Txapel bakarrak ezin zortzi buru estali

Txapel bakarrak ezin zortzi buru estali

Erraza da txapelketa bat zenbakitara ekartzea: 43 bertsolari, 14 saio, 14 herri eta 7 probintzia. Saioko 15na bertso, errimako lau oin. Bina esku poltsikoak arakatzen, bina hanka hari gainean, bina begi barrura begira eta bina belarri ondokoari entzuteko. Baina bertsoa zaila da zenbaki bihurtzea: bertsolari bakoitzak du bere mundu-ikuskera, bere ideologia, bere ahotsa. Abenduaren 17an, Barakaldoko BECen, zortzi bertsolari aritu ziren egun osoz mundua hitz eta hitza mundu bilakatu nahian; nor beretik eta, aldi berean, elkarrekin kantatuaz. Egunaren bukaeran, ordea, buru bakarra estali zuen txapel beltzak.