beñat Sarasola, Jon Olano eta Gorka Bereziartuarekin batera, Kevin Herediaren arduraduna zara.

Bai... 2007aren bueltan gutako bakoitzak bageneukan abiatuta geure ibilbidea, eta elkarrekin zerbait egiteko gogoa genuelako sortu genuen seudonimo kolektiboa. Azken finean, indibidualitateak baduelako bere esparrua ondo hartua prentsa idatzian. Askotan, talde baten laguntzaz gauzak egitea oso esperientzia ona izan daiteke. Kevin Herediarena izan zen bezala, imaginatu dezakezu, nobela bat lau pertsonen artean idaztea... Logikoki beste esperientzia desberdina izan behar du bakarka idaztea baino.

Egin dezagun memoria, zein izan zen Kevin Herediak egin zuen lehendabiziko gauza?
Erreportaje sorta bat literaturari buruz Berrian, ondoren literaturari buruzko iritzi zutabean bilakatu zen, eta azkenean, nobela argitaratu genuen.

"Non dago" orain Kevin?
Kevin Heredia bera bueltatu da lan mundura, orain harategi batean lan egiten du Behobiako mugako dendetako batean. Seudonimoa osatzen genuenok, aldiz, oraindik ere adiskide talde oso onak izaten jarraitzen dugu eta intelektualki ere etengabe gaude kontaktuan.

Pasazaite argitaletxearen eskutik, 2014an ‘Hobe kontatzen ez badidazu’ ipuin katalanen antologiaren hitzaurrea idatzi zenuen. Nola joan zen?
Kataluniako literatura ez nuen gehiegi ezagutzen hona etorri aurretik. Tira, baneuzkan gauza batzuk irakurrita, hitzaurrean ere azpimarratzen ditudanak, baina bai, antologia hori da, hain zuzen ere, hona etorri eta hasieran aipatzen nuen aurkikuntza edo liluraren emaitza.

Zaila egin zitzaizun aukeraketa egitea?

Ez, ipuingile on asko daudelako Katalunian. Zailena agian izan zen, Quim Monzóren eta Sergi Pàmiesen ipuinen sokako beste ipuinak aurkitzea. Azken batean antologiak ez zuen izan nahi Kataluniako ipuingintzan egiten zenaren erakusgarria, nolabait ipuina egiteko modu bat erakutsiko zuen lana baizik.

Itzulpenen bueltan ari zarela,  joera handiagoa al dugu beste literaturetan egiten dena euskaratzeko, gurea zabaltzeko baino?
Azken urteotan lan oso inportantea egin da literatura unibertsala esan dezakegun hori euskarara ekartzeko. Beharrezkoa zen. Baina egia da hein batean utzi dugula albo batera gure lanak kanpora ateratzea. Horregatik orain da garaia, euskarazko itzulpengintza egonkortu den honetan, kontrako bidea egiteko. 

Zer da gaur egun literaturan faltan botatzen duzuna?
Agian, orain ez direla hainbeste idazle gazterik sortzen. Gutxi dira liburu zein aldizkarietan publikatzen ari diren hogei urteko gazteak. Ituko jendea dago, adibidez, baina ez dut ikusten beste garai batzuetan nagusitu den mugimendurik...



Tira, hamar urtez aritu zara Bartzelonatik euskal hedabideetan idazten. Bateragarria da hemen bizi eta hangoaz hitz egitea?
Noski. Gaur egun, badaude bitartekoak hori asko errazten dutenak, eta ez dago inolako arazorik Euskal Herritik kanpo bizi eta euskal aktualitatea jarraitzeko, bertan bizi izango bagina bezain ondo, edo hobeto. Izan ere, nik ere eskertzen diot hemen bizi izanari, gauzak kanpotik begiratzeko aukera ematen didalako, Kataluniako backgroundaz. Horrek nahitaez eskaintzen dizu beste begirada bat, interesgarriagoa.

Egin dezagun jauzi, literaturatik telebistara. Nolakoa izan beharko luke euskal telebista publikoak?
Lehenik eta behin, publikoa, eta publikoa izateak esan nahi du egon beharko lukeela gizarte baten zerbitzurako. Alegia, funtzio publikoa bete beharko lukeela eta ez aldian aldiko agintarien menpe egon. Bestalde, eduki aldetik bide propioa markatu beharko luke modu sendoago batean. Orokorrean audientziei begira egoten gara, baina telebista publiko batek zerbait ona badu da merkatuaren legeen menpe ez dagoela. Ez du audientzia zertan kosta ala kosta bilatu. Beraz, gaur egun imitatzen dituen ereduek alboratu eta telebista publiko baten zeregina hartu beharko luke serioago.

Eta Kataluniakoaren inguruan zein iritzi duzu?
Tira, badirudi Kataluniako fana naizela, baina ezta gutxiago ere! Ni naiz lehenengoa Kataluniako gauza guztiak kritikatzen saiatzen dena. Baina telebista publikoaz ari bagara, sekulako aldea dago! TV3en ez duzu inoiz ikusiko El Conquistador del Fin del mundo bezalako gauzarik. Eta telesailen ekoizpena, adibidez, ezin da konparatu! Funtsean, ez daude euskal telebista publikoaren oinarriak behar bezala enfokatuta...

Azken urteotan, hala ere, kritika dezente jaso ditu TV3ek prozesu sobiranista gehiegi babestu izanagatik. Ados zaude?
Neurri batean konpartitzen dut, telebista publikoa izanik gehiegi lerratu baita prozesizmo deitu izan den horretara, eta momentu batzuetan gehiegizko segidismoa egin dio. Baina hortik esatera TV3ek manipulatzen duela, edo soberanismoa osoki abduzitu duela eta jendea adoktrinatzeko erabiltzen dela, alde ederra dago! Eta noski, gezurra da. TV3, akatsak akats, seguruenik izango da Estatuan dagoen telebistarik pluralenetako bat. Beraz, kalifikazio horiek erabiltzea erabat lekuz kanpo dago.

Tira, txori batek erran dit ‘Un principe para tres princesas’ saioa gustuko duzula. Nola da posible?
– Irriak– Galdera ona. Alde batetik uste dudalako entretenimenduak ez duela desagertu behar telebistatik, funtzio hori ere behar da. Azken finean, masa hedabide bat da eta jende askorengana iristen da. Bestetik, nik umore programa gisa hartzen dut, eta zalantzarik ez dut bertara joaten diren pertsonak jakitun direla oso non sartzen diren eta zer egingo den haien agerpenarekin. Ez dago tranparik inongo momentutan....

Iritzi kritikak askatasunez idaztea posible da?
Egon izan naizen hedabide guztietan askatasun sentsazio berberaz idatzi dut. Eta askatasunez kritika bat idaztea onartu ez ninduen hedabide bakarrean idazteari utzi nion. Hain zuzen, gure artean zegoen konplizitate eta sinesgarritasuna hautsi zelako erabat. Baina hori oso puntuala izan zen, eta esperientzia hartaz aparte ez dut inoiz arazorik izan. 

Berrian egiten duzuen formulan, gure lankide eta lagun Leire Palaciosekin aritzen zara. Formula berria da, nola sentitzen zara euskarri honetan?
Ez dakit bikotekide profesionala Leire delako-edo, baina oso gustura nago! Ez da Kevin Herediaren seudonimo kolektiboa, baina azken finean, tartea konpartitzeak beste norbaitekin, behartzen zaitu elkarrizketa batean sartzera. Irakurlearentzat ere nahiko ariketa interesgarria dela uste dut.

Iritzi kritikak idazteagatik jaso duzu inoiz erantzun deseroso edo desegokirik?
Gezurra esango nizuke ezetz esango banizu. Tarteka jaso izan ditut halako ‘maitasunez’ betetako oharrak. Baina, tira, kritikariaren jardunarekin doan kontua da, eta ez ezer pertsonala. Dena den, horrek ez du sekula nire jarduna baldintzatu.

Kritikarik gabe, gizarteak ba al du etorkizun oparorik?
Etorkizunik bai, besterik da nolakoa litzatekeen etorkizun hori. Modu oso orokorrean hitz egitea da, baina kritika ezinbestekoa iruditzen zait norbanako bezala, gizarte bezala aurrera egin ahal izateko. Hori ulertzen ez duenak iruditzen zait nekez nahi duela ezer onik beretzat, edo bere inguruarentzat. Horregatik, eta herri txikia garela edota gutxi garenez elkarri mukiak jan behar dizkiogula argudiatuta, kritika anulatu, mugatu nahi duten horiek uste dut mesede eskasa egiten diotela hainbeste maite dutela dioten horri. Ez baitago gizarte baten osasunarentzat gauza kaltegarriagorik jende akritiko, onbera eta esanekoa baino.

Amaitu aurretik, hitz egin dezagun Kataluniako prozesuaz. Nola bizitu dituzu zuk azken lau urte hauek?
Sorpresa handiz, Kataluniako gehiengo handi-handi batek bezela, ez nuelako espero horrelako ezer egotea. Batez ere, soberanismoak hainbesteko indarra eta ordezkaritza politikoa hartu izana. Duela bost urte, baikorrenak ere ez luke imajinatuko gaur egun independentismoa %50aren bueltan egotea. Beti ikasi daiteke zer edo zer, ez beste inon aplikatzeko, ez baitu esan nahi Euskal Herrian halako zerbait egongo denik, ezta ez egotea nahi dudanik. Baina beti da interesgarria.

Uste duzu Euskal Herria prest dagoela halako zerbait bizitzeko?
Gaur egun ez. Urte asko daramatzagulako beste kontu batzuetan, elkarbizitza jokoan, kantatuko lukeen bezala besteak, eta denbora gutxiegi dedikatu diogulako beste gauza batzuei. Bestalde, indar soberanistak Euskal Herrian, halakorik balego, beste fase batean daude eta, batez ere, gizartea ez dago prest. Ez baitugu ahaztu behar Kataluniakoa gizartearen mobilizazioak ekarri duela. Horregatik halakorik ez dut ikusten Euskal Herrian, eta logikoa da. Beste hainbat kontu argitzeke ditugulako oraindik ere, adibidez, lurraldetasunarena. Hau da, galdeketa bat egingo bagenu non egingo genuke? Euskal Autonomia Erkidegoan, Hego Euskal Herrian, Euskal Herrian? Subjektu politikoa, adibidez askoz ere argiagoa dute hemen.

Zer du Euskal Herrikoak ikasteko Kataluniatik?
Esan dezagun gizarte katalana aro garaikidean asoziazionismoak, eta alderdi politikoetatik aparte, indar handia izan duela, eta gerora, eragin du azken urteetan bizi izan dugun mugimendu honetan.

Katalunian gertatzen ari denaren mezua objektiboki zabaldu da hemendik at?
Estatu mailan ez dute ezer ulertu edo ez dute ezer ulertu nahi izan. Horren adibide garbia izan da prozesua pertsonalizatu nahi izan dutela Artur Masen figuran. Ez dugu esango Mas azken pringatua izan denik, baina seguruenik bere borondatearen kontra iritsi zen ezarri zuten tokira. Beraz, horrelako pertsonalismo absurdo batean murgilduta jarraitzeak bi irakurketa ditu: estrategia bat da, edo ez dira ezertaz enteratu.

Eta Euskal Herrian?
Pentsatu nahi dut, zertxobait gehiagotaz enteratu direla, baina gure tradizio politikoa hain lotuta dagoenez alderdien baitan, dinamika horiek aldatzea oso zaila da. Beraz, nahiz eta agian mezua maila teorikoan ulertu den, hori aplikatu arte bidea egongo da...

Aritzen kuttunak


ABESTI BAT Desertorea (Ibon Rodriguezen bertsioa).
MUSIKA TALDE BAT Dut.
LIBURU BAT Le Pays (Marie Darrieussecq, 2005).
IDAZLE BAT Eider Rodriguez.
TELEBISTA SAIO BAT TV3eko APM?.
KAZETARI BAT Gorka Bereziartua.
MIRESTEN DUZU Etxekoak, daukaten pazientziagatik.
EZIN DUZU JASAN Gauza asko; adina izango da...