Telesailen joko zelaia

Telesailen joko zelaia https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/telesailen-joko-zelaia/@@download/image/editoriala_243.jpg
2023/01/09

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Ilustrazioa: Rubén @ hyung86

Telesailen joko zelaia


KYXO ‘BURBUILA’

Donostiako Zinemaldian, azken urteotan, Antidisturbios, Patria, Dime quién soy, Inés del alma mía, Escen0, We are who we are, Apagón edota Fácil telesailak estreinatu dira besteak beste. Atzerago joanda, 2014. urtean P’tit Quinquin programatu zuten arren, 2017an Cannes-ek sekulako kolpea eman zuen mahai gainean, David Lynch-en Twin Peaks-en azken denboraldia proiektatu baitzuten bertan. Baina ez da bakarra izan jakina. Sundance entzutetsuan Jane Campionen Top of the lake eman zuten, adibidez; Austinen, Penny Dreadful, Silicon Valley eta Mr Robot-en lehen atalak eta Veneziako Mostran Alex de la Iglesiaren 30 monedas. Gero eta ohikoagoa da zinema jaialdi baten testuinguruan telesailak topatzea, baina formatu hau estreinatzeko habitatik aproposena ote den zalantzati nago.
Telesailekiko dugun pertzepzioa nabarmen hobetu den arren, kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da, oraingoz, jaialdi horien oihartzun bera sortuko duen serieen erreferentziazko jaialdi espezifikorik apenas dagoela. Geure inguruan ezagunena Gasteizen ospatzen den FesTVal izan liteke, baina telebista saioetan zentratzen da batik-bat eta ez da nazioarteko proposamenik ikusten ia. Ez da fikzioetan soilik espezializatutako lehiaketa eta telebista hartzen du bere osotasunean, informazio eta entretenimendu-formatuak barne. Euskal Herriko mugetatik harago, eta ez oso urrun, Bartzelonako Serielizados Fest edota Frantzian ospatzen diren Séries Mania eta CannesSeries aipatuko nituzke.
Jaialdi espezifikoak sortzeaz gain, oraingoz irekita dagoen bide bakarra Zinema Jaialdi handien barruko programazio zabalean txertatzea da. Baina hauek kontsumitzeko dugun moduagatik, eta batez ere jaialdi hauetan izaten duten trataeragatik –atal bat bakarrik ikusteak ez du zentzurik adibidez–, formula honi ez diot etorkizun handiegirik ikusten. Austin-eko SXSW-en egiten duten moduan, une honetan erdibideko formularik aproposena jaialdi hauetan sail berezi bat sortzea izango litzateke. Donostian Sail Ofiziala, Perlak edota Zinemira sailak dauden moduan, Telesailak saila sortzea adibidez.
Dena den, gustatu ala ez, sentsazioa daukat serieen joko zelaia plataforma digitalak eta telebista direla. Badirudi jaialdietan sartzearen ahalegin hori ez dela oso naturala izaten ari, eta pentsatu beharko genuke agian geure etxeko sofan kontsumitzeko sortuak izan direla eta ez zinemaldi baten testuinguruan.