Artea lubakietatik

Underground kultura, korronte ofizial eta komertzialaren sareetatik at kokatzen den kultura ekintzari deritzo. Hitz hau sorreran, erregimen errepresiboen aurkako erresistentzia mugimenduak definitzeko erabiltzen hasi zen arren, 1953. urtean, adjektiboa azpikulturari lotzen hasi zen lehen aldiz eta 60ko hamarkadatik aurrera beat belaunaldia, mod kultura, hippyak, punk-a, grunge-a, heavy-a edota hip-hop-a bezalako azpikulturekin lotu izan da.

Baina hitz hau, sarritan, artea esplotatzen duten enpresa guztietatik at kokatzen diren artistak definitzeko ere erabili ohi da. Korronte komertzialetatik kanpo geratzen direnak, eta beraien ideia eta printzipioak, parametro ekonomikoen gainetik jartzen dituztenak. Horietako bat aurretik dituzun orrialdeetan ezagutuko duzun Iñaki Ziarrusta da; ziurrenik GAZTEZULOn nagoenetik izan dudan aurkikuntzarik handienetakoa.

Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, bat-batean, musikari izan nahi duen gazte baten istorioa kontatzen duen Frank (2014, Lenny Abrahamson) filma etorri zait burura. Gaztea, musika talde eszentriko baten kide berrian bihurtuko da. Talde horren liderra ordea, paperezko buru erraldoi baten azpian ezkutatzen den Frank izeneko tipo misteriotsu eta enigmatikoa da. Kasu honetan, eromena, ibilbide profesional “normal” bat gauzatzeko traba bezala aurkezten da –erreferentzia nabarmenak Daniel Johnston eta Captain Beefheart– eta batez ere ospea eta ikuslearen onarpena lortzeko obsesioaren mugak non kokatzen ditugun. Espektakuluaren mundua azken finean, maskara joko bat delako. Zein puntutaraino jantzi behar dugu mozorro hori ahalik eta pertsona gehienen onarpena lortzeko ala maskara hori suntsitu eta gure printzipioei uko egin gabe gu geu izaten jarraitzeko.

Beraien artea lubakietatik zabaltzeko gai (izan) diren izen ugari aipatuko nituzke, baina lerro hauei amaiera emateko zinegile eta artista euskaldun bat nabarmendu nahiko nuke: Laida Lertxundi (Bilbo, 1981). Goraipatzekoa eta meritu handikoa da artista honen ibilbidea eta lana. Baina nabarmentzekoa da, bereziki, Los Angeles hirian bizi den arren, zinema ulertzeko eta sentitzeko duen berezko estilo horri erabat zintzoa izaten jarraitzea. Kutsakorrak izan ohi diren Hollywoodeko haize horiek, ez baitute bere ibilbidea okertu. Askok, zinematik baino, artetik gertuago dagoela dioten arren, ez al luke zinemak ere artea izan behar? Ala zinema ez da jada arte moduan ikusten? Zer da artea eta zer ez?