Anari: "Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea"

Anari: "Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/anari-oso-zaila-da-niretzat-hitzekin-gustura-geratzea/@@download/image/anari-6_1433322186.jpg
2015/06/11
erreportajea
Testua: Leire Palacios @AnnieSdelMono. Argazkiak: Galder Izagirre
Anari: "Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea"
Anarik (1970, Azkoitia) Eneko Moby Dick sortzailearekin hasi du bira. Kasualitatea edo ez, balea protagonista duen ‘Nola galdu’ kanta elkarrekin abestu dute diskoan. Baina ez da izan duen kolaborazio bakarra, lagunez inguratu baitira anaritarrak bosgarren lan honetan; Javi Manterola, Joaquin Pascual edota Karlos Osinaga ere ‘Zure Aurrekari Penalak’ diskoaren parte dira.


Astelehen goiz batez elkartu gara Anarirekin zuhaitzek gordetako parkean. Aspaldiko laguna du Galder Izagirre eta besarkaden ondoren urduritasun ezagunarekin jarri da kamera objektiboaren aurrean: "Amak beti esaten dit serioegi agertzen naizela", diosku. Beste elkarrizketa batetik dator, izan ere, interes handia piztu du ‘Zure Aurrekari Penalak’ bere bosgarren diskoak.
Ez da harritzekoa, Akauzazteko lagunekin Psych Out taldean bateria jo zuenetik, hogei urte igaro baititu oholtza gainean. Harrezkero, gitarra jantzita eta mikrofonoaren aurrean, intentsitate aldakorreko abesti gordinekin, trinkotasuna lortzea izan du xede.

Baieztapen borobilak ez dizkizugu maiz entzuten, baina diskoarekin gustura zaudela esan duzu. Zergatik?
Diskoen osotasunean lan handia egiten dut. Kanta guztietan arkitektura bat dago; horrek egiten du diskoa. Zure Aurrekari Penalak diskoan ere horrela dela pentsatzen dut. Azken batean letra, melodia, instrumentazioa, intentsitatea eta kantaera dena dira niretzat, eta horien bueltan ibiltzen naiz. Gustura geratu naizela diodanean, zentzu horretan ari naiz.

Adierazi duzunez, estudiora sartu aurretik ez duzu jakiten nola aterako zaren.
Diskoetara oso irekita heltzen naiz, baina badakit kanta bakoitzak zer izan behar duen. Estudioan sartzen garenean, eta disko honetan, bereziki, taldeak oinarria jartzen du ondoren kolaboratzaileek diskoa eurek sentitzen duten lekura eraman dezaten. Kanta intentsoa baldin badaukazu, kolaboratzailea ere horretara bideratzen duzu. Intentsitate horri kolorea kolaboratzaileak emango dio. Kantak egiteko eta desegiteko edota arkitektura desberdin bat aplikatzeko lekua da niretzat estudioa.

Aurkezpenean esan zenuen ‘Zure Aurrekari Penalak’ osatzen duten hitzak ez direla aurreko diskoetako abestietakoak baino sozialagoak. Irudipena daukat, ordea, bai dela ezkortasunean baikortasun handiena topatzen duen diskoa.
Saiatu naiz, bai. Egia esan, gaur bigarrena zara hori esaten didana, eta gustura entzuten dut. Bada sentimendu edo tonu bat ezin dudana jasan: malenkonia. Nik praktikatu dut. Asko damutzen zait eta nire burua zigortu dut horregatik. Eboluzio bat izaten saiatu naiz; lau aldiz azaltzen da "minez eta ederrez" diskoan, ezta? Nik uste horrek sintetitzatzen duela ideia. Triste eta gogorrak dira Anariren disko eta kantak, baina niretzat indarra ere badaukate. Gustatzen zait horrelako lasaitasun tentso bat mantentzea.

Ematen du diskoan hitz guztiak oso ondo neurtuta daudela, dena oso kontzienteki josita dagoela. Baina, hala ere, adierazi duzu kanta berak bi hitz sorta ere izan dituela.
Bai, bai. Batez ere disko honetan gertatu da. Adibidez, Oreinak kanta goitik behera aldatu da. Lehen, bide ertzetako seinaleetako oreinen metafora zegoen kantan, eta metafora horren barruan istorioa. Buelta eman nion horri, eta orain istorio bat dago, eta horren barruan metafora bat. Gehiago ere izan dira: Hareago eta Orfidentalak kantek ere beste hitz batzuk izan dituzte.

Zer gertatzen da kantatzen ez diren hitz horiekin? Nora doaz?
Kar, kar, kar. Bada, inora ez. Hor geratzen dira. Nire artean pentsatu izan dut: "agian hemendik hiru hilabetetara beste hitz batzuk idatziko dizkiet eta kantatuko ditut".

Zerk sortzen dizu zalantza?
Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea. Ona da? Txarra da? Niretzat kantak ez dira onak edo txarrak. Kontua da, zer esan nahi dudan eta nola geratzen den. Zer puntutaraino sentitzen dudan trinkotasuna lortu dudala.

Zure sentsazioekin edo inguruarekin lotura dauka? Esaten badizute: "Anari, ondo dago dagoen bezala, laga hortxe"; orduan zer?
Hori nik ikusi behar dut. Hitzetan nik agintzen dut, hori argi dago. Disko honetan bereziki denbora asko, gehiegi, izan dut bueltak emateko. Abenduan hasi ginen bandarekin grabatzen, otsailean kantatu nuen, eta berriz apirilean. Hainbeste denbora niretzat arriskutsua da; orain diskoa irekita egongo balitz, pare bat esaldi aldatuko nituzke agian. Are gehiago, zuzenekoetan aldatuko ditut; beti aldatu izan ditut hitzetako batzuk. Askotan gertatu izan zait, bizitzan ere, lehenago esan dudanarekin ados ez egotea.

Diskoa irekita egoteak horrela sentiarazten bazaitu, Gabonetan Garaten sartu zinetenetik zergatik luzatu da hainbeste grabaketa?
Alde batetik, working-class gara denok eta ezin ditugu nahi beste egun hartu grabatzeko. Oporrak aprobetxatu ohi ditugu. Zenbait gauzatan duda egon da, horregatik momentu batzutan luzatu gara, eta beste batzutan denboraz ondo ibili gara… pixkat martxaren kontua izan da. Baina egia da horrek ematen dizula gauzak behin eta berriz berrikusteko aukera. Dena hiru astetan kantatu izan banu horrela geratuko litzateke eta horrela entzungo nuke.

Grabazioaz ari garela, Karlos Osinagak grabatu badu, zergatik Bonberenean ez ezik Garaten ere grabatu duzue?
Kontua da bateriak, gitarrak eta baxua batera grabatzen ditugula, eta Garatek oso toki gutxik daukaten areto soinua daukala. Produkzioan bateriak bertan grabatuta daudela antzematen da. Gainera, ez dakit zenbat urte izango dituen mahai analogikoa dauka, eta soinu jakin bat ematen dio. Arrazoi praktikoa ere badago: Mikelek Garaten egiten du lan, Garateko parte da.

Alde batetik, ‘Zure aurrekari penalak’, "makrojuizio intimoak" edota ‘Ametsen eraiste neurtua’ espresioak. Bestetik, zuria edo beltza ote zen ez zekien zebra hura, dirudienez, orain oreina da. Baleak agur esaten du. "Elkar jaten duten bi arrain" izatetik, "ze animalia ginatekeen gu" galdetzera… Heldu da baretasuna eta konformatzeko garaia?
Ez dut uste pertsona konformista naizenik. Artistikoki ez behintzat. Eta bestela ere ez. Nik uste adinarekin gertatzen den gauza bat dela; ez da konformatzea, ulertzea da. Ulertzen duzu batzutan gauza txarrak onerako izan direla eta gauza onak txarrerako izan daitezkeela. Diskoan bada berrikuspen bat. Oreinak kantuan, zalantzarik gabe.

Abestien hitzekin literaturari egin diozun ekarpena aitortu zaizu. Nola ahokatzen dituzu hitzak musikarekin?
Hor dago koxka! Kantek ahalmena dute munduko gauzarik sinpleenak kristoren indarra hartzeko. Niretzat bide handi bat despoetizazioa da, modu kontziente eta aktiboan egiten saiatzen naizena.

Zer behar duzu sortzeko?
Nire metodoa asko sortu eta ondoren sailkatzea da. Orain disko honekin ari naiz, baina atzo arratsaldean idazten aritu nintzen, adibidez. Zure buruari askatasuna oparitu behar diozu, inguruarekiko, esan nahi duzunarekiko, egin nahi duzunarekiko…

Eta kasualitatez beti da bost urtetik behin?
Bai! Kar, kar, kar! Kausalitatez izango da, kasualitatez baino. Lasai hartzen dudalako, saiatzen naizelako aurrekoa atzean uzten. Sortzeko distantzia bat behar dut.

Disko berriak oihartzun handia izan du. Aurrekoek harrera ona izan zuten, baina bosgarrenarekin bestelakoa izan da. Espero al zenuen?
Ez. Irla izan-ekin bukaera aldera kontzertuetan oso jende gaztea zegoela kontziente nintzen. Uste dut Anari beste publiko batek hartu duela.

Zergatik?
Ez dakit, eta niri poza ematen dit, uste dudalako Anari ez dela entzuteko erraza. Gure diskoak ez dira irratian ipintzeko errazak. Jendeak esaten du momentua aukeratu behar duzula Anari entzuteko. Niretzat Anariren musikak ez du gauza askotarako balio.

Kar, kar, kar! Zehaztu azken hori, berez titular maltzur potentea da-eta.
Kar, kar, kar! Bai, bai, egia da! Irrati formularako ez du balio, ez du balio alderdi politikoen megafonian jartzeko, ez du balio… ezertarako! Entzuteko eta kontzertuetan kantatzeko bakarrik. Eta bat-batean ikusten duzu hogei urte inguruko jendea kontzertu batean eta esaten duzu: "Nola heldu da hori Anari entzutera?". Gainera, etengabe ari gara analisi tremendistak egiten: zer musika entzuten du gazte jendeak... ez dute musikarik entzuten…

Ados zaude euskal musikari audientzia falta zaiola esaten dutenekin?
Nire esperientzia da, neurea, jendea kontzertuetara joaten dela. Gure kontzertuetara etortzen da jendea. Eta ni besteen kontzertuetara joaten naiz eta jendea dago. Pasatzen zaiguna da, 90eko hamarkadako super boom-etik gatozela, eta beti dekadentzi baten sentsazioa dagoela diskurtsoan.

Orokortua baino, diskurtso pertsonalean?
Bai, nire ustez bai. Baina kontziente ere izan behar gara. Askoz inportanteagoa da orain hasten den jendeak zer esaten duen eta zer sentitzen duen. Nire bosgarren diskoa da, hogei urte daramatzat honetan. Niretzat tren bat da eta batzuk bajatzen joan behar dugu, batez ere euskal kultura bezalako gauza batetan, eta beste batzuk sartzen joan behar dute. Inportanteena trena da, ez zein doan barruan.

Trenetik jaitsi beharko duzula barneratu duzu.
Kultura denetan pasatzen da jendea modaz. Ni ere pasako naiz modaz. Seguru asko laster gainera. Jendeak zure disko batzuk entzun ditu eta hor geratuko da. Ezer ez da betiko.

Kritikak izan dezake ardurarik horretan? Izan ere, dirudienez, orain joera da guztiok dena kritikatzeko zilegitasuna izatea. Baina beharrezkoa da?
Bai, kritika beharrezkoa da. Sortzaileak libre izan behar du, baina kritikoak are libreagoa izan behar du, eta niretzat hori oso zaila da. Azken batean nire lagunaren gauzak kristoren onak dira eta nire etsaiarenak kristoren txarrak dira. Ez zait gustatzen orain dagoen anbientea; Twitterren eta Facebook-en gauza batzuen defentsa bortitza egitea… eta beste gauza batzuei kasurik ez egitea. Kritiko izatea denboran erakutsi behar duzun gauza bat da. Sentsazioa daukat jendea enkoadratu behar dela eta pixkat ateratzen denari egurra ematen zaiola. Guztiei gustatzen baldin bazaie, nik demostratu beharra daukat niri ez zaidala gustatzen…

Iritziaren bidez bereizteko beharra da?
Sare sozialetan bakarrik dagoenak ez dauka ezer galtzeko, dena dauka irabazteko. Kritikak egon behar du eta argumentarioak ere bai. 140 karaktereena primerakoa da; ez da kabitzen argumentaziorik. Nik uste hausnarketa sakon bat behar dela, kode etiko bat behar dela, eta gauzek benetan bere lekuan egon behar dutela. Irla izan atera genuenetik orain arte, zer aldatu da? Zarata ikusi egiten dela. Lan berria aurkeztera joan nintzenerako, diskoa lehertuta zegoen toki denetatik. Erabat aldatu da dena.

Baina orain zuk ere Twitter kontua daukazu.
Bai, baina nik Twitterra daukat web orrialde bat egin dugulako. Nik uste bi gauza ezberdin direla; ez naiz hasiko beste baten diskoa zer iruditu zaidan esaten. Ez zait iruditzen lekua, ezta testuingurua ere.

Kritikaren zilegitasunaz hitz egiten ari garela, eta Feministaldian eman zenituen zantzuei lotuta, nabaritu duzu genero bereizketarik zuri egin dizkizuten kritiketan?
Bai. Badirudi emakumeak emakumeekin bakarrik izan gaitezkeela konparatuak. Gizonak, aldiz, edozeinekin. Egia esan, fin begiratzen duzunean azpian gordetako gauza piloa ateratzen da. Ez dakit oso ondo nire burua gai horretan nola kokatu; nik nire bidea egin dut eta errespetatua sentitu naiz. Eta egia esango dizut, alderdi hortatik, gehiago bizi izan dut zenbait diskurtso feministekin desidentifikazio bat, beste aldearekin baino.

Desidentifikazioa bizi izan baduzu, zenbait errealitate identifikatzeko gai izango zara.
Zenbait gauza aipatuko nituzke jendeak egiten dituela konturatu dadin. Adibidez, bost bat pertsonak esan didate dagoeneko: "joe, nik ez neukan Anari entzunda, baina nire neskak atsegin duenez entzuten hasi naiz, eta guay dago!". Hor azpian dagoena zera da: emakumeek atsegin dutena mutilek atsegin dutena baino txarragoa dela. Baina ez da soilik musika egiten duten emakumeekin gertatzen, berdina da idazten dutenekin edota zinemagintzan ari direnekin. Nire atzean lau gizon ditut…

Eta laurak zein taldetatik datozen jakinda, hitzok entzun behar izateak kontraesankorra dirudi.
Hori da. Eta emakumeak beti atzean egon behar dutela sinetsiarazten dute topikoak. Nire gizonek oso-oso gustura onartzen dute bigarren planoan egotea, are gehiago, oso ondo ulertzen dute, miresten naute, baloratzen naute eta ni oso baloratua sentitu naiz. Baita gizonezko askorengandik. Baina gero beste hori dena dago. Nire irudipena da bi disko gehiago behar izan ditudala nire belaunaldiko jendea baino, lekua berera heltzeko. Horretaz kontziente naiz.

Baina zenbaitetan ez gara genero bereizketa horietaz jabetzen, zenbait egoera irakurtzeko tresnak ematen dizkiguten arte.
Bai. Hori da azken urteetan egiten ari naizen ariketa. Beharrezkoa dela iruditzen zait. Dena delakoa egiten dugun emakume guztioi noizbait gertatuko zitzaizkigun halako egoerak: ekitaldi batean parte hartzeko deitzen zaituzte, eta zuk kristoren esperientzia izango duzu, kristoren lana egin duzulako, zure kredentzialak hor daude, baina alboan eserita izan ditzakezu hortik oso urrun dauden pertsonak. Eta baliteke esatea: "Deitu zaitugu ez-dakit-nork etortzerik ez zuelako". Eta konturatuko zara, alboan dituzun horiek euren kabuz daudela hor, eta zu, ordea, emakumea zarelako.

Anariren kuttunak


Toki bat: ibil daitekeen edozein. Nire disko eta bizitzan %20 eserita eginak dira baina beste %80 oinez.
Eguneko momentu bat: Goiza.
Usain bat? Belar moztu berria.
Soinu bat: Zure betiko etxeko zaratak. Gabonak izaten diren salbuespen egoeragatik, amaren etxean lotan geratzen zarenean entzuten dituzun zure bizitzako zarata hori. Zure bizitzako banda sonora.
Kanta bat: Mikel Laboa nire erditik pasata dago.
Pelikula bat: Ez naiz batere bidaizalea eta mundua ikusteko modua da niretzat. Beraz, mundua erakusten didan edozein.
Liburu bat: Aurrenekoz Ruperri  kantatuta entzun nion liburua; Bernardo Atxagaren Etiopia.