Ez zara inoiz bakarrik ibiliko

Kirolak gizartean duen pisuaren isla, zinemaren baitan ia genero bihurtzeraino ugaritu dira ariketa fisikoa oinarri duten filmak. Norbere burua gainditzeko ahaleginez edo talde-epikaz betetako istorioak dira, baina… nortzuk dira protagonistak? Non daude emakumeak?
Emakumearen irudia eta presentzia zinemarekin lotzen ditugun bakoitzean, lotsarazteko moduko datuak aurkitzen ditugu, baina datu horiek larriak eta lotsagarriak direla pentsatzen baduzu, atzekoz aurrera eroriko zara, emakumeek egindako kirola zineman nola tratatu duten ikusten duzuenean. Tira, tratatu, tratatu… gehiegi esatea litzateke, zazpigarren artearen ustez, existitu ere ez delako egiten. “Baina arazo berbera komunikabideetan ere ageri da”, pentsatuko duzu. Jakina, baina horrek ez luke zertan filmen sormen prozesuan eragin behar. Independenteki funtzionatu beharko lukete eta mahai gainean kolpe bat emanez emakumeen presentzia kirolean goraipatu, komunikabideetan gertatzen denetik aldenduz. Imajinatuko duzuen bezala, errealitatea, tamalez, oso bestelakoa da. Gaur egun ere matxista izaten jarraitzen duen zazpigarren arteak nola erretratatu duen hau guztia? Oso modu petralean.
Kirola-zinema-emakumea uztartzen dituen datu edo estatistika zehatzik existitzen ez denez, eta itsu-itsuan ez ibiltzearren, proba txiki bat egitea proposatzen dizut. Sar zaitezte www.filmaffinity.com webgunera –IMDB-rekin batera interneten dagoen filmei buruzko datu-baserik handienetakoa– eta saiatu kirola gai nagusi duten filmen zerrenda bilatzen. 1.636 izenburu ageri dira. Bigarren postuan Clint Eastwooden Million Dollar Baby. Hillary Swank protagonista duela, emakume boxeolari bati buruzko film zoragarria. Hortik aurrera, kilker soinuak. Animatzaile eta nerabeentzat zuzenduriko institutuko film kaxkarrak alde batera utzita, %10ean bakarrik ageri dira emakume kirolariak.
Egia da, Hollywood klasikoarekin alderatuz irudia garatzen joan dela, baina funtsean, joera penagarri hau ez da batere aldatu. Zinemaren eragina oso handia da gaur egungo gizartean eta kirol femeninoari istorio gehiago eskainiko balitzaizkio, gizartearen pentsaera aldatzen joango litzateke. Eta batez ere, emakumearen benetako irudia islatuz eta kontzepzio ez sexista zabalduz, baliteke komunikabideetan ere presentzia handitzea. Orain aste batzuk Realeko neskek lortutako balentria ez al da denok harro sentitzeko modukoa? GAZTEZULOren esku badago behintzat, jakin ezazu ez direla inoiz bakarrik ibiliko, eta horien eredu dira, Ainhoa Sánchez, Ianire Elorriaga, Eneritz Borinaga, Miriam Imaz, Ibone Sanchez, Laia Sanz, Itziar Zabala, Irene Paredes eta zenbaki honetako Patri Espinar besteak beste.