Uda gau bateko ametsa

Bai, udak ustekabean harrapatu zaitu. Mahuka luzeko jertsea janztetik armairutik txankletak ateratzera pasa zara egun batetik bestera. Egunez egun zeruari –ala mugikorreko app-ari– begira eguzki izpien bila ibili zara fotosintesia egiteko premiaz eta, konturatu orduko, bete-betean uda giroak atzeman zaitu oporretarako planik gabe. Ez larritu, esku artean duzun aldizkari honek denbora luzez gogoan izango duzun plana proposatuko dizu eta.

Ez bitan pentsatu, hartu Alaskarako hegaldi bat eta gozatu esploratu gabeko paisaia naturalez. Egunak emango dituzu izokina eta itsaski freskoak jaten. Eztarria freskatzeko glaziar urtuetatik ateratako ura edan dezakezu, “adituek” diotenez, betiereko gaztetasunaren sekretua baita!

Alaskako hondartza basatietan biluzik ibiltzea gozamena da. Naturarekin kontaktuan aske sentitzeko aukera ezin hobea duzu. Gainera, inguruan gorputz landutako igerilariak ibiltzen dira entrenatzen... Nork daki, horietako batekin topo eginez gero, oporretako bideo oroigarri bero bat grabatzeko proposamena egin diezazuke!

Fantasia erotikoak betetzeaz gain, uda garaia surf egite(n ikaste)ko aukera ona izan daiteke. Taula gainean zoazela, irratian behin eta berriz entzuten duzun abesti itsaskor horren leloa antzeman duzu. Hara, hortxe doa, olatuaren gandorrean.
 
Emozioz beteriko egunak igaro ostean, bada deskantsatzeko garaia. Gora begira lurrean etzanda, zeruak kolore horixka hartzen duela nabaritzen duzu bat-batean. Txori beltz andana batek zure ikuseremua zeharkatzen du eta malenkoniatsu sentiarazten zaitu. Itsasoaren kresal usaina betirako irautea nahiko zenuke. Lasai, irailean istorioz beteta ekarriko dugu motxila bueltan.