Ainhoa Lendinez: "Maitasunean kirolean baino askoz gehiago saiatzen naizela esango nuke"

Ainhoa Lendinez: "Maitasunean kirolean baino askoz gehiago saiatzen naizela esango nuke" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
elkarrizketa
Ainhoa Lendinez: "Maitasunean kirolean baino askoz gehiago saiatzen naizela esango nuke"
Ainhoa Lendinez Garate (Elgoibar, 1981) ‘Loramen’ izengoitiarekin da ezaguna. Hiru zaletasun nagusi ditu: euskara, kirola eta komunikazioa. Hala, ETB-ko informatiboetan gaurkotasunaz zein ‘Berria’ egunkarian kirola hizpide duela aurkituko dugu.


Sarritan ikusten zaitugu mikrofonoa eskuan hitz egiten. Kamara aurrean zarena bezain trebea al zara ligatzen?
Ez dut uste horren trebea naizenik mikrofonoarekin, eta ligatzen are gutxiago! Mikrofonoak urduri jartzen nau, eta gustuko pertsonak zer esanik ez. Dena den, amak beti esaten dit: "Bizitza ausartentzat da". Mikrofonoari heldu nion bezala, gustuko norbait egokitzen denean, hari ere heltzen saiatzen naiz.

Nola konkistatu behar da Ainhoa Lendinez?
Mendian eta euskaraz, esaterako, nahiko erraza da ‘Loramen’ konkistatzea.

Zerk pizten zaitu?
Laztanek pizten naute, eta baita hitzek eta dantzak ere. Duela ez asko, gustuko neukan pertsona bat begira neukala ohartu nintzen bat-batean, eta horrek ere pizten nauela konturatu naiz. Baina ororen gainetik neure irudimenak pizten nau; burua horretan ez badaukat, alferrik da nirekin saiatzea.

Eta zer ezin duzu jasan?
‘Jasan’ hitz gogorra da... baina lagunak beste pertsona batez hitz egitea, esaterako, ez zait asko gustatzen.

Nola hasiko zenuke gau bero perfektua?
Ez dago ezer perfekturik, eta aldi berean, gauak bezain perfektuak izan daitezke goizak edo arratsaldeak. Kontzertuak izugarri gustatzen zaizkit, negu partekoak batez ere, kanpoan hotz eta barruan bero denean. Mendian, bestalde, zoragarria da kanpoan euria denean, furgoneta barruan egotea.

Zein da egin dizuten sexu proposamenik harrigarriena?
Egia esan, gustuko pertsonarekin proposamenik arruntena ere harrigarri bihurtzen da niretzat, eta aldi berean, ez dut ezer harrigarririk behar. Naturak, dena den, mendiak zein itsasoak, gizakiaren zentzumen guztiak dantzarazten dituela ziurta dezaket.

Abenturazale amorratua zara. Norbait atsegin duzunean, kirolean bezainbeste ahalegintzen zara?
Maitasunean kirolean baino askoz gehiago saiatzen naizela esango nuke. Bizikleta hartzeko edo korrika ateratzeko, askotan sentitzen dut nagia; gustuko pertsonarekin egoteko, sekula ez.

Nolakoa zara distantzia motzetan?
Esprint betean bizi naiz, gelditu gabe, baina ez naiz oso azkarra distantzia motzetarako; mendia nahiago ditut distantzia luzeak. Aurrez aurrekoetan lotsatia naiz hasieran; gerora, ez horrenbeste.

Euskara eta euskal kultura biziki maite dituzu. Aukeran, eusko labela nahiago?
Bai, zalantzarik gabe. Izugarri gustatzen zaizkit sagardoa, gazta, trikitia eta abarkak. Euskaldunak kultur aniztasunaren alde gaude, ordea, eta Cervantesen hizkeran ere, Silvio Rodriguezen doinura, gustura egin izan dut dantza.