Zuzeneko arteen zirkuituan parte hartu nahi?

Musika Bulegoak zuzeneko arteen zirkuitu bat antolatu du eta bertan parte hartzeko deialdia zabalik da.

“EAE ez da Covid-19 pandemiatik libratu. Pandemia horrek aurrekaririk gabeko osasun-krisia eta hartutako babes-neurrien ondoriozko krisi ekonomikoa eragin ditu mundu osoan. Neurri horiek eragina izan dute bizitza sozial eta ekonomikoaren eremu guztietan, eta zuzeneko arteen sektorean dituzten ondorioak bereziki kezkagarriak dira” dio Musika Bulegoak. Hori dela eta musikaren zein arte eszenikoen sektoreko sormen-sareari eusten lagundu nahi dio hauen jarduna eta jarduera bermatzeko helburuarekin. Hori dela eta jaio da zuzeneko arteen zirkuitu berezi hau. 

Zirkuitu honen ezaugarri nagusiak (parte hartzeko baldintzak, finantzaketa, eskabideen hautaketa …) erantsitako araudian jasota daude.

Zirkuitua antolatu aurretik, Musika Bulegoak EAEko Zuzeneko Arteen Zirkuitu Bereziaren Katalogoan sartzeko proposamenak jasotzeko epea ireki du. Epe hori urriaren 25era arte egongo da zabalik, eta honekin batera formularioa bete beharko da. Musika proposamenak info@musikabulegoa.eus helbidera bidali beharko dira eta arte eszenikoen proposamenak sarea@ikerpartners.com helbidera. Jaso ondoren, eta araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Zirkuituaren Katalogoan sartuko dira.

Zirkuituaren katalogoa EAEko Antzoki Sareako eta Musika Bulegoko kide diren espazio guztietara bidaliko da, eta gune horiek egiten dituzten proposamenekin osatu ahal izango da, betiere araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.