Jaio.Lana.Bizitza.Hil


Anari ‘Denbora’

Jaio.Lana.Bizitza.Hil

“Gelditu, arnastu, entzun, sentitu. Itzali pilotu automatikoa, denbora badoa”. @amettts erabiltzaileari Twitterren irakurri nion esaldi hori Pantaila Txikian atalean gomendatu dudan Severance telesaila ikusten hasi nintzen egun berean irakurri nuen. “Bizitzeko lan egiten dugu ala lan egiteko bizi gara?”. Askotan entzun eta irakurri dugun galdera da, jakina, baina zeure buruari egin al diozu galdera hori sekula?

Lantokia gure egunerokotasunaren zati oso altua xurgatzeko gune bihurtzen den gizartean bizi gara; lana eta horren inguruan sor daitezkeen arazo guztiak barne, jakina.
Lanarekiko adikzioa errealitate bat da, iazko konfinamenduaren ondoren konturatu gara lana dela gure egunerokoan aktibo jarraitzeko zutabe nagusietako bat. Arazoa da estresaren eta desoreka mentalaren foku bihurtzen denean, askok inkontzienteki jasan dezakeguna.
Hau ez da aitorpen pertsonala. Tira, aitorpen bat egin beharko banu, nire lana oso gustura eta pozik egiten dudala esango nizuke. Are gehiago, orain ia bost urte GAZTEZULOko lantaldean sartu nintzen unean nire bizitza zeharo aldatu dela ere gehituko nuke –onerako jakina–. Hausnarketa txiki hau, beraz, lanean sortzen diren buruhauste horiek bizitza pertsonalera etengabe eramatearen joerarekin dago lotua. Badirudi, pertsona baten bizitza sozialean, lana eta horren inguruan dauden arazo guztiak nagusitzen direla. Bakoitzaren bizitza pertsonala gehitu behar zaio horri (familia, zaintza,lagunak, aisialdia…). Azken finean, lanez, estresez betetako bizitza dugula ondoriozta daiteke, non gizabanako bakoitzaren rolean, alderdi soziala eta sentimentala desagertzen ari diren. Lanarekiko mendekotasunak ondorio larriak dakartza, eta arazo hori zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta gehiago ordaintzen da. Lehenago ala geroago, lan-bizitza desagertu egiten delako, baina arazo psikologikoak zein fisikoak hor geratzen dira. Zure lana maite baduzu, saiatu ahalik eta ongien egiten eta disfrutatzen, baina gogoratu hortik kanpoko bizitza duzula. Askatu arazo horiek behar duzun guztietan, jakina, ez dut nik kontrakorik esango, bakoitzaren osasun mentala zaintzea lehentasuna izan dadila, baina erlatibizatzen jakin behar da. Lan-arloko arazoek ez dezatela zeure familiako edota lagunarteko giroa etengabe zapuztu eta behar diren neurrian soilik eraman eremu horietara.  
Ene, ze hausnarketa sakonak sortzen diren nire barnean txio bat irakurri eta telesail bat ikusteagatik soilik, ezta? Imajinatu zer gertatuko den liburu bat irakurtzen dudanean…
Esandakoa; gelditu, arnastu, entzun, sentitu. Itzali pilotu automatikoa, denbora badoa.
Zaindu zaitezte!